Goienak noizean behin artikulu labur bat idazteko eskatzen digu langileei. Duela urte t´erdi zabor bilketa sistemei buruz artikulu hau idatzi nuen ostiraleko ale batean, herritar bezala zuzenean eragiten zidan gaia delako.
Iritzia argitaratu eta gutxira Oñatiko Zero Zabor taldeko kide baten mezu elektronikoa jaso nuen nirekin biltzea “erabaki” zutela esanaz. Berari eta beste bati azaldu nien emailez eta telefonoz bilera beharrik ez nuela ikusten, libre zirela nahi zuten hedabideetan eta moduan euren iritzia azaltzeko nik neurearekin egin nuen bezala, gizarte demokratiko batean arrazoizko jokamoldea hori delako hain zuzen. Gainera ez zela nire asmoa inorekin gaiaz eztabaidatzea, herritar soil baten kezkak eta iritzia azaltzea baino.
Ez nintzen eurekin bilduko, ez eginda enpresa bera kaltetzen nuela pentsatu izan ez banu. Hiru etorri ziren nik iritzi hori kaleratu izana kritikatuz eta gaiari buruz ez idazteko eskatuz. Hiruretako bat urrutirago joan zen eta kontuak eskatu zizkidan kolaboratzaile batek zutabe bat zuelako Goienako prentsako alean.
Ez zen une gozoa izan eta isiltzea erabaki nuen.
Gaur, zaborrak biltzeko sistemak herrian aldatuta daudela eta talde hau zaborrak biltzeko sistemen etikari buruz aho bete hortz hitz egiten ari dela ikusirik, desberdin pentsatzen duena isil araztearen etikaz gogoeta egitera gonbidatu nahi ditut.
Eztabaidagarria da hedabide bateko zuzendariak zuzentzen duen hedabidean kolaboratzea egokia den ala ez. Goienan eztabaidatu dugu honetaz, baina edozeinen ekarpenak aberasgarriak izan daitezkeela iritzita pluraltasuna aberasgarria delako, kazetari eta zuzendariei ere tarteka iritzi artikulu bat eskatzeko ohitura dago. Jakina, idazleak muga batzuk gorde beharra dauka, alderdikerietan ez erortzea kasu.
Orduan isiltzea erabaki nuen polemikarik ez sortzeko, baina iruditzen zait desberdin pentsatzen duena isil arazteko aitzakia bila ibiltzea ez dela onargarria eta horrelako gertaerak ezin direla ezkutatu gertatu izan ez balira bezala. Lau pareten artean egin zutena publikoki egitea zatekeen jokamolde demokratikoena nire iritziz.
Inork usteko balu nire iritzia biziatuta dagoela bi ohartxo. Goienan zuzendari izan naizen denboran (Hilabete batzuk dira dagoeneko ez naizela) ez dut inoiz ardura editorialik izan eta ez naiz inoiz erredakzio kontseiluko partaide izan. Zabor bilketa selektiboari buruz dudan iritziaz berriz, argazkian daukazue Mankomunitateko teknikoak duela urte dezentetik hona egiten dudan konposta ikuskatzera etorri zenean idatzi zuena: Segi horrela oso ondo doa eta.
A! eta fondoari dagokionez nire iritzia gutxi aldatu da.