Abracadabra

Hipnosiaren efektu harrigarriak

Zuz.: Pablo Berger

 Aktoreak: Maribel Verdu, Antonio de la Torre, Jose Mota

Herr.: Espainia (2017)

Puntuazioa: 3

 

Oso film berezia da. Magia, fantasia, ametsak eta hipnosia nahasten dira komedia, drama eta beldurrezko generoak erabiltzen dituen istorio honetan. Hasierak komedia kostunbristen tonua du. Pertsonaien deskribapena, ezkontzaren eszenak eta, nola ez, hipnosiaren eszena. Baina hortik aurrera, komedia tonua desagertu barik, tonu kezkagarria gero eta nabarmenagoa da. Hipnosiaren ondoren, Antonio de la Torrek egiten duen pertsonaiaren barnean bi pertsona biziko dira: Carlos, gizon matxista eta oldarkorra; eta horren gorputzean sartutako espiritua. Lehengo momentuetan espirituak gizonaren izaera hobetzen duela ematen du, baina, istorioa aurrera doan heinean, eta espirituaren istorioa ezagutzen goazen neurrian, komedia ilundu egiten da eta tentsioa gero eta nabarmenagoa izango da. Horrekin batera, Carmenen egoera dago. Carlosen emaztea da, bere bizitza ez da batere erakargarria. Oso grisa da. Bizitzen duen egoerak guztiz aldatzen du. Erabakiak hartu beharko ditu, eta ikusleok antzemango dugu sentitzen ari den larritasuna eta erakusten duen kemena. Komedia, drama eta tentsioa elkartzen dira Bergerren proposamen bitxi honetan. Eta genero desberdinen osagaiak nahastuta ikusita, ametsek duten tonu zehaztugabea eta burugabea ematen diote filmari.

Dunkerque

Kale itsutik irten nahian

Zuz.: Christopher Nolan

Aktoreak: Fionn Whitehead, Tom Hardy, Mark Rylance.

Herr.: Britainia-AEB (2017)  

 Iraupena: 107 min.

 

Dunkerque-ren hasiera benetan ederra da. Ingeles gudari talde bat herriko kaleetatik ihes egiten ari da hondartzara iritsi nahian. Ez da ikusten etsaia, hau da, armada alemaniarra non dagoen, baina haren presentzia eta indar suntsitzailea antzematen da egiten duen tiroketaren bidez. Oso ondo islatzen da setiatua egotearen sentsazioa. Gudariek ez dakite zer egin edo nola irten sartu diren kale itsutik. Filmean zehar ikusleak sentitu dezake arrisku amaigabean egotearen kezka, beldurra eta amorrua. Metro bat ezkerrera edo eskumara egotea izan daiteke bizitzaren eta heriotzaren arteko muga. Nolanek sortzen dituen irudiak momentu askotan izugarriak dira. Dunkerquetik ihes egin nahi duten gudariak ehiztariaren etorrera sentitzen duten animaliak dira. Eta gudak dakarren norgehiagoka itogarria ondo azalduta dago. Baina badakigu Nolani denborarekin jokatzea gustatzen zaiola eta II. Mundu Gerra esanguratsu horretan barneratzeko azkenean elkartuko diren hiru istorio desberdinak erabiltzen ditu. Gertu egon arren egun eta leku desberdinetan hasten dira eta euren arteko elkartzea gertatuko da filma gudaren deskribapenetik oda abertzalera pasatzen denean. Eta azkenean, harrigarria zirudien filma konbentzionala izatera hurbiltzen da.

En la vía láctea

Fantasia eta errealitatea nahastuta

 Zuzendaria: Emir Kusturica.

 Aktoreak: Emir Kusturica, Monica Bellucci, Maria Darkina

Puntuazioa: 2

 

 

1981ean Emir Kusturicak ¿Te acuerdas de Dolly Bell? zuzendu zuen, baina 1985ean Papá está en viaje de negocios pelikularekin Cannesko Urrezko Palma lortu ostean egin zen ezagun. Bere filmetan Jugoslavia zaharrak eta Balkanetako gudak garrantzi handia dute. Garai haietan gertatzen ari dena azaldu nahi du, eta begirada errealistari ukitu poetikoa eta ameslaria gehitzen dio. Papá está en viaje de negocios guda hasi baino lehen egina dago, eta, errepresio urte haiek haur baten ikuspuntutik heltzen zaizkigu. Horrela, garai hartako ezaugarri itzelak heltzen zaizkigu, eta, haurraren bitartez, begirada freskagarria jasotzen dugu. Kusturicak bi alderdi horiekin beti jokatu izan du. Errealitatea eta fantasia nahastu izan ditu. Eta filmak egiten jarraitzen zuen neurrian, fantasia geroz eta eroagoa izan da. Bere filmak bitxiak dira: gauza asko gertatzen dira, arraza eta ohitura desberdinetako jendea agertzen da, gizarteko aniztasuna agertzen da, eta hor barruan, anarkia eta erotasun giroa antzematen da. Gato negro, gato blanco film oso eroa zen. Ijitoen munduan sartzen zen, eta alde basatia eta bizizalea ondo azaldu zuen zuzendariak. En la vía láctea ez zaio hain ondo irteten. Baditu momentu onak, eta, zuzendariaren ezaugarriak ikusten diren arren, filma luzeegia da eta freskotasun txikiagoa du.

Verano 1993 (Estiu 1993)

Dolu prozesua

 Zuz.: Carla Simon

Aktoreak: Laura Artigas, Paula Robles, Bruna Cusí, David Verdaguer.

Puntuazioa: 3

 

Carla Simonen pelikulan, 6 urteko haur baten dolu prozesua azaltzen zaigu. Aita lehenago, eta, duela gutxi, ama hies gaixotasunaz hil dira. Frida neskatoa osaba-izebarekin eta bere lehengusina txikiarekin bizitzera joango da. Euren arteko moldaera-aldia ikusiko dugu. Fridarendako ez da batere erraza zer gertatzen ari den ulertzea; ezta dituen sentimenduak bideratzea. Senideek Frida babestu nahi dute. Familia berri bat sortu, baina prozesu horrek denbora eskatzen du. Gurasoen lana egiten dute, baina ez dira bere gurasoak. Eta, harreman horietan, gertutasun uneak egongo dira, eta baita jeloskortasun eta urruntze uneak ere. Carla Simon Fridaren sentimenduak islatzen arduratzen da. Haurrak zer ikusten eta entzuten duen heltzen zaigu, eta, honekin batera, gertatzen ari denaren aurrean duen erreakzioa: bizi den senideekin dituen momentu onak eta txarrak; gurasoek izandako gaixotasunarengatik jendeak duen mesfidantza eta horri buruz mantentzen den isiltasuna; amonaren eragin erlijiosoa… Alde batetik, familiaren babesa antzematen du, baina, beste alde batetik, bakarrik eta galdua sentitzen da. Mota desberdinetako sentimenduak ditu eta horiek nola bideratzen dituen ezagutuko dugu. Zuzendariak ez ditu egoerak behartu nahi, eta, isil-misilka, pertsonaiaren erretratu zehatza egiten du.

Cartas de la guerra

Maitasun eskutitzak guda garaian

Zuz.: Ivo M. Ferreira.

Aktoreak: Miguel Nunes, Margarida Vila-Nova, Ricardo Pereira

Herr.: Portugal (2016)

Puntuazioa: 2

 

Pelikula joan den mendeko 70eko hamarkada hasieran kokatzen da. Mediku bat Angolara joango da Portugalgo armadako kide gisa. Bere gogo-aldartea azalduko zaigu. Angolarako bidea, hara iristen denean, denboraren eragina… Eskutitz batzuen bitartez zer sentitzen eta zer pentsatzen duen ezagutuko dugu. Eskutitzak Portugalen utzitako emaztearendako dira. Antonio Lobo Antunes, medikua izateaz gain, idazlea ere bada. Guda garai horretan emazteari bidalitako gutunekin batera, gudari eta sentitzen duenari buruzko idatziak egingo ditu. Beraz, literaturak garrantzi handia du kontatzen zaigun istorioan. Bai, irudia oso zaindua dago. Argiaren erabilera, argiaren eta itzalaren jokoa hango gauak erakusteko, eguneko argia, paisaiako hodei zuriak, pertsonaien lehen planoak… Pelikulan, estetikak garrantzi handia du eta alde horretatik polita da ikusteko. Eskutitzak emaztearen ahotsaren bitartez entzungo ditugu. Poetikoak dira, baina hainbeste entzutean, une batzuetan, ahulezia eta monotonia sentsazioa sortzen du. Dena polita eta zaindua da. Hori horrela, gudaren zurrunbiloa apur bat baretua heltzen da. Eta, azkenean, nahiz eta irudiak ederrak izan eta estetikoki dena oso polita izan, hitzaren pisua nabarmentzen da, eta, emaitza zer da: neurtuegi dagoen filma da.

Déjame salir

Itxuraren azpitik

Zuz.: Jordan Peele.

Aktoreak: Daniel Kaluuya, Allison Williams, Catherine Keener.

Herr.: AEB (2017).

Puntuazioa: 2

 

Bikote bat. Neska zuria eta mutila beltza. Neskaren gurasoen etxera doaz, haiek mutila ezagutu dezaten. Filmaren hasierako eszenak – mutil beltz baten bahiketa– harretan jartzen gaitu. Sumatzen dugu bisitaldia dirudiena baino arriskutsuagoa izango dela. Gurasoen etxean gauzak nahiko bitxiak dira. Haiek arrunt itxura eman nahi duten arren, ikusten joango gara normaltasun horren azpitik arrazismoarekin lotutako portaerak eta pentsaerak dituztela. Déjame salir pelikularen egiturak Polanskiren La semilla del diablo-rekin zerikusia du, baina ez du haren doitasuna eta giro kaltegarria. Kaluuyaren istorioan dena argiago dago. Agian, hobeto egongo zen anbiguotasunarekin jokatzea: protagonistaren susmoak funtsezkoak dira ala berak dituen ideiengatik eta irudimenagatik sortuta daude? Horrela, ikusleak zalantzaz beteriko jokoan parte hartuko zukeen. Baina, filmean, garbi dago dena egia dela. Eta, denbora dezente, agian gehiegi, ematen du gurasoekin, lagun taldearekin eta etxean gertatzen dena azaltzen. Zuzendariak suspensearekin eta komediarekin jokatzen du, baita zonbien istorioekin, azken partean, ia gorena jotzeko. Filma originala da eta mezu zirikatzailea du: gizartearen normaltasun itxuraren azpitik oraindik ideia arrazistek irauten dute.

Clash

 

Giro itogarria

Zuz.: Mohamed Diab

Aktoreak: Nelly Karim, Tarek Abdel Aziz, Ahmed Malek

Herr.: Egipto (2016)

Puntuazioa:3

 

Clash pelikulan Egiptoko egoera asaldagarria islatu nahi da. Filma poliziaren furgoi baten gertatzen da. Kalean erreboltak daude, talde desberdinen manifestazioak eta poliziaren aurkako erasoaldiak. Hori dela eta, furgoia jendez betetzen joango da. Hasieran, bi kazetari, eta, poliki-poliki, adin, pentsaera politiko eta maila sozial ezberdinetako pertsonak agertuko dira. Horrela, furgoian, Egiptoko egoera politikoa eta soziala erakutsi nahi da. Pertsonak barruan pilatuta, eta furgoiko leihatila desberdinetatik ikusiko dugu kalean gertatzen ari dena. Horrek barruko tentsioa handitu egingo du. Momentu askotan, beldurra pasako dute eta euren bizitzak arriskuan egongo dira. Mesfidantzak sortuko dira talde desberdinen jarraitzaileen artean. Baina istorioa eta egoera aurrera doan neurrian, denok gizakiak garela eta askotan gure beharrak eta afektibitate-loturak antzekoak direla ikusiko dugu. Furgoiko giroa itogarria da: leku txikian jende asko, kanpotik sentitzen den presioa, beroa, egarria, behar fisiologikoak… Azken finean, beharrak pertsonen arteko tirabirak eta laguntzeko nahia ekartzen ditu. Diab zuzendariak sinesgarritasunez kontatzen dizkigu furgoiko gorabeherak. Istorioak ez du askorik sakontzen pertsonaien barnean, batez ere, filmak une horietako giro itogarria deskribatzen duelako.

Personal Shopper

Bi munduren artean

Zuz.: Olivier Assayas

Aktoreak: Kristen Stewart, Lars Eidinger, Sigrid Bouazi

 Herr.: Frantzia (2016)

Puntuazioa:3

 

Joan den asteko No se decir adios-ek hilzorian dagoen pertsona bati agurra emateko zailtasunak erakusten zuen. Aste honetakoak, berriz, hil ostean hemen gaudenok joandakoarekin dauzkagun harremanak azaltzen ditu. Aurreko astekoa film errealista bazen, oraingoa thriller eta zinema fantastikora hurbiltzen da, zinema frantziarraren ukitu intelektualarekin. Inork ez daki zehatz-mehatz bizitzaren ondoren zer dagoen. Beste bizitza bat dago? Hildakoen izpiritua gurekin geratzen da denboraldi baterako? Izpirituak existitzen dira ala gure buruan sortutakoak dira? Eta, egia bada, posible da eurekin komunikatzea? Galdera horiek suspensearekin nahasten dira. Kristen Stewartek modelo famatu batekin egiten du lan. Jantzi behar dituen arropak eta bitxiak aukeratzen laguntzen dio. Neskaren anaia bikia duela hiru hilabete hil zen. Biek ahalmen paranormalak zituzten, eta anaia berarekin kontaktuan jartzea espero du. Bestalde, pertsona misteriotsu bat berarekin harremanetan jartzen da telefonoz. Hilketa bat ere egongo da. Zuzendariak, denbora guztian, Stewartek egiten duen pertsonaiaren jarraipena egiten du. Laneko harremanak, ezezagunarekin sortzen den joko kezkagarria, fenomeno paranormalak eta hilketarekin dituen arazoak. Ez du dena argitzen, ikusleak, bere interpretazioa egin dezan.

 

No sé decir adiós

Azken agurra

 Zuzendaria.: Lino Escalera.

Aktoreak: Nathalie Pozas, Lola Dueñas, Juan Diego

 Herr.: Espainia (2016)

Puntuazioa: 3

 

Inork ezin du heriotzatik ihes egin. Oso momentu latzak eta mingarriak izaten dira maite dugun pertsona bat gaixotzen ikustea, eta, are gehiago, gaixotasunak sendabiderik ez duenean. Lino Escalerak prozesu honetan gertatzen diren pausoak azaltzen ditu: gaixotasuna ezagutu, sendatzeko ahaleginak egin, gertatu behar dena onartu eta azkeneko agurra eman. Kasu honetan, aitaren eta bi alaben istorioa da. Ezkonduta dagoen alabarekin bizi da aita, Almeriako herri batean. Beste alaba Bartzelonan bizi da. Bi alabak berriz elkartuko dira aitaren prozesua bideratzeko. Horrela, hiru pertsonaien izaera ezagutzen joango gara. Ez zaigu informazio askorik emango pertsonaien iraganari buruz. Garrantzitsuena oraina da. Halako egoeretan pertsonaien portaera erakustea. Aita nolakoa den ikusiko dugu, baina, batez ere, bi alaben nortasunak ezagutuko ditugu. Bartzelonan bizi den alaba negozio emakumea da, baina ez da kapaz besteekin harremanak izateko, ez du orekarik eta bere buruari kalte egiteko joera du. Beste alabak, lasaiagoa, gozoagoa dirudi, baina, agian, bizitzako zailtasunei aurre egiteko indartsuagoa da. Zuzendariak elipsiak erabiltzen ditu. Drama modu neurtuan azalduta dago, hiru aktoreen lan bikainaren laguntzarekin. Oso ondo islatzen dituzte pertsonaien sentimenduak.

Alien Covenant

Fintasuna eta ikusgarritasuna

Zuzendaria.: Ridley Scott

 Aktoreak: Michael Fassbender, Katherine Waterston, Danny Mcbride

Puntuazioa: 3

 

 Ia 38 urte pasa dira Ridley Scottek Alien zuzendu zuenetik. Beste zuzendari batzuek jarraitu dute Scottek zabaldutako bidea, berriro jatorrizko zuzendariaren eskuetara bueltatu arte. Eta bai, badira espazioan arriskuan dagoen tripulazio bat, munstro beldurgarriak eta androideak, baina, hala ere, bi filmen arteko diferentziak nahiko nabarmenak dira. Lehena lan fina izan zen. Osagai gutxirekin lan kezkagarria eta klaustrofobikoa lortu zuen. Dena espazio-ontzi baten gertatzen zen. Zazpi bidaiari euren bizitzagatik borrokatzen, munstro baten aurka. Munstroaren agerraldiak murriztuagoak ziren, eta, askotan, horren agerpena sumatzeak tentsio ikaragarria sortzen zuen. Oraingo honetan, Scottek, batez ere, ikusgarritasuna bilatu du, eta esan behar da helburua lortu duela. Alien Covenant ikuskizun dibertigarria eta nabarmena da. Denetik dauka gehiago: tripulazioa, munstroa, androideak eta paisaia desberdin gehiago. Istorioaren izar nagusiak bi androide dira. Cainen eta Abelen eta Nemo Kapitainaren eta Frankensteinen itzalak antzematen dira. Eta honekin batera, sarraskiaren barnean badago umore trufariaren ukitua. Igartzen da zuzendaria duela urte batzuk Hannibal Lecterren mundura hurbildu zela. Oraingoan, Alien filmetara bueltatzen da lan entretenigarria burutzeko.