La La Land

La La Land foto

Zinema musikalaren magia

Zuzendaria.: Damien Chazele

 Aktoreak: Emma Stone, Ryan Gosling

Puntuazioa: 4

 

Pelikularen hasiera benetan ikusgarria da. Los Angelesko errepidean auto-ilara izugarria sortzen da. Autoetan dagoen jendea kanpora irteten da, dantzatuz eta abestuz. Arrakasta izatearen ilusioa erakusten dute. Eszena alaia, koloretsua eta bizia da. Hurrengo eszenak ere –filmaren neska protagonista eta bere lagunak festa batera doaz– antzeko tonua du. Ostean, filmaren bikoteak elkar ezagutzen duenean, gauza lasaituko da, eta filmak tonu erromantikoa eta samurra hartzen du. Bikotea elkar ezagutuz joango da. Euren ilusioak ikusiko ditugu, hartutako bidean aurkitzen dituzten zailtasunak eta euren ametsak lortzeko bidean topatzen dituzten oztopoak. Pelikularen hasierako tonu bizia tonu malenkoniatsu bihurtzen da, poliki-poliki. Damien Chazelek zinema eta jazz musika omentzen ditu, dotoreziaz, sentikortasunez eta distiraz. Egungo bizitza eta 50eko hamarkadako bizitza nahasten ditu; telefono mugikorrak eta 50eko hamarkadako jantziak eta estetika. Zuzendariak ederki islatzen du Hollywoodeko musikalen energia eta Jaques Demyren musikalen ezaugarriak. La La Land-en zinema musikalaren ahalmen magikoa islatzen da. Errealitatea eta ametsak nahasten dira atmosfera bereziko lan honetan. Ikuslea liluratuta geratzen da bikotearen istorio xarmagarriarekin eta bien artean sortutako kimikarekin.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude