Zinemaldia: Frantziako zinema

Zinemaldiko laugarren egunean sartu gara. Momentuz, herrialde, estilo eta mota desberdinetako filmak ikusteko aukera izan dugu. Batzuk onak, beste batzuk ez hain onak, denetarik izan da.

Sail Ofizialean orain arte, Frantziatik etorritako  hiru film izan ditugu eta ez dute zer ikusirik bata bestearekin:

la-fille-de-brest

La fille de brest

Hasierako filma La Fille de Brest izan da. Mediku batek farmaziako laborategi bat salatuko du, merkatura ateratako medikamentu bat kaltegarria delako. Laborategiek indar handia dute, ondo ezarrita daude.. Gizarte-Segurantzak, medikuek eta pazienteek medikamentua ona dela diote eta oso zaila izaten da horren kontra borrokatzea. Emmanuelle Bercot halako kasu bat azaltzen dizkiguen arren filma nahiko konbentzionala da. Ez dago ezustekorik. Ikusleari gustatzen zaio David eta Goliateko norgehiagoka ikustea. Horrela indartuta ateratzen da zinematik oraindik gauzak aldatzea posiblea dela esaten diotenean. Eta La Fille de Brest mota honetako filma da. Arazorik gabe ikusten da, Erin Brokovichen bidea jarraitzen du. Egun arrunt batean ikusteko filma da, baina zinemaldi baterako konbentzionalegia da.

orpheline

Orpheline

Frantziatik ere, Orpheline filma heldu da. Hauxe, ez du zer ikusirik goian aipatutako lanarekin. Film honetan emakume desberdinen istorioak kontatzen zaizkigu. Horretarako, Arnaud Des Pailléresek oso gertuko planoak erabiltzen ditu. Lehen plano eta oso kolore biziekin jokatzen du emakumeen keinuak eta begiradak jasotzeko. Badu filma tonu aztoratzailea eta sentsuala. Istorioak hasten dira, batzuk besteak baino lehenago bukatzen dute. Hasierako istorioa bukaerako partean bueltatzen da eta agian filmaren istorio onena da. Orokorrean, ez diogu istorioeri lotura bat ikusten.Ez dakigu ondo zuzendariak zer esan nahi duen eta azkenean, filma itxura erakargarrian geratzen da osotasun ulergarri bat lortu barik.

nocturama

Nocturama

Frantziatik etorritako hirugarren filma Nocturama dugu. Adin eta gizarte maila desberdinetako talde batek Parisen atentatu bat burutzea erabakitzen  du. Atentatuek Pariseko erakunde eta enpresa handietara zuzenduta dago. Horren prestaketa,  atentatuaren emaitza eta taldea luxozko saltoki handi batean babesten ikusiko dugu. Sistemaren kontra daude dirudien arren, ez daukate ideologi zehatzik eta  azken finean  borrokatzen duten gizarte konsumista euren barnean dago. Bertran Bonelloren filma originala, ausarta eta probokatzailea da. Horrelako filmak zinemaldian egon behar dute. Agian momentu batzuetan filma luzeegia da eta zuzendaria gehiegi gozatzen du sortzen dituen  irudiekin. Nocturama oso lan interesgarria da, zerbait desorekatua baina ikuslea astintzeko ahalmenarekin.

Honetxek dira orain arte Frantziatik etorritako filmak. Hurrengoan beste filma batzuekin jarraituko dut, baina zinemara joateko momentua heldu zait.

Beste bat arte