Lau t´erdiko finala hastear dago eta butakan eseri naiz zirraragarria dirudien partida ikusteko asmoarekin. Ez dut plan hoberik aurkitu larunbat iluntzerako. ETB sat-en saskibaloi partida bizi bat ari dira ematen Ilunbetik. Unicajakoek aurrera egin dute markagailuan arbitroen laguntzarekin. Horrela ulertzen dute behintzat Ilunbeko ikusleek, eta baita neuk ere nire jarlekutik zaleen txistu eta orroek kutsatuta.
Ezin biak batera ikusi eta tarteka ETB1era jotzen dut berehala saskibaloikora itzultzeko kirol zapinga eginaz. Magia kontua behar du, baina markagailua parekatzea lortu duten gureek.
Berriro pilotara Mz. De Irujo agintzen hasi da, baina Aimarren huts bati beste batekin erantzuten dio Juanek. Hala ere gehiago dira oraingoz Aimarren hutsak.
Gipuzkoa Basketek aurrea hartu dio Unicajari eta amaiera bero baten eskaintzari ezin uko egin. Katetik katera keinuka, biekin batera jokatzen dut saskibaloiari kasu gehiago eginaz orain.
Amaitu da partida gureen garaipenarekin. Zoramena Ilunben. Kazetariak Doblasi egin nahi dio elkarrizketa, eta nire harridurarako ea euskaraz ausartuko den galdetzen dio pibot kantabriarrari. Galderak euskaraz egiteko erantzuten dio eta horrela hasten dira. Kazetariak euskaraz digante kantabriarrak gazteleraz. Eta kanpotarra euskara ikasten saiatzen ari dela ikusirik, burura datorkit sasoi batean pilotalekutan ikusten genituen pilotari euskaldun bik, euskara transmititzeari uko egin, eta gaur beren seme pilotari erdaldunak pilotalekutan ikusten ditugula eskerrik asko edo gabon triste bat esateko gai ere ez direla, edo are okerrago, jarrera konsziente batez euskaraz hitz egiteari eta jakiteari uko egiten diotela ez dakit zeren izenean.
Azkeneko galdera egin behar diote Doblasi eta unea nola bizi duen galdetu dio kazetariak. Asko, asko pozik nago erantzun dio Doblasek.
Handia! Behin egonda nago Ilunben duela urte dezente. Granadaren aurkako partida bat zela uste dut. Andy Handia! Irakur zitekeen pankarta batean Andy Panko aipatuz. Doblas Handia! atera zitzaidan. Lehen mailako jokalari kantabriarra kazetariari galderak euskaraz egiteko gonbitea eginaz eta ahal duenean ahal duen moduan euskaraz erantzunaz.
Eta pentsatzen dut ostikoka ibilitako txakurrak baino gutxiago behar izaten dugula euskaldunok gustura egoteko. Gure hizkuntzarekiko, eta beraz gurekiko, errespetuzko jarrera sotilena aski dugula solaskidea miretsi eta txalotzeko. Horrela izanda ere, eskerrik asko Doblas.