Múltiple

Múltiple

Buruaren konplexutasuna

Zuzendaria.: M. Night Shyamalanplexutasuna

 Aktoreak: James Mcavoy, Anya Taylor-Joy, Betty Buckey.

Herr.: AEB (2017)

Puntuazioa: 2

 

Filmaren hasieran pertsona batek hiru nerabe bahitzen ditu. Pertsonaia horren barnean 23 nortasun ezberdin elkarrekin bizi dira. Badira besteak baino indar gehiago duten nortasunak. Aspaldi, pertsonen edo animalien bizitza oparitzen zitzaizkion Jainkoari. Oraingo honetan, nesken bizitzak oparitu nahi dizkiote beste pertsonaia indartsuari. Agerraldi hori eman arte, alde batetik, izango dugu suspensea nesken bizitzekin zer gertatuko den jakiteko. Beste batetik, psikiatra bat dago, pertsonaiaren gaixotasun psikikoa osatu nahian, eta kezkatuta dago, zerbait arraroa sumatzen duelako. Hirugarren puntua izango da bahitzailearen barnean nortasun desberdinen arteko gatazka nola bukatuko duen ezagutzea. Bahituen artean dagoen neska batek pisu handiagoa izango du istorioan, desberdina izan arren bahitzailearen izaeratik gertuen dagoena delako. Tratu txarrak jasan dituzten pertsonaiak dira. Zuzendariaren beste film batzuei gertatzen zaien moduan, kontatzeko moduak kontatzen duenak baino indar handiagoa du. Esku ona du suspensea eta atmosfera itogarriak sortzeko. Berehala istorioan sartzen gaitu, tentsioa jasaten dugu eta pertsonaien kezka filmatzeko modua ederra da. James Mcavoy-k ondo hartzen dio puntua bere pertsonaiari. Baina azkenean, istorioaren barnean gauza handirik ez dagoen sentsazioa geratzen zaigu.

 

Loving

Lovingç

Maitasunaren indarra

 Zuz.: Jeff Nichols

Aktoreak: Ruth Negga, Joel Edgerton, Michael Shannon

Herr.: AEB (2016)

Puntuazioa: 4

 Ameriketako Estatu Batuetako Virginia estatuan kokatuta dago. Joan den mendeko 50eko hamarkada bukaeran. Hiriburutik aldenduta, basoan bizi den pertsona talde bat –gehienak beltzaranak dira, eta zuriak gutxiengoa– elkarrekin ederki konpontzen ikusten da. Badago semea edo alaba espero duen bikotea: gizona zuria da eta emakumea beltza. Washington estatura joango dira ezkontzera, debekatuta dagoelako Virginian arraza desberdinetako pertsonak elkarrekin ezkontzea. Legeak eta instituzioak zapaltzaileak dira eta, ezkontzaren ostean, elkarrekin nahi duten lurraldean eta baldintzetan bizi ahal izateko bikoteak izango duen borroka jarraituko ahal izango dugu. Bikotearen ibilbidearen lekuko bagara ere, istorioan, egoera politikoa eta epaitegietan izandako borroka bigarren planoan geratzen da. Jeff Nicholsen filma, batez ere, maitasun istorioa da. Zuzendariak, aldarrikapen nabarmenak egin barik eta ahotsa igo barik, sentiberatasuna eta neurria erabiltzen ditu bikotearen maitasuna azaldu eta ikusleak euren intimitatean sartzeko. Bikoteak ia ez du berba egin beharrik. Euren arteko keinuak eta begiradak benetan adierazgarriak dira. Eta horrela antzematen dugu zer-nolako astakeria den elkar maitatzeko eskubidea duen bikote bati zoriontsu izateko oztopoak jartzea.

La La Land

La La Land foto

Zinema musikalaren magia

Zuzendaria.: Damien Chazele

 Aktoreak: Emma Stone, Ryan Gosling

Puntuazioa: 4

 

Pelikularen hasiera benetan ikusgarria da. Los Angelesko errepidean auto-ilara izugarria sortzen da. Autoetan dagoen jendea kanpora irteten da, dantzatuz eta abestuz. Arrakasta izatearen ilusioa erakusten dute. Eszena alaia, koloretsua eta bizia da. Hurrengo eszenak ere –filmaren neska protagonista eta bere lagunak festa batera doaz– antzeko tonua du. Ostean, filmaren bikoteak elkar ezagutzen duenean, gauza lasaituko da, eta filmak tonu erromantikoa eta samurra hartzen du. Bikotea elkar ezagutuz joango da. Euren ilusioak ikusiko ditugu, hartutako bidean aurkitzen dituzten zailtasunak eta euren ametsak lortzeko bidean topatzen dituzten oztopoak. Pelikularen hasierako tonu bizia tonu malenkoniatsu bihurtzen da, poliki-poliki. Damien Chazelek zinema eta jazz musika omentzen ditu, dotoreziaz, sentikortasunez eta distiraz. Egungo bizitza eta 50eko hamarkadako bizitza nahasten ditu; telefono mugikorrak eta 50eko hamarkadako jantziak eta estetika. Zuzendariak ederki islatzen du Hollywoodeko musikalen energia eta Jaques Demyren musikalen ezaugarriak. La La Land-en zinema musikalaren ahalmen magikoa islatzen da. Errealitatea eta ametsak nahasten dira atmosfera bereziko lan honetan. Ikuslea liluratuta geratzen da bikotearen istorio xarmagarriarekin eta bien artean sortutako kimikarekin.

Toni Erdmann

 

premio-fipresci

Familiako loturak berreskuratzen

Zuz.: Maren Ade

Aktoreak: Peter Simonischek, Sandra Hüller, Lucy Russell

Puntuazioa: 3

heltzen da zinemetara Donostiako Zinemaldian ikusi genuen Toni Erdmann. Zinema kritikariek FIPRESCI saria eman zioten urteko film aipagarrienari eta Europako sarietan ere bost sari jaso zituen. Alemaniaren eta Austriaren arteko ekoizpena da. Aita baten eta alaba baten arteko harremanak dira istorioaren ardatz nagusia. Alabak Errumanian lan egiten du, enpresa handi batean. Aita Alemaniatik joango da alaba ikustera. Ez du alaba pozik ikusten. Buru-belarri murgilduta dago lanean eta jasaten duen presioa oso handia da. Hori ikusita, aita alabaren bizitzan sartuko da, bien arteko harremana berpiztu guran, eta, alabak bizitzako norabidea zuzendu dezan. Maren Ade, zuzendaria izateaz gain, filmaren gidoilaria da. Aukeratu duen generoa sentimenduzko komedia da. Komediako zatietan baino hobeto moldatzen da pertsonaien sentimenduak azaltzen. Aitak, alabari laguntzeko, pertsonaia bat sortzen du, eta eszena batzuei grazia falta zaie. Bestalde, agian, pelikula luzeegia da. Filmak, azken herenean, gorantz egiten du. Zati horretan komedia eta alde dramatikoa bateratzen dira modu egokian. Aktoreak ondo daude, baina, azpimarratzekoa da Sandra Hulleren interpretazio bikaina. Ezin hobeto aditzera ematen du pertsonaiaren nahasketa emozionala.

La Comuna

 

la-comuna-foto

Pertsonak eta taldea

Zuz.: Thomas Vinterberg.

Aktoreak: Ulrich Thomsen, Tryne Dyrholm, Marta Sophie Wallstrom Hansen.

Puntuazioa: 3

 

La comuna Danimarkan joan den mendeko 70eko hamarkadan gertatzen da. 14 urteko alaba duen bikote batek, euren bizitzei biraketa bat eman guran, etxean komuna bat sortzea erabakiko du. Bikoteko gizonak unibertsitatean klaseak ematen ditu eta ikasle batekin maiteminduko da. Gertatutakoa emazteari kontatzen dio eta ideia “zoragarri” bat burutuko zaie: ikaslea komunan sartzea. Hortik aurrera, banakotasunaren eta kolektibitatearen arteko gatazka sortuko da. Pertsonen arteko arazoak taldearen bizikidetzan eragina izango du. Eta hor sortuko da zalantza: komuna sortu duen bikoteak eskubidea du euren arazoak taldearen gainetik jartzeko?; taldeko kideek besteenganako benetako interesa dute edo lortutako bizi erosoa mantendu nahi dute? Vinterbergen helburua ez da komuna bateko bizimodua sakontasunez azaltzea. Taldea edaten eta jaten, edo antolatzen dituzten bileretan ikusten dugu, ezer gehiago. Komuna pertsonaia nagusien bizitzan eta egoeran eragina duen osagaia da. Zuzendariaren mezua nahiko anbiguoa da. Alde batetik, gizabanakoak alde egin arren taldeak aurrera jarraitzen duela aldarrikatzen duela dirudi; eta, beste alde batetik, komunaren bultzatzailearen bidea aintzat hartuta, taldearen indar fagozitatzailea azpimarratzen duela dirudi…

Paterson

paterson-2

Harmonia eguneroko bizitzan

Zuzendaria:  Jim Jarmusch

Aktoreak: Adam Driver, Golshifteh Farahani Jared Gilman

Herr.: AEB (2016).

Iraupena: 113 minutu

Puntuazioa: 3

Zazpi zatitan banatzen da Jarmuschen pelikula. Zati bakoitza asteko egun bat da. Egunero bikote bat ohean dago. Gizonak eskuko erlojua begiratzen du: 06:10-06:30 artean mugitzen da. Jaiki, eta, gosaldu ostean, lanera doa. Autobus-gidaria da. Hasi aurretik olerkiak idazten ditu. Arduradunarekin berba egin ostean eguneroko lanari ekiten dio. Lanetik bueltan emaztearekin afaldu, txakurra paseatzera eraman eta betiko tabernan garagardo bat edaten du, gero etxera bueltatzeko. Egunero, gutxi gorabehera, pauta berdinak jarraitzen ditu. Pentsa genezake bizimodu monotonoa eta aspergarria izan daitekeela. Baina bikotearentzat ez da horrela. Beste pertsonaia batzuk haserre edo gogogabetuak sentitu daitezke. Eurek, aldiz, harmonia eta oreka aurkitu dute eguneroko bizitzan. Gauzak egunero berdinak direla iruditu arren, ez dira berdinak. Antzekoak bai. Berdinak ez. Ideia hori azaltzeko Jarmuschek bikiekin jokatzen du. Bikiak diren pertsonaiak agertzen dira: berdinak dirudite, baina desberdinak dira. Adibidez, Patersonen moduan olerkiak idazten dituen neskatila. Beharrezkoa da izpiritu sortzailea piztuta izatea, eta, horrela, txikiak diruditen xehetasunetatik, bizitzarako energia lortu dezakegu. Jim Jarmusch zuzendariak xarma ematen dio, agian, minimalistegia dirudien istorioari.

La doncella

la-doncella

 

Sedukzio jokoak

Zuz.: Park Chan-wook

Aktoreak: Kim Min-hee, Kim Tae-ri, Ha Jung-woo

Herr.: Hego Korea (2016)

 

Aurreko astean Amor y amistad aipatzerakoan, maitasun norgehiagoka bat zela esan genuen. Han sortzen zen jokoan, burua erabiltzen zen protagonistak nahi zuen helburua lortzeko. Aste honetako La doncella-n beste sedukzio joko batzuk sortzen dira. Baina kasu honetan erabilitako plana ederki pentsatuta badago ere, buruarekin sena eta irrikak nahasten direnean, egindako kalkuluak pikutara joan daitezke. Park chan-wook-en istorioa hiru ataletan banatzen da. Iruzurrez betetako istorioa. Nahiz beste pertsonaia batzuk tartean egon, gizon baten eta bi emakumeren arteko jokoa da. Ingurukoak engainatzen ari direla pentsatzen duten arren, iruzur horren atzetik beste bat ezkutatuta egon daiteke, eta engainatzaile papera betetzen ari dena, agian, engainatuta izaten ari da. Askotan, ikusi nahi duguna bakarrik ikusten dugu eta ez gara aurrean dugun egiaz jabetzen. Eszena batzuk behin baino gehiagotan ikusten ditugu eta denak lotuta, iruzurren artetik egia sortzen ari dela ohartuko gara. Park Chan-wooken zinemak Paul Verhoevena gogoratzen dit. Garrantzi handia ematen dio sentsualitateari. Irrikak pertsonaien portaera zuzentzen du. Hala, agertzen diren pertsonaiak eta istorioak sutsuak izan arren, zuzendariaren begirada dibertigarria eta trufaria daramate.

Amor y amistad

amor-y-amistad

Maitasunaren trikimailuak

Zuz.: Whit Stillman

Aktoreak: Kate Beckinsale, Chlöe Sevigny, Xavier Samuel.

Herr.: Irlanda (2016).

Puntuazioa: 3

 

Jane Austin-en eleberriak askotan moldatu dituzte zinemarako. Azken urteetako aipagarrienak Sentido y sensibilidad eta Orgullo y prejuicio izan dira. Orain, Whit Sitillmanek idazlearen lehen eleberrietako bat hartu du oinarri Amor y amistad zuzentzeko. Austinen istorioetan emakumeak dira protagonista nagusiak. Orokorrean, gizarteak ezarritako arauen kontra borrokatzen dira maite duten gizonarekin ezkontzeko. Emakume erromantikoak, sutsuak eta oldartsuak dira. Baina Amor y amistad ezaugarri horietatik aldentzen da. Istorioaren protagonistak, Susan Vernonek, maitasuna negoziotzat dauka. Ez da erromantiko eta sutsua. Hotza, kalkulatzailea eta azkarra da. Baina beste istorioetako emakumeen izaera kementsua azaltzen du. Oraingoan maitasun-trikimailuak erabiliko ditu nahi duen estatus ekonomikoa eta gizarte-maila lortzeko. Ondo daki gizartea nolakoa den, ederki ezagutzen ditu gizonen eta emakumeen izaerak, eta, horrekin jokatuz, sartzen den nahaste-borraste guztietatik garaile irteten da. Istorioan emakumeek parte hartzen dute maitasun norgehiagokan, eta gizonak jokoan erabiltzen diren piezak besterik ez da. Stilmanek istorioari tonu arina eta dibertigarria ematen dio. Garaileak eta galtzaileak dauden arren, dena joko bat besterik ez da…

La doctora de Brest

la-fille-de-brest

David, Goliathen aurka

Zuz.: Emmanuelle Bercot

Aktoreak: Sidse Knudsen, Benoit Magime

Herr.: Frantzia (2016)

Puntuazioa: 2

 

La  doctora de Brest  Aurtengo Donostiako Zinemaldiko Sail Ofizialean aurkeztutako lehenengo filma izan zen. Frantzian benetan gertatutako istorio batera hurbiltzen gaitu. Irene Frachon izeneko mediku batek farmaziako laborategi bat salatu zuen merkatura ateratako Mediator delako botika oso kaltegarria eta arriskutsua zelako. Gizarte-segurantzak, medikuek eta paziente askotxok ona zela pentsatzen zuten. Baina enpresa handiek pisu nabarmena dute eta ez da erraza izaten horren kontra borrokatzea. Franchon, jasandako presioa handia izan arren, ez da kikilduko eta oztopo guztiak gainditzen ahaleginduko da gizarteari egia ezagutarazteko. David Goliathen kontrako lehia. Behin baino gehiagotan ikusi izan ditugu halako filmak. La doctora de Breste-k Erin Brokovich-en bidea jarraitzen du. Ustelkeria kasu asko daudenean ikuslea zinematik indarberrituta ateratzen da. Etsipenean erortzen ez bagara, oraindik gauzak aldatzea posible dela esaten diogu gure buruari. Pelikulak bide ezagun batetik eramaten gaitu: ereduzko izaera duen pertsona ustelkeriaren kontra borrokatzen. Filmak erritmoa du eta gustura ikusten da, baina nahiko konbentzionala da. Sidse Babett Knudsen aktor e daniarra pertsonaiaren indarra, kemena eta bizitasuna islatzen ahalegintzen da.

Maggie’s plan

maggies-plan-photo

Gorabehera sentimentalak

Zuz.: Rebecca Miller

Aktoreak: Greta Gerwig, Ethan Hawke, Julianne Moore

Herr.: AEB (2015)

Puntuazioa: 3

Ba al dakigu zer nahi dugun? Galdera horri buruz datza Maggie’s plan filma. New Yorkeko hirukote bat da istorioaren protagonista. John eta Georgette ezkonduta daude. Biak unibertsitateko irakasleak dira, liburuak idazten dituzte eta buru-belarri murgilduta daude euren lanetan. Baina bakoitza berean, gauzak partekatu barik. John baztertuta sentitzen da. Egun baten, Maggie ezagutuko du. Maggie hurbila, bitxia eta berritsua da. Johnek oso bestelako bi bizimoduren artean aukeratu beharko du. Maggiek ez du lortzen denbora luzeko harreman sentimentalak izatea eta haurdun geratu nahi du. Hala, hiruren arteko gatazka sentimentala sortuko da. Charlotte pertsona hotza eta zerebrala da. Maggie eroagoa. Erdian John dago: zalantza asko dituena, baina losintxatua izatea gustatzen zaion pertsonaia. Osagai horiekin Maggieren plana sortuko da eta joko horretan hirurak parte hartuko dute. Gauza bat nahi dugula uste dugu eta hori lortzen dugunean, aurrekoa hobea zela pentsatzen dugu. Ez dakigu ondo zer nahi dugun. Gorabehera sentimentalei buruz eta gure izaera aldakorrari buruz hitz egiten digu Rebecca Millerrek . Komedia atsegina da. Aktoreek lan ona egiten dute, eta agertzen zaizkigun egoerak eta pertsonaien jarrerak nahiko ezagunak egingo zaizkigu.