Kosta egiten zaio bati bere bizitzari buruz idaztea. Jendaurrean barruak biluztea bezalakoxea da. Norberaren ama hiltzen denean ordea, berari buruz idazteko obligazioa sentitzen du batek.
Gure amak asko sufritu du bere bizitzan zehar. Sasoi onak ere ezagutu ditu eta ilusioz betetako uneak ere bai, baina penak eta minak txikitatik hurbildu zitzaizkion, beste batzuk zoriontsu diren adinean. Hamar urte zituela gerra ezagutu zuen eta milizianoek bere aita eta bi osaba etxetik nola ateratzen zituzten ikusi zuen. Jaiotetxea utzi eta beste baserri batzuetan ezkutatuta egotea zer den ere probatu zuen. Bi osabak ez zituen gehiago ikusi Larrinagako espetxean akabatu zituztelako. Aita bueltan etorri zitzaion. Suertea izan zuen eta jo zuen balak ez zuen hil. Amaren aitona karlista omen zen biztanleria erdia karlista zen herri batean. Hori izan zen bekatua. Aitona etxean aurkitu ez eta seme bi eta zuina eraman zituzten milizianoek. Gerran alde guztiek egiten dituzte gehiegikeriak. Horregatik dira gerrak.
Gerra ondorenak ere ezagutu zituen bere belaunaldi osoari egokitu zitzaion bezala. Ezkondu zen eta betik alaba bat desiratu izan zuen arren, bost mutil eman zizkion naturak. Seigarren mutil bat bidean galdu zuen. Bost semeak hazi eta hezi behar, baina Goi mailako Eskolak ematea ez zen orduan hain erreza. Zela edo hala lortu zuen bere ametsa hamaika estutasun pasa ondoren.
Seme zaharrenek ikasketak amaitu eta lanean hasi zirenean etorri zitzaizkion sasoi onenak, eta seme gazteena oraindik ume txikia zela, bizitzaz disfrutatzen hasteko tarte bat izan zuen. Lehen bilobak etorri zitzaizkion, eta gauzak zer diren, hiru neska eta mutil bat izan zituen lehenengo.
Geroago, duela hamazazpi urte, senarra gaixotu zitzaion. Handik gutxira, duela ia hamabost urte, iktus batek aulki gurpildun batera lotu zuen betiko. Gorputzaren preso pasatu ditu urte hauek guztiak. Azken urteetan beste biloba batek eta birbiloba batek (biak neskak) piztu zizkioten ilusioak eta bizi nahia. Eurentzat bizi zen.
Hil honen hemeretzian deitu zuen Jaungoikoak bere ondora. Horrela esaten dute fededunek eta bera fededuna zen. Asko sufritu du eta bere sufrimendua beste batzuekin partekatu du ezinezkoa baita hainbeste sufritzen duenak ingurukoak bere sufrimendutik aske mantentzea. Jakina bizitzaz disfrutatzen ere jakin izan duela, baina sufrimendu fisiko eta psikikoak gupida gabe zigortu zuten azken urteetan.
Ez da bakarra noski. Adinarekin, gaztetan ez bezala, jende asko ikusten duzu sufritzen zure inguruan. Lagunak, familia artekoak, edo ezagunak besterik gabe. Sufrimendua bidegabe banatzen da. Batzuei asko tokatzen zaie zozketan; beste batzuei ezer ez. Gure amari dezente egokitu zitzaion. Aitari ere bai. Euren belaunaldiari egokitu zitzaizkionak gehi propioak. Azken urteotan partekatu dugun sufrimendutik aske gara orain. Bidean hainbat oroitzapen geratu dira. Denak ez dira onak. Muturreko egoera batzuetan norberak nerbioak galdu izanak ondo eginaren balantza zamatzen du.
Ahaztu egiten zaigu zer den horrelako egoera batean bizitzea. Ezin dugu gureganatu fisikoki ezertarako ez den pertsonaren sufrimendua, eta batzuetan ez gara iristen ulertzera une horretan maitasuna dela eskatzen duena. Saiatu gara bere ondoan egoten azken hamabost urteetan baina seguru batzuetan ez dugula asmatu. Ez gara perfektuak.
Etorkizunari begira jartzea egokitzen zaigu orain. Gure bizitzan ordu asko kendu digun zaintza eginkizunetik libre gara. Egoera berrira egokitu beharra dugu eta seguru egiten garela, baina segurua da ere zerbait faltan botako dugula, egoera berrira ohitu arte eta denborak iraganaren arrastoak ezabatu arte.