Z, la ciudad perdida

Gauza asko, denbora laburra

 Zuz.: James Gray

Aktoreak: Charlie Hunnam, Robert Pattinson, Sienna Miller

Herr.: Britainia Handia

Puntuazioa: 3

 

Filmeen iraupena gauza nahiko bitxia izaten da. Badira luze egiten diren eta minutuak soberan dituzten 90 minutuko filmak. Eta, alderantziz, badira laburrak geratzen diren iraupen luzeko lanak. Bigarren kasu horren adibide da Z, la ciudad perdida. Bere iraupena 140 minutura hurbiltzen bada ere, kontatzen duen guztia azaltzeko denbora luzeagoa beharko zukeen. Percy Fawcett esploratzaile britainiarra da istorioren protagonista nagusia. Amazoniara hainbat bidaia egin zituen ezkutuko hiriburua topatu nahian. Hogei bat urtetan zehar Britainia Handiko gizartean dauden klaseen arteko desberdintasunak ikus daitezke pelikulan: Royal Societyren kide batzuek indiarrenganako duten mesprezua; gizonen eta emakumeen artean dauden desberdintasunak; eta bidaia horiek familiaren martxan duten eragina. Eta, nola ez, eginiko espedizioak aurrera ateratzeko bizi izandako tirabirak eta bidaia bakoitzeko estualdiak. Gauza askotxo kontatzeko. Oro har, aipatutako alderdi bakoitza behar den moduan azalduta dago. Pertsonaiaren eta garaiaren izaera ederki islatzen dira pelikulan. Une oro. Hasieratik bukaerara. Baina Amazoniara egindako bidaiek duten higidura emozionala eta fisikoa adierazteko denbora behar da. Eta James Grayren film eder honi denbora falta izan zaio erabat borobila izateko.

Lady Macbeth

Animalia harraparia

 Zuz.: William Oldroyd.

 Aktoreak: Florence Pugh, Christopher Fairbank, Cosmo Jarvis

Puntuazioa: 4

 

Lady Macbeth William Shakespearek sortutako pertsonaia bada ere, William Oldroyden zuzendaria Nicolai Leskoven Lady Macbeth eleberrian oinarritu da filma egiteko. Istorioa 1865eko Ingalaterrako landa-eremuan gertatzen da. Katherine neska gazteari senarrak ez dio kasu handirik egiten, eta, hura etxetik kanpo dagoenean, aitaginarrebak ematen dion tratua ez da batere ona. Katherinek sentitzen duen bakardadea aldatu egingo da etxeko langile batekin maitemintzen denean. Hasieran ahula zirudien neskak animalia harraparien portaera izango du. Berea denari uzteko, asaldakaitz eta gupidarik gabe, ekintza krudelak burutuko ditu. William Oldroyden moduak laburrak eta zorrotzak dira. Ez du kamera gehiegi mugitzen eta, azalpenetan galdu barik, pertsonaia nagusiaren portaera erakusten digu. Pertsonaia itxia eta hitz gutxikoa da. Ekintzak aurrera eramateko moduak bere izaera adierazten digu. Hotza ematen badu ere, senak zuzentzen du bere portaera. Mutilarekin dituen harremanak edukitze harremanak dira. Irrika eta senak sentimenduak baino garrantzi handiagoa dute. Aktoreen lana eta argazkia bikainak dira. Irudien koloreak, arropen koloreak, gelen argiak… giroa ematen diote kontatutako istorioari. Oldroydek modu egokian azaltzen digu Katherinen istorioa.

 

El otro lado de la esperanza

Bitxia eta argia

 Zuz.: Aki Kaurismäki

Aktoreak: Sherwan Haji, Sakari Kuosmanen, Ilkka Koivula.

Herr.: Finlandia (2016)

Puntuazioa: 3

 

Aki Kaurismäkiren pertsonaiak munduan dauden pertsona arruntak dira. Zuzendari finlandiarrak munduari buruz duen ikuspegia ez da batere baikorra. Gizarteak gaizki funtzionatzen du eta askotan jendea itota sentitzen da jasaten ari den egoerarengatik. Ematen du zuzendariak ez duela agintariek eta erakundeek egiten duten lanean sinisten; bai, ordea, jende apalaren borondate onean. Eta hori da El otro lado de la esperanza-n gertatzen dena. Istorioan bi pertsonaia nagusi dauzkagu: bata Siriatik ihes egindako etorkin bat da. Ez dauka ezer baina irtenbide bat topatu nahian Europara ihes egiten du, Finlandiara heldu arte. Bestea Finlandian bizi den gizona da. Duen bizitza grisetik ihes egin nahi du: emaztea eta lana uzten ditu, jatetxe bat zabaltzeko. Siriako gizona bezala, munduan bere tokia aurkitu nahi du. Bien istorioak batuko dira elkartasunaren garrantzia aldarrikatzeko. Hori da geratzen zaigun bide bakarra. Baina ez kezkatu. Kaurismäki ez da panfletoak eta hitz handiak erabiltzen dituen pertsona. Gaurko egungo gizarteari begirada bat ematen dio, baina ipuinen eta absurdoaren ukituarekin. Bere pertsonaiak zakarrak baina bihozberak dira. Keinu eta hitz gutxikoak, baina eskuzabalak eta elkarri laguntzeko prest. Zuzendariak bere estilorekin azaltzen du bere unibertso argia eta bitxia.

El bar

Neurri arazoak

Zuzendaria.: Álex de la Iglesia

.Aktoreak: Blanca Suarez, Mario Casas, Secun de la Rosa

Puntuazioa: 2

 

Alex de la Iglesiaren filmak frenetikoak izaten dira. Ez diote ikusleari atsedenik ematen eta kasu askotan gehiegizkoak dira. Zuzendariak neurria galtzen du, ez ditu istorioaren erritmoak kontrolatzen. Normalean, istorioak izaten dituzte, garatzen doazen neurrian, gorakadak eta lasaitasun momentuak. Apurka emozio intentsitateak gorantz egin behar du, azkenean lortu nahi duen emaitzara heltzeko. Orokorrean, De la Iglesiaren filmak ondo hasten dira, eszena ikusgarriak filmatzen badaki eta agertzen diren pertsonaia bitxiek grazia izaten dute. Baina egoerak gehiegi luzatzen ditu, eta, hasieran, ikusgarria eta originala dena gogaikarri bihurtzen da. Filma pertsonaia aurkezten duen plano-sekuentzia indartsu batekin hasten da. Horiek tabernan sartzen direnetik beheko solairura jaitsi arteko sekuentziak ez du funtsik. El bar pelikulan, hasiera hasieratik, ezer berezirik gertatu aurretik, pertsonaiak bere onetik irtenda daude. Mantentzen duten portaera ez dago justifikatua eta ez dute sakontasunik. Ostean bai, beheko solairuan daudenean, bizi irauteko sortzen diren norgehiagokak eta mesfidantzak askoz hobeto daude. Bigarren zatia ondo dago, baina, tamalez, azkeneko hamar minutuetan zuzendariak egoera muturreraino eraman nahi du, eta, beste batzuetan pasa izan zaion moduan, neurria galtzen du.

Incierta gloria

 Bizitzak zauritutako pertsoianak

 Zuzendaria.: Agusti Villaronga

Aktoreak: Nuria Prims, Marcel Borrras, Oriol Pla

Puntuazioa: 3

 

Agusti Villarongaren filmak ikusi dituenak –Tras el cristal, El mar, Pa negre–… badaki, bere unibertsoan, giro kaltegarria nagusitzen dela. Pertsonaien arteko harremanak oso bereziak izaten dira: erakarpena eta higidura, amodio eta gorrotoa nahasten dira. Eta ederki moldatzen da kontatzen dituen istorioetan, gizakiaren alde basatia eta aztoratzailea erabiliaz, ukitu lirikoa duten film itogarriak sortzeko. Aipatutako ezaugarriak Incierta gloria-n agertzen badira ere, gaiak eta pertsonaiak ezagunak egiten zaizkigu. Villalongak erabiltzen duen tonua dotorea da, baina neurritsuagoa eta urrunagoa. Filma Espainiako gerran kokatzen da, Aragoiko gerra-lekuan, hain zuzen ere. Istorioan goranahia, amodioa, irrika, laguntasuna, gorrotoa eta biziraupena nahasten dira. Herri txiki baten, alargun bat, herrikoen mesprezuak gainditu ostean, hango jabe bihurtu da. Bartzelonatik etorritako ofizial bat alargunarekin sorginduta geratzen da. Hark Bartzelonan utzitako emazteaz eta semeaz arduratzen den lagun min bat du. Sortzen diren istorioek Carmenekin eta Salomérekin badute antz apur bat. Bizitzak guztiak zauritu ditu, eta bakoitzak modu ezberdinean erantzuten du. Baina, azken finean, alde onak baditu bere itzalak eta txarrenak argiak. Horiek filmaren azken eszenan ikusiko dira.

La chica desconocida

Thriller soziologikoa

 Zuzendaria.: Luc eta Jean-Pierre Dardenne

 Aktoreak: Adéle Haenel, Jerémie Renier, Christelle Cornil

Puntuazioa: 3

 

Liejako mediku bat lanean ikusten dugu. Arduratsua da, langilea, eta buru-belarri aritzen da gauzak egin behar diren moduan egiten. Egun batean, ordutegiz kanpo kontsultan dagoela, norbaitek txirrina jotzen du, baina berak ez dio kasurik egiten. Txirrina jo duen pertsona hurrengo egunean hilda agertzen da. Afrikatik etorritako neska beltza da. Medikuak, gertatutakoarekin, kolpe handia jasoko du. Hortik aurrera, hildakoa nor den jakiten ahaleginduko da, haren familia jakinean jartzeko eta behar duen hileta izateko. La chica desconocida thriller soziologikoa da. Hori bai, thrillerra bidea besterik ez da gaur egungo Europan gertatzen ari den egoerari begirada bat emateko. Ez dira ikusten negozio handiak, gangster nazkagarriak edo ezuste handiak. Dena askoz arruntagoa da. Dardenne anaiak eguneroko bizitzan oinarritzen dira, eta bertan finkatu diren bidegabekerietan. Eszena guztietan mediku gaztea agertzen da. Kamerak beti honen jarraipena egiten du. Hasieran, egiten duen lana ikusiko dugu, bere bizitza nolakoa den. Eta neska afrikarraren heriotza gertatu ondoren, medikuaren inguruan gertatzen dena ezagutzen joango da. Horrela, protagonistak datuak lotzen dituen neurrian, bizi den gizartea nolakoa den ikusiko dugu. La chica desconocida pelikula zuzena da, beharrezkoa, baina, agian, lau samarra.

El viajante

 Egiak dituen geruzak

 Zuzendaria.: Asghar Farhadi

Aktoreak: Shahab Hossein, Taraneh Alidoosti, Babak Karami

Herr.: Iran (2016)

Puntuazioa: 3

 

Asghar Farhadiken pelikuletan –A proposito de Elly; Nader y Simin, una separación; El pasado; El viajante– gertatzen dena anbiguoa izaten da. Pertsonaiek ez dute jakiten zehatz-mehatz zer gertatu den, eta sortzen diren zalantzek sendoak ziruditen harremanak ahultzen dituzte. Susmoek eta mesfidantzek pertsonaien oreka astintzen dute. Zuzendari irandarrak elipsia erabiltzen du. Istoriorako garrantzi handia duen gertakizun bat iruditik kanpo gertatzen da, eta, hala, gertatutakoari buruzko galdera eta zalantza asko sortuko dira. Ekintza horretan parte hartutako pertsonaiek ez dute garbi eta zehaztasunez berba egin nahi, edo horiek emandako bertsioak kontrajarri egiten dira. Gero, badira zer gertatu den ezagutu nahi duten pertsonaiak. Horrela, pertsonaien arteko harremanak aldatuz joango dira, eta pertsonaien izaeran itzalak sortuko dira. Pertsonaiak emoziozko labirintoan galduta sentitzen dira, eta gordeta dituzten sentimenduak eta portaera ezezagunak kaleratuko dira. Ikuslea dramaren erdian dago. Ez daki zer gertatu den eta pertsonaien ibilbidea jarraituko du egia ezagutu nahian. Honekin batera, hasitako bide horretan, pertsonaien egoeran gertatzen diren aldaketak ikusiko ditu. Baina, egia existitzen bada, geruza asko ditu, eta ikusleak horiek deszifratu beharko ditu pelikula bukatu baino lehen.

La vida de Calabacín

Haurren pentsaera

Zuz.: Claude Barras.

Herr.: Suitza (2016).

 Iraupena: 66 minutu.

 

Claude Barras zuzendariak stop-motion teknika erabiltzen du ikusleak haurren unibertsora hurbiltzeko. Fotogramaz fotograma panpinak mugitu, eta, horiek elkartzerakoan, mugimenduaren sentsazioa sortzen du. Protagonista Calabacín ezizena duen mutiko bat da. Filmak haurtzaroari buruz dihardu. Umezurtz geratzen denean, gurasorik ez duten edo haiengandik urrun bizi diren haurrendako egoitza batera joango da. Hango haur bakoitzak bere istorioa du, eta Claude Barrasek oso ondo azaltzen ditu haur guztien psikologia eta sentimenduak. Babesa eta maitasuna nahi dute jasaten ari diren egoera gainditzeko. Baina nork bere mundua du, eta, elkartzen direnean, indartu egiten dira. Argi ikusten da, alde batetik, ahulak izan daitezkeela, baina, beste alde batetik, ilusioa izateko duten ahalmenak egoera zailak gainditzeko ematen dien indarra. Agertzen diren pertsonaien irudiak ez dira errealistak: haurrak txikiak dira eta trazu handiko buru eta aurpegiekin. Zuzendariak istorioari ematen dion tratamendua oso errealista da. Film orekatua eta didaktikoa. Gurasoek eta seme-alabek ikusteko lana. Bereziki, 10 urte inguruko umeendako. Bizitzaren alderdi latzak erakusten ditu, eta, itzalak agertu arren, argiaren indarra garaile ateratzen da. Haurren pentsaeraren isla egokia da Barrasen pelikula.

Jackie

Gertu ala urrun?

 Zuzendaria.: Pablo Larraín

  Aktoreak: Natalie Portman, Peter Sarsgaard, Greta Genwig

Herr.: AEB (2016)

Puntuazioa: 2

 

John Fitzgerald Kennedyren hilketatik aste batera Jackie Kennedyk kazetari bati emandako elkarrizketa da filmaren abiapuntua. Elkarrizketa gertatzen den bitartean hainbat une gogora ekarriko dira: Etxe Zurira iritsi ziren garaian egindako saio bat; hilketaren ondorengo egunak; sentitzen duen samindura; hiletaren antolaketa eta horren inguruan sortutako kaosa; hilketaren unea… Pertsonaiak luze eta zabal berba egingo du kazetariaren aurrean. Baina badira argitaratu ezingo diren gauzak. Zuzendariak egun haietan Jackie Kennedyk jasandako amesgaiztoa eta nahasketa adierazi nahi du. Maite dugun pertsona bat hiltzen denean, munduak martxan jarraitzen du, baina gu galduta sentitzen gara… Larrainen proposamena interesgarria da eta pertsonaia famatuen istorioa garatzeko estilo konbentzionaletik ihes egiten du. Zuzendari oso pertsonala da, baina niri ez zait askorik heltzen. Gertuko plano gehiegi erabiltzeko ohitura du. Denbora guztian pertsonaia jarraitzen eta kamera ia aurpegian. Ni, halako teknikak, istoriotik gerturatu baino gehiago, urrundu egiten nau. Horri gehitzen badiogu pertsonaiaren ahotsa –behintzat, bikoizketan agertzen den ahotsa nahiko nekagarria da–, berba egiteko modua, musikaren erabilera… Emaitza nahiko hotza dela esango nuke.

Moonlight

 

Bizitzaren zauriak

 Zuzendaria: Barry Jenkins

Aktoreak: Trevante Rhodes, Asthon Sanders, Alex R. Hibbert

Herr.: AEB (2016).

Puntuazioa: 4

 

Hiru zatitan banatzen da Moonlight. Zati bakoitza Chironen bizitzako garai bati dagokio: haurtzaroa, nerabezaroa eta heldutasuna. Istorioan elipsi ugari daude, eta, pertsonaiak zeharka aipatzen dutenekin, ikusleak bete beharko ditu garai batetik bestera pasa diren urteetan dauden hutsuneak. Chironen ama drogen menpean dago, eskolan bullying-a jasaten du eta nahastuta sentitzen da bere sexualitatearekin. Droga-trafikatzaile baten eta haren bikotekidearen babesa jasoko du, baita eskolako kide batena ere. Bigarren zatian, eskolako giroa gero eta txarragoa dela ikusiko dugu eta amarekin dituen harremanak gero eta zailagoak. Gauza bat gertatuko da bere bizitza markatuko duena. Hirugarren zatian, Chiron heldua denean, bere bizitzan pisu nabarmena izan duten bi pertsonarekin elkartuko da. Moonlight-ek bizitzaren zauriei buruz hitz egiten digu. Gertatzen diren gauzek gure barnean uzten duten aztarna eta barkatzeko ahalmena izatea oso inportantea dela nabarmendu da. Jenkinsek irudiaren formatu luzea erabiltzen du. Pertsonaien gertuko planoak asko erabiltzen ditu. Gertatzen dena azaldu baino gehiago, pertsonaien emozio-egoera eta sentikortasuna islatu nahi da. Pelikulan in crescendo emozionala gertatzen da bukaera zirraragarri batera heldu arte.