Zabor bilketa sistemak eta beste batzuk

Zerbait ari da mugitzen Sortu eta Bilduren munduan. Atez atekoaren inguruan gertatzen ari diren jarrera aldaketak mugimendu horien isla dira.

Atez atekoa lehenesten duen arren koalizioak beste eredu batzuen alde ere egingo duela gaika %70 baino gehiago biltzen bada esate hutsa, pentsa ezina zen duela hamabost egun.

Jarrera aldaketa hori onuragarria da herritar guztientzat eta baita gaiarekin aspertzen hasita zeuden Bilduzaleentzat. Horietakoak ere badaude eta.

Nire buruari galdetzen diot ea aldaketa horrek  Arnaldo Otegik azkenaldian bi une garrantzitsutan esandakoekin loturarik ote duen. Hemen uzten ditut esandakoak.

Sorturen Batzar eratzaileari igorritako gutunean:

Estrategia berriak gure mentalitatearen iraultza ere eskatzen du, gure jardun politikoan hitz egin, konbentzitu, antolatu eta borroka egin behar dugu. Dena batera. Fase honetan kontsigna gutxiago eta argudio gehiago behar ditugulako, parte-hartzea ardatza delako, autokonplazentzia gutxiago eta autokritika eta antolakuntza askoz gehiago behar ditugulako 

Eta Gernika Bakearen eta Adiskidetzearen aldeko Sariak ekitaldira igorritakoan:

Halere neuretzat daukat eginiko bideak irakaspen ugariak utzi dizkigula aurrera egiteko: besteak beste Politika herri zerbitzuan egiteko handira jokatu eta HIZKI HANDIZ egin behar dela eta beraz alderdikeriak , sektarismoak, boto lehiak… albo batean utzi eta HERRI BORONDATEARI eman behar zaiola bide… ez dagolako inor eta ezer HERRIA baino garrantzitxuagorik… eta herria lagunok ez dute osatzen gu bezala pentsatzen dutenek, gu bezala pentsatzen ez dutenak ere dira herria, dira Euskal Herria.

 

Azpimarratuak nireak dira. Hor geratzen dira testu hauek norberak bere ondorioak atera ditzan.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude