Etiketaren artxiboa: gabonak

Eguberria igarotzeko beste erak

 

Gaurko eguna berezia da. Egunkaria erosi ezin duzun eguna derrigorrean berezia izan behar du. Nola igaroko dugun galdetzen digute askok gure inguruan (eta ez soilik inguruan, aurpegi-liburuan izena emanda baduzue ikus dezakezue komunikabide ezberdinek galdera hori egingo dutela).


Zorionez anormaltzat* diren egoera ugari egoten dira egun honen inguruan. Urteak aurrera egin ahal zantzu erlijiosoa galtzen doa Gabonetako festen inguruan (urtetik urtera sinestun kopurua jaitsiz doa eta hori nabaritu egiten da). Baditut lagun batzuk horrela pentsatzen dutenak eta hala ere aipatzen dute ondo pasatzen dutela.


Beste egoera anormalak gaurko egunean lan egin behar dutenak izaten dira. Ezin dugu ukatu. Hamaika zerbitzu daude eguneroko bizitza normaltasunarekin jarraitzeko: ospitaleetan, autopistetako ordainsarietan, komunikabideetan, anbulantzietan, suhiltzaileetan eta abar luze batean lan egiten duten gizon emakumeak. Gainera zenbait tokitan sorpresa pozgarriak aurki ditzakezu eta adibidez gaur goizean Oñatin herriko irratia entzuteko aukera izan dugu. Ohitura bilakatu da eta oñatiarrok badakigu urtero abenduko herriko aldizkaria jasotzean programa honen berri emango digutela. Bi ordu oñatiarren egun honen gorabeherak entzuten: etxe desberdinetara joan eta Olentzerok zer utzi duen aipatuz, herriko farmaziara joan jakiteko ea zer nolako jende mugimendu egon den, eta beste hainbeste gauza egin dituzte.


Gustatuko litzaidake aipatzea azken egoera edo zeregin anormal bat egun honetan: kirola egitea. Aurten ez naiz animatu goizean jaiki eta ariketa fisiko pixka bat egitera (baina beste gauza batzuk egin ditut horren ordainez). Orain dela bi urte Kontxako hondartzara hurbildu nintzen igeri egitera eta badakit aurten txapelketa txiki bat ere antolatu dutela. Eta igeriketatik aparte, korrika lasterketaren bat ere egon da.(Getxon eta Iparraldean). Beraz, datorren urtera begira, espero dut etxean ez gelditzea eta kalera irtetea.


Besterik gabe, gogoeta txiki hauen ostean, oporrak dituzuenok igaro egun on batzuk. Ondo amaitu urtea eta ea hobeto hasten duzuen.


**BTR**


*Anormal hitza aipatu dut egun hauetan zehar komunikabide handiek saldu digutena da eguberriak familian ospatu behar dela, mahai baten inguruan, izugarrizko afaria eta janaria montatuz, derrigorrean Olentzerok zerbait jaitsi behar du menditik horrek suposatzen duen kontsumismo mugagabearen defentsa sustatuz… Baina aipatu bezala gauzak aldatuz doaz 😉

Andaluziarekin amesten


Chambao taldeko La Marik
esaten duen bezala nire sentsazioengatik utziko naiz joaten gaur
pixka bat. Jarraian kontatuko dizuet orain dela urte batzuk piztu
zitzaidan amets bat.

Orain dela urte batzuk nire
aitak edo nire koinatuak garai hauek hurbil zeudelarik familia
Andaluziara joateko proposamena egin zuen, edo gutxienez ideia hori
begi onez ikusi zen. Han etxe bat alokatu eta guztion artean
autogestioa gauzatuz opor on batzuk pasa. Orduan hasi zen nire burua
gauzak imajinatzen.

Kostan etxe bat imajinatu
nuen. Hirigintza gehiegi ez dagoen lekuren bat (hori existitzen bada
gutxienez Andaluziako kostaldean). Bertan eguraldi onargarria egingo
zuena, hotza baina aldi berean zeru urdin eta eguzkitsua. Goizero
iratzarri egingo nintzela eta balkoira irtendakoan itsasoa ikusi
haize freskoak aurpegian jotzen zidan bitartean. Gosaldu, goizean
zehar ariketa fisikoa egin ostean bazkaldu guztiok batera, siesta
bota eta arratsaldean edozein gauzetarako aprobetxatu: liburu on bat
irakurtzeko, zerbait idatzi, musika entzun…

Ametsak baina ametsak dira
soilik eta batzuetan denbora luzaroan amets izaten jarraituko dute
izaten. Ziur nago ez naizela bakarra horrelako oporrak imajinatu
dituena.

Urte berri on!!!

Urte berri on guztioi!!!

Aurtengo urtea inoiz baino hobeto hasi dut.
Hasteko 31ko arratsaldean Oñatiko San Silvestrean parte hartu nuen, hemen
aipatu bezala.
Azkenean koinatuak ez zuen parte hartu baina nire aitak bai. Nahiko
denbora polita irten zitzaidan, 33 min eta 45 segundo inguru. 03:58ra
kilometroa. Aitak ere ondo bukatu zuen, azkenengo kilometroan lagundu nion eta
uste zuena baino denbora hobeagoa egin zuen. Horren ondoren afaria eta festa,
egun ona zalantza izpirik gabe.

Orain hemen nago ordenagailu aurrean zuei
idazten urte berria zoriontzeko eta aurtengo proposamenak ea berriro ere
errealitate egiten ditudan.

Hori da guztia, zorionak urte berriarengatik
eta ondo bukatu oporrak (oporrak zaudetenoi oraindik) eta lanera itzuli
zaretenoi animuak eman besterik ezin dut egin.

San Silvestrea urtea amaitzeko

Zer hobeagorik ongietorria emateko 2008ri
kirola eginez baino? Zer hobeagorik anbiente berezi batean murgiltzea baino
hamabiak izan baino sei ordu lehenago? Horregatik eta arrazoi gehiagorengatik
animatu San Silvestre 2007 ixa 2008an parte hartzen!!!

Etxe honetatik aurten historia egingo dugu.
Lehenengo aldiz hiru pertsonek hartuko dugu parte: Cayetano Perez, Joxemi
Elizburu eta zerbitzari bat. Datorren urtean agian kupoa laura igo beharko dugu
Mario Elizburu Perezerekin, baina oraindik 2008ko edizioa urrun dagoenez, 366
egun falta dira, zentratu gaitezen aurtengoan.

Gaur arratsaldean Oñatiko kaleetan atletismoa
usainduko da eta ez da faltako giro ezin hobea herriko enparantzan. Lehenengo
txikien lasterketekin eta ondoren nagusienarekin.

Beraz blog honetatik, interneteko txoko txiki
honetatik, animatzen zaituztet parte hartzera edo hurbiltzea animatzera, zuen animuak
berotu egiten dituztelako parte hartzaileak.

Urte berri on!!!

Urte berri on  guztioi!!! Blogari eta irakurle orori 2007 urte zoriontsu bat opa dizuet!!!
Blog honetan eta beste batzuetan idazten jarraituko dut urte luze honetan eta ea aurrekoa bezain ona izaten den.
Besterik gabe gabon zoriontsu batzuk pasa (gutxi falta dela amaitzeko opor hauek) eta sarean ikusiko garelakoan… AIO!!!