ç
Maitasunaren indarra
Zuz.: Jeff Nichols
Aktoreak: Ruth Negga, Joel Edgerton, Michael Shannon
Herr.: AEB (2016)
Puntuazioa: 4
Ameriketako Estatu Batuetako Virginia estatuan kokatuta dago. Joan den mendeko 50eko hamarkada bukaeran. Hiriburutik aldenduta, basoan bizi den pertsona talde bat –gehienak beltzaranak dira, eta zuriak gutxiengoa– elkarrekin ederki konpontzen ikusten da. Badago semea edo alaba espero duen bikotea: gizona zuria da eta emakumea beltza. Washington estatura joango dira ezkontzera, debekatuta dagoelako Virginian arraza desberdinetako pertsonak elkarrekin ezkontzea. Legeak eta instituzioak zapaltzaileak dira eta, ezkontzaren ostean, elkarrekin nahi duten lurraldean eta baldintzetan bizi ahal izateko bikoteak izango duen borroka jarraituko ahal izango dugu. Bikotearen ibilbidearen lekuko bagara ere, istorioan, egoera politikoa eta epaitegietan izandako borroka bigarren planoan geratzen da. Jeff Nicholsen filma, batez ere, maitasun istorioa da. Zuzendariak, aldarrikapen nabarmenak egin barik eta ahotsa igo barik, sentiberatasuna eta neurria erabiltzen ditu bikotearen maitasuna azaldu eta ikusleak euren intimitatean sartzeko. Bikoteak ia ez du berba egin beharrik. Euren arteko keinuak eta begiradak benetan adierazgarriak dira. Eta horrela antzematen dugu zer-nolako astakeria den elkar maitatzeko eskubidea duen bikote bati zoriontsu izateko oztopoak jartzea.