Pasa den aste bukaera oso ona izan zen
niretzat. Oso ongi pasa nuen eta gauza asko ikasi nituen.
Larunbatean Amurrion izan nintzen. AVAFIEP
elkarteak antolatu zuen atletismo jardunaldian. Bertan izan ziren Martin Fiz,
Marta Mendia, Manolo Martinez eta Purificacion Santamarta besteak beste.
Gauza asko ikasi nituen atleta hauengatik,
bakoitzak bere esparruan. Martinek maratoiari buruz hitz egin zigun, Martak
saltoei buruz, Manolok indarrari buruzko hitzaldi txiki bat eman zuen (pare bat
bideo ikusgarrirekin) eta Purik bere kemena eta adorea erakutsi zigun,
paralinpiar atleta baten ikusten ez dugun aldea.
Beste bi pertsona ere izan ziren, hauek ez oso
ezagunak beraien lana ez baita ikusten. Bata Pablo Mas izan zen, Amurrioko
atletismo eskolako zuzendaria eta bestea Victor Clemente, Arabako federazioko
zuzendari teknikoa. Lehenengoak atletismo eskola bat nola sortu herri txiki
batean eta horrek dakartzan arazoei buruz hitz egin zigun eta bigarrenak nola
jorratu atleta bat.
Esandakoa, gauza asko ikasi nituen eta
eskertzekoa da antolatzaileek egindakoa dena ongi ateratzeko. Hamarretan hasi
ginen eta zortzi erdiak pasata bukatu genuen, egun luzea izan arren oso
entretenigarria iruditu zitzaidan.
Ea datorren urtean antzerako zerbait egiten
den. Gustura bueltatuko nintzateke Amurrioko antzokira (hamar mila biztanleko
herri batentzat oso antzoki ona dela deritzot).
Igandea ere izugarria izan zen. Askok
dakizuenez Fernando Alonsoren jarraitzailea naiz. Orain arte bera izan da bakarra
goizean goiz jaikitzeko gai izan dena. Australiako sari nagusian goizeko
bostetan altxatu nintzen bera ikustera eta igande honetan antzerakoa gertatu
da, goizeko seiak eta laurdenetan telebistari begira nengoen.
Emaitza honezkero askok jakingo duzue. Alonso
garaile eta munduko txapelketan bigarren doana, Michael Schumacher alemaniarrak
motorra apurtu zuen. Hau da, 22an Alonsok puntuatuz edo ez badu puntuatzen eta
Michael-ek irabazi ez, bigarrengoz jarraian asturiarra munduko txapeldun. Azkar
esaten da hori.
Goizeko momenturik onena, zortziak eta
bostetan. Alemaniarraren kotxe gorritik ke zuria ikusi nionean. Sinestezina
zen. Bazirudien orain dela bi aste dena galduta zegoela eta Michael-ek eskura
zeukala bere zortzigarren txapelketa, eta momentu batean nola aldatzen den dena.
Nik banituen nire itxaropenak, Txinako saritik
asko jaitsi zitzaidanak (mundu guztiari bezala) baina ez nuen espero emaitza
hori. Lehenengo sari nagusitik nire itxaropen guztiak jarri nituen Alonsorengan
eta ez dut amore eman.
Datorren urtean ere, lehenengo sari nagusia
hasi baino lehenago apustu egingo dut Alonsok irabaziko duela bat formulako
munduko txapelketa, McLaren taldean ariko da. Espero dut hirugarren munduko
txapelketarengatik borrokatzea, eta ez bigarrena.
Pozez betea abiatu nintzen Gasteizera. Eta
oraindik igandea ez zen bukatu. Gabean Cuatro katean House telesailari buruzko
berezi bat bota behar zuten: House unplugged.
Gustuko dut telesail hori. Barre asko egiten ditut hori ikusten eta
orain orduak kontatzen ari naiz igandea iristeko eta bigarren denboraldiaren bukaera
berriro hasteko irrikaz nago.