Urteko lehena


Amaitu dut urteko lehen
liburua irakurtzen. Unai Elorriagaren Londres kartoizkoa da. Publico
egunkariaren arabera 2010 urte honetako euskal nobelaren artean
arrakasta izan dezakeen liburutako bat erdarazko itzulpenean, Kirmen
Uriberen
Bilbao-New York – Bilbao nobelarekin batera.

Zorionez Unai Elorriagaren
eleberri guztiak irakurri ditut. SPrako tranbia, Van´t
Hoffen ilea
eta Vredaman. Asko gustatu zitzaizkidan,
lehena agian ez dut oso ondo oroitzen argumentua baina erraz irakurri
nuela oroitzen naiz. Herri urrats batean erosi nuen. Senpereko
aintziraren alboan hasi nintzen irakurtzen eguraldi eguzkitsuko
igande arratsalde batetan. Bigarrena eta hirugarrena
unibertsitaterako lan bat egiteko erabili nituen. Van´t Hoffen
ilea
analizatzea goitik behera izan zen lanaren helburua.
Hainbeste gustatu zitzaidan lana amaitu ostean Vredaman
irakurri nuela. Estilo aldetik ez nuen aldaketarik sumatu. Estilo
berezia kritika asko jaso zituena bere garaian helduei zuzendutako
literatura bat zelako haur literatura estiloarekin, baina berriro
errepikatuko dut, niri asko gustatu zitzaidan.

Londres kartoizkoa da
liburuan estilo aldaketa sumatu daiteke baina Elorriagak idazten
jarraitzen duela sumatu daiteke. Eleberria diktadura baten osteko
garai batean dago oinarritua. Pertsona bat bere familiar baten
itzuleraren esperoan dagoela du ardatz nagusi bezala. Horretarako
egunero hamazazpigarren teilatura igotzen da eta bere lagunekin
elkartzen da. Tartean misterio batzuk azaltzen dira pixkanaka
narrazioa aurrera doan heinean argitzen joaten direla. Diktadura
garaiko jendearen ohitura bitxiak deskribatzen dira nagusiki.

Oso gustura irakurri beraz
urteko lehen liburu hau eta ezbairik gabe irakurtzeko gomendatuko
nuke.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude