Egun hauetan hotzaldi bat
igarotzen ari da gure lurraldea. Elurra, izotza, tenperatura
hotzak… ohikoak izaten dira gure geografian garai honetan.
Horregatik Oñatiko Beteranoen Herriko Futbol Txapelketako partiduak
bertan behera gelditu dira.
Harrituta hartu nuen atzo
berria ez nuelako espero. Nork erabaki du? Zergatik erabaki du?
Arrazoia pairatzen dugun eguraldia baldin bada, erabakia ezin dut
zuzentzat hartu. Badirudi erakundeen artean psikosi moduko bat
zabaldu dela iazko urtarrilean haur batzuk zendu zirenetik Sant Boi
herriko kiroldegi batean. Eguraldi txarraren ondorioz aterpera joan
ziren haurrak eta honek ezin izan zituen haizete indartsuak jasan.
Eraikina behera etorri zen eta guztiok dakigu zeintzuk izan ziren
ondorioak. Hori kontuan izanda gero eta maizago gelditzen dira
asteburutako kirol programak bertan behera.
Ez zait gaizki iruditzen
asteburutako eskola kirolen eta kirol jarduerak bertan behera
gelditzea arriskua baldin badago pertsonen osasunean (adibidez kirol
jarduerek desplazamendu bat derrigortzen baldin badute).
Esperientziak argi uzten dit lehenengo bizitza dela eta bigarren
maila batean kirola dagoela. Baina kontutan izanda Herriko futbol
txapelketari buruz ari garela hitz egiten eta parte hartzaileak
gehienak herritarrak direla eta Azkoaingo zelaira oinez hurbildu
daitekeela edonor erabakia gehiegitzat dela iruditzen zait.
Honekin esan nahi dudana da
lehen Ibarran jokatzen zenean, ziur egoera okerragoetan bizi izan
ditugula beteranoen partiduak. Gogoratzen naiz behin zelaiko gune bat
izotz plakak zituela baina horregatik ez zen atzeratu partida bat
bera ere ez. Beraz gogoeta hauek egin ostean iruditzen zait faktore
asko kontutan izanda azken urteetan akomodatu egin garela eta
eguraldi txarrarekin (edo egoera klimatikoak ez dutenean laguntzen
kirol jarduerak ospatzera) birritan pentsatzen ditugula gauzak
orokorrean kalera irten baino lehenago.