Jose Antonio Villar Oiarzabal hil da 86 urterekin. Iruña-Veleiako auzian buru-belarri sartuta  ibili zen azken urteetan

Jose Antonio Villar. Argazkia: ahotsak.eus, 2023

Gizon jatorra, benetan. Ezagutu genuenok ez dugu erraz ahaztuko. Agur eta ohore Jose Antonio! Euskal kantagintza modernoaren aintzindarietako bat, hona hemen haren  Euskal Wikipediako sarrera, eta ahotsak.eus-ek, Idoia Etxeberriaren eskutik, egin zion elkarrizketa.

Guk hemen bere azken urteetan Iruña-Veleia auziarekin izan zuen engaiamendu sakona azpimarratu nahi dugu. Zenbait artikulu ere idatzi zuen gaiaz, eta polemikatxoa ere izan zuen bigarren hezkuntzako irakasle Mikel Urkixorekin. (EHUko irakaslea zela jarri genuen lehen sarreran. Barka!)

Hona hemen Berriak 2019an argitaratu zion gutuna.

Iruñea Veleiako auziaren epaiketa dela eta

Jose Antonio Villar, 2019ko urriaren 30a

“Ditugun aurrekariak eduki eta dakiguna jakinda, epaiketaren egokitasunaeta zuzentasuna bera ere zalantzan jartzetik abiatzen naiz printzipioz. Besteak beste, errugabetasun-presuntzioan beharko luketen pertsona, enpresa, langile eta abarri errudun presuntzioa aplikatu zaie gutxienez: bazterketa, prestigio galera eta, horren ondorioz, erabateko langabezia eta ogibidearen ukapena. Badirudi azkenean epaiketarako lehen urratsak burutu direlaeta laster izango ditugula salatuak, jada aurrez epaituak, salatuen aulkietan.
Kasu honetan, beste guztietan bezala, epaituen errudun izaera frogatzeko, soilik froga enpiriko eta objektibo ukaezinak beharko lituzke epaimahaiak lehenik eta behin, hau da: nork, zer (materialen faltsutzea), noiz, nola, non, zerekin eta horrelakoak, eta inola ere ez zergatik edota zertarako edo antzekoak, betiere norbaitek asmatutako espekulazio hutsak liratekeelako egileek eurek askatasunez eta borondatez aitortuak ez badira.
Informazioaren eta komunikazio zientifikoaren, historikoaren edo dena delakoaren ikuspuntu tekniko eta etikoetatik begiratuz, gai juridiko soila izan ezik behintzat, ez du epaile batek, ezta ere inolako beste juristak aginpiderik eta eskusartzearen zilegitasunik, eta gutxiago oraindik edonolako hedabide batek.
Iruña Veleiako auziari dagokion guztia, nik dakidala behintzat, teoria/kontrateoria, tesi/kontratesi, prestigio/kontraprestigio egoeran dago, egoera eta eztabaida metafisikoan soilik, hain zuzen ere, eta horrela jarraituko du alde bietatik onartutako ikerketa bidez ebidentzia fisiko objektibo guztiak frogatzen ez diren bitartean. Hori egin eta geroko emaitzek emango lituzkete beste guztiari buruzko argibideak.
Epaiketan zehar gertatzea aurreikus daitekeen bezala, ustezko errudunen erruduntasuna zehazki frogatu ezinean, tesien eta kontratesien, teorien eta kontrateorieneta horrelakoen eztabaida sortu eta eztabaida horretan jarraitzeari bide ematen bazaio, bai epaileek, bai alde bietako ordezkari juridikoek euren korporatibismo zitala frogatuko lukete, ez zuzentasunaren aldekotasuna.
Beraz, gai akademikoak, zientifikoak, linguistikoak, historikoak eta abar eta abar dagokien diziplina guztietatik aztertu, eztabaidatu eta alde bietatik onartutako zientziatik epaitu ondoren argitaratu behar dira, eta ez zuzenean edo zeharretara epaitegi judizialetatik, ezta hedabideetatik ere. Epaileak ez dira orojakile, kazetariak ere ez diren bezala.
Salatuek epaileekiko gailentasuna dute arlo horietan, eta epaileak, juristak edota kazetariak salatu ditzakete ez dagokien arloan legez kanpo sartu izanaz.”

Gutun hau artikulu luze baten laburpena da, Naiz-en urte berean gazteleraz argitaratu zena. Hemen irakur daiteke.

2020an Mikel Urkixori Argia aldizkarian eman zion erantzuna kopiatzen dugu azpian. Hona hemen Mikel Urkixok gai honetaz argitaratu zituen hiru artikuluak. Ez genuela bere artikulurik aurkitu esaten genuen lehen sarreran. Berak helarazi dizkigu loturak. Berandu bada ere, barkamena eskatzen diogu Urkixori.

Salomon erregea epaile (Mikel Urkixo Aierdiri erantzuna)

Jose Antonio Villar, 2020ko martxoaren 22an

  • Zure artikulua irakurri dut gaia pil-pilean dagoelako eta ni ere jada nekatzen hasia nagoelako, baina ez dakit biok gauza berdinaz nekatu garen. Lehenik eta behin, zuk egiten dituzun bezalako azalpen bi egingo ditut:

1. Komunikazio Zientzia ikasten eta ikertzen saiatu naiz eta horretan jarraitzen dut duela hirurogei urte hasi eta eten gabe. Hainbat Unibertsitate zapaldu ditut urteetan zehar Frantzian, Espainian eta Euskal Herrian bertan ere, arlo horretako nire jakintza gosea asetzeko asmoz. Ez diot nire buruari “aditu” deitura ematen, ezta ere  ematea onartzen, baina “aritu” izana aldarrikatzen dut eta ezin dit hori inork ukatu, orain zahartzaroari halabeharrez egokitzen zaion harmaila kontenplatibo soiletik ari banaiz ere.

 2. Ez daukat nik ere zuk aipatzen dituzun pertsona edo erakundeekiko zorrik, eurekin harremanak, zuk bezala, izan ditudan eta oraindik baditudan arren, baina auziari buruzko epaia egina daukat nire kabuz eta esango dizut aurrerago nola.

         Bi puntu horiek aipatu ondoren eta  egiten dituzun gogoetak irakurri eta gero, zuk kezka edo ardura moduan azaltzen duzun azken konklusio bikoitzera jotzea iruditu zait egoki eta horretara noa: epaiketak ez du auzia argituko eta eztabaidak berdin-berdin jarraituko du.

         Beldur naiz, bai, hori gertatuko ote den, baina zergatiak zehazki aztertzen ez baditugu, nire ustez, neke inposatu baten nekez hasiko gara nekatzen, hala ni behintzat.

         Auzi honi buruzko nire oraingo nekearen hiru zergati azalduko dizkizut: lehena, alde bakarraren nahitako luzapena, bigarrena, auzian edo auziaz inplikatutako bakoitzari dagokien funtzio berezien nahasketa, eta hirugarrena, guzti hori zuzendu baino zapuzteko jardueran komunikabideek eskaini duten laguntza.  Argituko dut gero hiru zergatiez funtsean zer esan nahi dudan, baina utz iezadazu lehenik eta behin aurrekari bat jartzen.

         Giza Komunikazio etikoaren ikuspuntutik, egia objektiboaren bilakoa izan beharko litzake  gaiari buruzko ariketa guztia, beste gai guztiei buruzkoa bezala.

         Nire ikuspuntu berezitik argazki bat egingo diot auziari buruzko ariketaren egoerari, diodana uler dadin:

         Teoria bat dago hainbat hizkuntzalarik eta historialarik egiatzat daukatena, duela 1.700 urteetako gizarteak erabiltzen zuen hizkuntzari eta praktikatzen zuen erlijioari buruzkoa.

         Kontrateoria bat ere bazegoen eta badago beste hainbat hizkuntzalari eta historialarirena, beren egia besteenaren alderantzizkoa dela diotenak.

“Auzi honi buruzko nire oraingo nekearen hiru zergati azalduko dizkizut: lehena, alde bakarraren nahitako luzapena, bigarrena, auzian edo auziaz inplikatutako bakoitzari dagokien funtzio berezien nahasketa, eta hirugarrena, guzti hori zuzendu baino zapuzteko jardueran komunikabideek eskaini duten laguntza”

Bata edo bestea onar daiteke nahi izanez gero, baina biei errespetu guztiz, biak dira printzipioz espekulatiboak eta ez dira inoiz, ez bata eta ez bestea, axioma bihurtuko froga enpiriko objektibo bat aurkitzen den arte.

         Norbaitek froga horien aztarnak aurkitu dituela adierazi duenean berpiztu dira, indartsu, alde bietako teorien eztabaidak eta alde batekoen teoriaz baliaturik  froga horien ezinezkotasuna dela eta, aurkitzailea eraman dute auzi judizialetara.

         Balizko froga horien aztarnak dituzten materialak ezkutatu eta gorde dituzte  alde batekoek  eta horiek baliogabetzen saiatu dira hamaika urtez.

         Aurkitzailea bera lehenengo lehenengotik, eta aipatutako kontrateoriaren aldekoak “Iruña Veleia Argitu” lelopean taldeturik ondoren,  saiatu dira behin eta berriz gero eta indartsuago aldarrikatzen eskura dauden era zientifiko erabakiorren bidez azter daitezela materialak froga horien egiazkotasunari edo faltsutasunari buruz erabateko egia objektiboa argitu dadin.

         Aipatutako lehen teoriaren egile eta sinesle direnen  aldekoei betiere entzun diedana izan da (eta zuzendu nazatela besterik izan baldin bada) eurena zientzia dela eta ez dagoela jada beste zientzien beharrik eta zientzia horren aurkako erasoa egin izana leporatuta eraman dela ustezko erasotzailea auzi judizialetara.

         Argazki horretan irudikatu dut erabateko egiaren bila aztertzeko  eta epaitzeko dagoena edo egon beharko lukeena.

         Baina epaiketak milaka egin dira jada epaile bakoitzari dagokien funtzioetatik at eta funtzio ezberdinen nahasketa ezegokitik abiaturik.

         Auzi honetan hiru erakunderen funtzioak eta jarduerak dira niretzat aztergai nagusi:

  1. Komunikabide edo hedabideak alde batetik, orain arteko epaiketa publikoak sortu eta  burutu dituztenak.
  2. Erakunde judiziakak, laster beren epaiaren berri emateko prest daudenak.
  3. Erakunde zientifikoak, alde batetik teoriagileak eta bestetik tresneria eta baliabide egokiz egia objektiboaren ziurtagiria eman dezaketenak.

         Komunikabideen eginkizuna egiazko informazioa ematea da, edo izan beharko luke, besterik gabe, eta kasu honetan teorien eta kontrateorien berri orekatua bideratzea, irakurleek edota ikus-entzuleek beren balizko iritzia osatu dezaten, baina hori erabat errespetatuko duen bat aurkitzea ia ezinezkoa da gaur egun euren iraupenerako bi baldintza ekidin ezinak dituztelako.

         Bata, diru-laguntza “ofizialen” ezinbestekosunak eragiten diela nolabaiteko  morrontza, eta bestea, batabestearekiko lehia irakurleria edota ikus-entzuleriaren kopuruetan neurtu behar dutela eta beren kazetariak espektakulu iraunkorra  sortzera behartzen dituztela, jendea espektakuluaren gose delako,  bestela euren ogibidea kolokan jarriz.

         Jakina da, kazetariak bere jakintza erabiliz ordu-laurdeneko saio bakarrean gauzak argi eta garbi jartzea lortzen badu, hurrengo egunerako beste zerbait aurkitu beharrean izango dela eta hori ez zaio komeni ez berari, ez bere aginteriari, zeren gauzak zenbat eta luzeagoan iraunarazi eta zenbat eta nahasiagoak egin edo azaldu, hainbat eta lan aukera hobeak eta luzeagoak.

         Erakunde judizialen funtzio soila, berriz,  kasu bakoitzean legearen haustura bai edo ez epaitzea da, baina oso gaizki  ohiturik gaude epaile judizialen orojakintza eta ahalguztiduntza ontzat ematen eta betiere beldur gara jakinik zein ondorio izaten duten epaile horien ebazpenak, zuzenak edo okerrak izan, bidezkoak edo bidez kanpokoak.

         Kasu honetan legea hautsi izanaren salatuak balizko haustura horri buruzko galderei erantzun beharko lieke soilik eta salatzaileek berriz, hausturaren froga zehatzak, ez teorikoak, ez balizkoak, aurkeztu beharko lituzkete, hau da, zer, zenbat, noiz, nola, non, zerekin eta abar, baina betiere zehatzak, objektiboak eta argiak, ez susmoetan, balizko motibazio edota intentzioetan oinarrituak.

         Horrelako frogarik ez balego, ez legoke beste arlo batzuetara salto egin eta denbora galtzerik, baizik eta epaia berehalakoan eman.

“Kasu honetan legea hautsi izanaren salatuak balizko haustura horri buruzko galderei erantzun beharko lieke soilik eta salatzaileek berriz, hausturaren froga zehatzak, ez teorikoak, ez balizkoak, aurkeztu beharko lituzkete”

Epaimahai judiziala ez da inola ere gai teorien eztabaida epaitzeko, materialen egiazkotasuna edo faltsutasuna erabakitzeko, aldekoen edota kontrakoen pedigriei buruzko  balioen neurketa egiteko eta gutxiago ustezko balio horien arabera epaitzeko, eta garbi baino garbiago daukat guzti hori  eta antzerakoak epaiketarako intrukzioan sartu  badira eta epaiketa saioetan horrelakorik erabili baldin bada, egiaren kontrako lapurreta litzatekeela eta benetako justiziaren kontrako ariketa. Ez dut epaiketa saioetara hurbiltzeko aukerarik izan, baina badakit ordubeteko saio bat nahikoa litzatekeela soilik salatzaileen eta defendatzaileen lekuko zuzenak deituak eta galdetuak izan balira.

         Erakunde zientifikoak aipatzean ez dut zalantzan jarri nahi hizkuntzalarien, historialarien eta beste hainbat horrelakoren oinarrizko zientzia, baina zientzia hori ezin da behin Akademia batetan lortutako etiketa erakutsiz eta aireratuz soilik bermatu iraupenean, eta zientzialaria bere zientzia eguneratzeko gai ez bada edo prest ez badago, niretzat etiketaren balioa galtzen du eta jada Akademiak berak ere ez luke babestu behar.

         Zientzia horiei  eta horietako zientzialariei bereziki antzinateari buruzko teoriak eraikitzeko ahalmena eransten zaie printzipioz, baina batez ere  antzinateari buruzko teoria eta kontrateoria guzti guztiak eztabaidagarri dira axioma, hau da, ebidentzia bidezko egia frogatua bihurtu arte eta era guztietako teorien sortzaile eta eustaileek, benetako zientzialari badira behintzat,  ebidentzia horien balizko aurkitzeari arreta eta  garrantzia gehiago eman beharko liekete, euren teorien  euste egoskorrari baino.

         Eta goazen azkenik gure harira:  nik neure iritzia garbi daukat eta horretarako, Kristo aurreko mila bat urteko ipuin historikoaz? baliatzen naiz, Salomon erregearena hain zuzen ere.

         Hark egiazko amaren bila egin zuen froga irudikatu dut eta galdetu: Nor da egiazko egiaren froga, behin betikoa, objektiboa, guztion partetik onartutako zientifiko askeak egin ahal dituenari egin ditzan eskatzearen partaide eta eragile, teoria bataren edo bestearen dema alde batera utzi eta zientzia objektiboaren epaia onartzeko?

         Horixe da benetako zientzialaria, egiaren jabe izan nahi duena, eta ez etiketaren bandera erakutsi eta aireztatzean soilik egiaren jabetza aldarrikatzen duena.

Kategoriak Sailkatugabeak | Utzi iruzkina

Josetxo Mendiari elkarrizketa Baztan-Bidasoako Xorroxin Irratian

Hemen entzun daiteke

Kategoriak Sailkatugabeak | Utzi iruzkina

‘Bi indusketa-eredu Iruña-Veleian’, Tomas Elortza Ugarteren iritzi-artikulua

Iruña-Veleiako indusketetan bi aro bereiz daitezke: lehenengoa, 20. mendearen haseratik 2008ko azaroaren 19ra artekoa (Verastegui, Gratiniano Nieto, J. Carlos Elorza eta Eliseo Gil Zubillagak eta Idoia Filloyk zuzendutako LURMEN). Haien indusketa-eredua klasikoa zen: eskuzkoa, lanabes xumeekin -paletak edota haitzurtxoak- galbahea, eskorga, taketak, kordelak. Horrela industuta lortutako objektuz beteta daude arkeologia museoak munduan. Iruña-Veleiako kasuan, beste milaka gauzez gain, polemika antzua eragin zuten 400 bat grafito daude, ik. Grafitoak gaika.

Bigarren ereduan makinak hartzen du protagonismoa. Iruña-Veleian, EHUko arkeologia katedraduna den Julio Núñez Marcén-ek eman zion hasera eredu honi 2010ean, Eliseo Gil kanporatu ondoren Arabako Foru Aldundiak (AFA) aztarnategiko zuzendari izendatu zuenean. Aurrekoen lan egiteko era baztertu eta hondeamakinatzar bat eta bi kamioi jarri zituen lanean: hondoko harria jo arteko lurra kamioietan kargatu eta zuzenean zabortegira, ik. Inaugurazioaren irudi ikusgarriak Youtuben.

Josetxo Mendia eta Aitor Lasagabasterrek urte batzuk daramatzate AFA-k agindutako indusketak bideoz erakusten. Azkena abendukoa da -“Iruña Veleiaren txikizioa dokumentatzen 2025”- eta, bertan, azken 16 urteotan aztarnategian egin dituzten hondeamakina bidezko lanak erakusten dituzte: 9 interbentzio 13.500 bat m2 hartuz. Banan-banan, bakoitzaren deskribapen labur bat eginaz, hona Josetxoren esaldi batzuk: “estratu guztiak aurretik eraman dituzte”, “2000 urteko historia hankaz gora bota dute”, “dena zabortegira, galbahean pasa gabe”, “bai Gratiniano Nietok, bai Elorzak bai LURMENek harresiari atxikita aurkitu zituzten edifikazioak ‘aurretio’ eraman ditu eskabadorak”, “hemen V. mendeko haur-hilobiak zeuden”, “eskabadora sartzen dugunean ondarea galdu egiten da”, “aztarnategi honek Babes Gorena dauka eta hau egitea…!”.

Baina zirku erromatarrak hauspotuta-edo, AFA-ko Kultura eta Kirol diputatua pozik azaldu zen urtarrileko prentsaurrean, ”Iruña Veleia entra en una nueva etapa tras la verificación de un circo romano”: dagoeneko  lan asko egin dela, zorroztasun zientifikoz eta etorkizunerako ikuspegiarekin ari direla. Ondare materialaz ari da batez ere: harresia, zirkua, azoka, galtzada, S. Juan monastegiaren hondakinak, bidea, panelak… Aipamentxo bat ere ez LURMENek aurkituriko milaka objektuez -batzuk Bibat Museoan. Eta hurrengo 10 urteetarako egingo den Plan Zuzendarian ere baztertuta geratuko dira. Hau ez da ‘zorroztasun zientifikoa’!

Batak eta besteak ezaugarri eta ondorio desberdinak dituzte, jakina: eskuzko indusketak denbora asko behar du, baina gauzarik txikienak ere jasotzeko aukera ematen du. Hondeamakina erabilita, berriz, denbora laburrean azalera handia induskatu daiteke; indusketa, bai, baina indusketa arkeologikoa dela esan al daiteke?

Gaiari amaiera emateko, urtarrilaren 29ko hitzaldia: Luis Silgo eta Josetxo Mendiaren hitzaldia suntsiketez Gasteizen (2026-01-29) non hainbat gai azpimarratzen dituen Luis Silgok: I-Vri buruzko historiaren laburpen mingotsa; gaur egungo indusketei buruzko iritzi guztiz negatiboa… Berriki, Joseba Lizeaga-Rikak Oxfordeko Unibertsitateko ‘Archaeometry’ aldizkari zientifikoan argitaratu duen artikulua ere aipatzen du: A Critique of the Institute of Cultural Heritage of Spain’s Indicators of Falsehood in Incisions on Ostraca From the Iruña-Veleia Archaeological Site, Spain, I-Vko 36grafito faltsu eta 1 benetakoa direla dioen IPCEko Navarroren txostenen gabeziez eta haiek zuzentzeko proposamenez.                                                 

Gauza bat daukat garbi: Iruña-Veleiak tratu hobea merezi du, ez dakit nora begira dauden agintariak.

Tomas Elortza Ugarte

Kategoriak Sailkatugabeak | Utzi iruzkina

Luis Silgo eta Josetxo Mendiaren hitzaldia suntsiketez Gasteizen (2026-01-29)

Utzi Pakean-ek grabatua (Aitor Lasagabaster) Hemen klik eginda ikusi daiteke

Kategoriak Sailkatugabeak | Utzi iruzkina

Otsailaren 1ean, igandez, hurrengo bisita gidatua

Gidaria: Josetxo Mendia Azurmendi

Hitzordua: 11:00, Iruña-Veleiako aparkalekuan

Komeni da aurrez jakinaraztea tlf. honetan: 696296767

Kategoriak Sailkatugabeak | Utzi iruzkina

Suntsiketez hitzaldia urtarrilaren 29an Gasteizen Luis Silgo eta Josetxo Mendiaren eskutik

Iruña-Veleia desegiten jarraitzen dute gure erakunde eta intelektualen isiltasun konplizeaz. Egin dezagun zerbait!!!

Kategoriak Sailkatugabeak | Iruzkin 1

2006-2025, Iruña-Veleiari buruzko bibliografia Tomas Elortza Ugarteren eskutik

Pantailaren goialdean ikusiko duzue Bibliografia ipini berria, aurrekoa ordezkatu duena. Pdf-a jaitsi daiteke, jakina. Grafitoen aurkezpena egin zenetik hogei urte betetzen diren honetan, garrantzi handikoa da gaiaz idatzi den guztiaren edo ia guztiaren bibliografia eskura izatea. Asko gara pentsatzen dugunok Iruña-Veleiako grafitoek inportantzia ikaragarria dutela Euskal Herriaren historian, eta gaian sakondu nahi duenak, izan  ikerlari zein hiritar soil, eskura du lehengaia. Gure herriko norbanako eta erakunde askok izan duten jokabide makurra  erretratatua geratzen da testu horietan. Baita jarrera jatorra izan dutenena ere.

Kategoriak Sailkatugabeak | Utzi iruzkina

‘Iruña-Veleiaren txikizioa dokumentatzen, 2025ean’ bideoa Interneten

Hemen ikus daiteke

Kategoriak Sailkatugabeak | Utzi iruzkina

Urtarrilaren 4an, igande honetan, hurrengo bisita gidatua

Gidaria: Josetxo Mendia Azurmendi

Hitzordua: 11:00, Iruña-Veleiako aparkalekuan

Komeni da aurrez jakinaraztea tlf. honetan: 696296767

Kategoriak Sailkatugabeak | Utzi iruzkina

 Euskalaria, ehiza inkontrolatuak arriskuan jarri duen hegaztia

(Lantxo honen bertsio laburra Berrian argitaratu zen 2018an. Lotura hautsia dagoenez eta artikulu hura gure blogean ere agertu zenez, hemen ikus daiteke lehen bertsio hura. Orain bertsio osoa argitaratzen dugu lehen aldiz).

Maiatzaren hasieran aurkeztu zen EHUko zenbait irakaslek eta NUPeko batek idatzi eta Eusko Jaurlaritzak argitaratu duen Euskararen Historia liburua, ia 900 orrialdeko obra mardula. Obrak antzinatetik gaur arteko historia jasotzen du hamar ikerlek sinaturiko zortzi ataletan. Lan ederra dirudi. Lehen bi atalak irakurtzeko astia izan dugu bakarrik, baina gainbegiratu on bat eman diogu guztiari, eta oso interesgarriak iruditu zaizkigu lan gehienak. Euskararen historian interesatua dagoenarentzat erreferentziazko obra, nahiz eta gure ustez gauza inportante gehiegi uzten dituen alde batera.

Euskararen historiaurrea du izenburu lehen atalak, Joseba Lakarrak sinaturikoak. Artikuluaren hasieran euskararen balizko senideez dauden teoriak aztertzen ditu eta banan-banan egurtzen bide horretan proposamenak egin dituzten ikerle gehientsuak: iberiera (Schuchardt, Orduña), berberea (Mukarovsky), kaukasiera (Lafon), eta beste asko. Hona hemen pasarte batzuk:

Federiko Krutwig euskaltzain ohiaz, Garaldea (1978) liburuan guantxea euskararekin lotu zuena: “Zaila da Europan 70ko amaieran horren pareko hizkuntzalaritza parodia funtsik gabekorik aurkitzea, marxismoaz, zibernetikaz edo gainerakoez erantsi eta liburuaren kapitulu osoak hartzen dituzten xelebrekeriak alde batera utzirik” (Lakarra 2018: 45).

Roslyn Frank Iowako unibertsitateko irakasleaz, euskal gaiez hainbat lan idatzirikoa: “Nire ustez, Krutwigen langa eta gailurrak berdindu ez arren –baina aitortzen dut Mitxelenak justu kontrakoa zeritzola– Iowako R. Frank hispanista ohiak (“En torno a un mito: el euskera y el indoeuropeo”, 1978). “I expect that few linguistics will find the author’s game entertaining” idatzi zuen Trasken aldetik, hark hatz, joko eta su-z egin “analisi” bitxi bezain funtsgabea pare bat orrialdetan sarraskitu ondoren. Ez dirudi egilearen azken 40 urteotako ekoizpenak bertoko friki taldetxoren batentzako opariez landa ezer hoberik duenik” (2018: 46).

Vahan Sarkisian hizkuntzalari armeniarraz, 2009an zendua : “Interes historiografiko hutsera ere ez da iristen Sarkisian euskaltzain ohorezkoaren euskara eta armenieraren arteko ahaidetasun-hipotesia” (2018: 50). Michel Morvan, Bordeleko Unibertsitateko hizkuntzalariaz, euskara eta hizkuntza uralo-altaikoen artean kidetasunak ikusten dituena: “Labur esateko, originalik (hitz honen adierarik orokorrenean) asko eta onik gutxi du Morvanen uztak –modernitatearen, Interneten eta frikien garaian usuegi gertatu bezala–” (2018: 64).

Theo Vennemman, hizkuntzalari aleman famatua, azken glaziazioaren ondoren vasconic hizkuntza Europa osora zabaldu zela defendatzen duenaz: “(Vennemman) prest da, aldiz –behar izanez gero, bistako manipulazioak ere tarteko direlarik–, hain oinarri eskaxeko helburu erraldoien alde edozer erabiltzeko amateur nekaezin bat bailitzan” (2018: 59). ”. Bizkaitarra euskaltzain oso bihurtu zenean 2009an, luze mintzatu zen alemanaz, eta “oraintsuagoko friki samaldak”en barnean kokatu zuen, bere jaioterrian egin zuen sarrera-hitzaldian.

Bittor Kapanaga autodidaktak (“Otxandioko Aztia” zenbaitentzat) “Testu baten bitxitasunak“ izeneko artikulu luzea ondu zuen, Luis Villasante euskaltzainburuak irakurri zuena Euskaltzaindiaren batzar batean; artikulu hori Euskera-n argitaratu zen 1983an. Gaia, Refranes y Sentencias-eko (1596) hainbat esaeraren azterketa. Horietako bat, Erioac ereçan Butroeco alabea Plencian. Originalean horrela dago itzulita: “El tártago mató a la hija de Butrón en Plencia”.Kapanagak pentsatzen du itzulpen okerra dela, egilea erratu egin zela. Itzulpenekoa esaera ez izateaz aparte, ez duela ez buru eta ez hanka. Luze eta zabal arrazoitzen du hori, eta bere itzulpena proposatzen: “Manantiales en el Ereza, la hija de Butrón en Plencia”. Hona otxandiarraren pasarte batzuk:

“Eta Mendebaldean erio hitzak bere esanahi argia eta gotorra du: manantial edo manamiento. Horrela ikasi nuen nik mutikotan eta horrela erabili izan dut beti: iturrian erioa hasi, edo erioa agortu; ontzi batek erioa izatea, mendian ur-erioak ikustea etab. […] Eta bilaketa lana hasi eta berehala aurkitzen dugu Ereza mendia, erioz betea; Euskalerrian mendi eriotsurik bada, Ereza dugu benetan eriotsua, beronen malda barrenetan hiru erreka sortzen direlarik. […] Esanahiari dagokionez, oso argi dugu auzia: garrantzi handiko emakumea izan behar zen Butroetarren alaba hori, edonola ere, esaera batetan bere oroitza geroari uzteko; Erdi Aroko jauntxo familien itzala eta Euskalerrian emakumeek beti izan duten gizarte begirunea kontutan izanez, bidezkoa dugu hori” (1983: 166).

Arrazoitzen duenez, esaera edo kopla zahar askotan naturako irudi bat doa aurretik metafora gisa, eta bizitza errealeko zerbait gero. Eretza mendian ur-lasterrak eder, Plentzian Butroe leinu nagusiko alaba eder, harro… Merezi du Kapanagaren artikulua osorik irakurtzea.

Guk, ildo beretik, pare bat gauza gehituko dizkiogu. Berak ematen dituen adibideez gain, hara beste bat, Santa Agedako kopletan kantatu ohi dena: Hor goian izarra/ hari begira lizarra/ etxe hontako nagusi jaunak / urre gorrizko bizarra. Eta orain hitz arraro horrekikoak. “Tartago: (Euphorbia lathyris). Planta euforbiácea anual, es común en España y tiene propiedades purgantes y eméticas” (María Moliner). Beraz, tártagoak ez du hiltzen, ez Plentzian eta ez inon, asko jota gorakoa edo beherakoa eragin. Bestalde, Elhuyarren hiztegiaren arabera, tartiku da euskaraz; erio = tártago ez daiteke inon aurkitu, ezta OEHn ere. Eta erioac ‘heriotzak’ zentzua balu, (h)erioc beharko luke, pertsonifikatu egin ohi delako.

Kapanagak berak esanda dakit zorionak jaso zituela zenbait euskaltzainen aldetik, eta Mitxelena suak eta garrak hartuta geratu zela, baina ez ziola sekula erantzun artikuluari. Erantzun zaila zuen.

Lakarrak bai, Lakarra sarri sartu da Kapanagaren artikuluarekin. Euskararen Historian zera dio:

”Nahiz B. Kapanagak 1983ko Euskera aldizkarian argitaratu artikulu xelebre batean (“Testu baten bitxitasunak”) bestelako proposamenak egin; bistakoa da egilea ez zela lectio difficilioren eta, oro har, filologiaren aldeko” (Lakarra&Mounole 2018: 353).

Georges Rebuschi Sorbonako katedratiko ohi frantsesa ere, euskal gramatikari buruz zenbait azterlan ondutakoa, sarri samar egon da bizkaitarraren begi-miran: “Horrela egin zuen Rebuschik futuroko inperatiboarekin bere tesian (1984), nahiz kontrakoa esplizitatua izan Mitxelena (1964a)n” (Lakarra&Mounole 2018: 357). Mitxelenak zerbait esplizitatu bazuen, nola bururatzen zaio Rebuschiri beste zerbait proposatzea? Hamaika ikusteko jaio ginen.

Eta ez dira deskalifikaturiko bakarrak. Nire azkenetariko aztergaia euskara-paleosardiniera senitasuna izan denez, zilegi izango zait gai honi leku zabalagoa eskaintzea. Eduardo Blasco Ferrer hizkuntzalari katalanak (Cagliariko Unibertsitateko katedradun ohia, 2017an zendua) artikulu ugari argitaratu zuen hizkuntza bien arteko loturaren hipotesia jorratuz, eta liburu mamitsu bat ere bai 2010ean. Besteak beste, ondorengo euskal erroak aurkitzen zituen islako toponimian: ala, haran, ardi, (h)artza, baso, berri, bide, ertz, *goni, gorri, (h)iri, istil, itz/*iz, lats, logi, lur, mando, ola, on, orri, osto, (h)otz, (h)obi, soro, (i)turri, ur, zuri.

Lakarrak kategorigoki esaten du euskararekin ez dutela inolako zerikusirik eta antzak homofoniaren, hau da, kasualitatearen fruitu direla. Zera idatzi zuen 2013an: “Desgraciadamente para Eduardo Blasco, nada similar existe entre Paleovasco y Paleosardo y resulta imprescindible seguir llamando “casualidad” y “homofonía”a lo que tras una mínima revisión no alcanza los estándares diacrónicos menos severos” (2013: 144).

Zenbaitek badakikeenez, Euskararen aztarnak Sardinian izeneko liburua argitaratu zidan Pamielak 2017an. 360 orrialde, urte batzuetako lana. Bertan, Blascoren ikerketak oinarri hartuta, erromatar garaiko epigrafian eta leku-izenetan edo gaur egungo sardinieran bila daitezkeen balizko aztarnak aztertu ondoren, toponimian sakontzen da. Badira islan 350 bat leku-izen Euskal Herrikoen berdinak edo ia-ia: Adarre, Alzola, Arga, Aresti, Aritzu, Aritzola, Arreba, Arratzu, Arresi, Aspe, Aspidatzu, Baiona, Balzola, Baratz, Borda, Goni, Isturis, Loiri, Meschiris, Olzai, Orbais, Searsolu, Sorabile, Uri, Urrosolo, Zuri…, eta beste lau mila inguru elementuren bat berdina dutenak. Lartxo homofoniak izateko.

Editoreak komentatu izan dit liburua hor dagoela, eta gai horretaz jardun nahi duenak ezinbesteko erreferentzia izango duela aurrerantzean; kritikatzeko, laudatzeko, zuzentzeko, osatzeko… Horretan nengoen ni ere Euskararen Historia liburuan Lakarraren iruzkina irakurri arte; zera dio Blasco desmuntatzen duen ataleko oin-ohartxo batean : “Elexpuru jaunak ez dio gezurrik arestian ateratako liburuan hura ez dela berezilarientzat idatzia ozenki aitortuaz; ez du, beraz, harekin hemen denbora galtzea merezi” (2018: 65).

Bejondeizula Lakarra jauna. Dena dela, Elexpuru jaunak liburuaren sarreran jartzen duena gogoratuko dizu, ez baituzu, nonbait, ondo ulertu: “Liburu honek ere eskertuko ditu kritikak, zuzenketa proposamenekin batera; zorrotzak eta eraikitzaileak badira hobe, jakina. Baina, aurrekariak ezagututa, diren modukoak direla, izen-abizenez sinatuta egotearekin konformatuko nintzateke (hau bete duzu, behintzat). Batek baino gehiagok igarriko du zertaz ari naizen. Liburuak edozeinek irakurtzeko modukoa izan nahi du. Ez dago espezialistei begira egina, ez da aldizkari zientifiko baterako artikulua, baina espezialistengana ere iritsi nahi luke”.

Mezua argia da: konparaketak ez du balio euskararen lehenaldia ezagutzeko, toponimiak ere ez, Iruña-Veleiak ere ez (faltsuak); berreraiketak bakarrik, nire berreraiketak, alegia. Eta, dakizuenez, ni naiz horretaz gehien dakiena. Lakarraren berreraiketez eta etimologiez luze jardun daiteke, baina ni baino “berezilari” hoberik bada eginkizun horretarako.

Edonork du eskubidea edonoren teorien ustezko ahuleziak kritikatzeko eta bereak proposatzeko, jakina, baina neurrimendua eta errespetua bezalako irizpideek lekutxo bat izan behar lukete kritikariaren buruan.

Euskalariak dira gure hizkuntzaren legio atzerritar boluntarioa. Garai batean ugari ziren. XIX. eta XX. mendeetan euskarak mundu osoko hizkuntzalariak erakarri zituen. Euskalarien Nazioarteko Jardunaldiak egin ziren 1980an, Euskaltzaindiak antolatuta. Villasante, Haritxelhar, Satrustegi, Irigoien, Mitxelena eta Knörren garaiak ziren. Euskal Herrikoez gain, baziren kanpotik etorritako dozena bat “baskologo”. Gaur egun horrelako bat antolatuko balitz ez dakit nik zenbat hurbilduko litzatekeen, hemen dabilen tiro-hotsa entzunda. Agurtu beharrean egurtu, goretsi beharrean gutxietsi. Eta deigarria da euskarari garrantzi eta hedadura historiko handiena aitortzen diotenak (Vennemann, Blasco, Frank, Morvan…) izaten direla tirokatuenak.

Hitz batek definitzen gaitu: etxekalte. Zer pentsatuko dute gutaz?.

Euskalarien zerrenda

Euskalariez jardun dugu, eta hona hemen euskalarien zerrenda luze bat; ez daude denak, jakina.

Espainiarrak: Lorenzo Hervás y Panduro (1735-1809), Ramón Menéndez Pidal (1869-1968), Antonio Tovar (1911-1985), Jose María Sanchez Carrión “Txepetx” (1952), Eduardo Orduña Aznar. Frantsesak: Louis-Lucien Bonaparte (1813-1891), Julien Vinson (1843-1926), Achile Luchaire (1846-1908), Julien Sacaze (1847-1889), Antoine Meillet (1866-1936), George Lacombe (1868-1916), Henri Gavel (1880-1959), René Lafon (1899-1974), André Martinet (1908-1999), Jacques Allières (1929-2000), Michel Morvan (1948), Georges Rebuschi (1949). Herbeheretarrak: Willen J. van Eys (1825-1908), C. Cornelius Uhlenbeck (1866-1950), Rudolf de Rijk (1937-2003). Ingelesak: E. Spencer Dodgson (1857-1922), Alan Roy King (1954-2019). Alemanak: Wilhelm von Humboldt (1767-1835), Karl Mahn (1802-1887), Hugo Schuchardt (1842-1927), Gerhard Bähr (1900-1945), Karl Bouda (1901-1979), Theo Vennemann (1937). Austriarra: Hans Mukarovsky (1922-1992). Suitzarra: Johannes Hubschmid (1916-1995). Txekiarra: Norbert Tauer (1898-1983). Italiarrak: Alfredo Trombetti (1866-1929), Vittorio Bertoldi (1888-1953). Norvegiarra: Hans Vogt (1903-1986). Armeniarra: Vahan Sarkisian (1954-2011). Georgiarra: Shota Dzidziguri (1911-1994). Katalanak: Fidel Fita (1836-1918), Pere Bosch Gimpera (1891-1974), Joan Coromines (1905-1997), Eduardo Blasco Ferrer (1956-2017). Estatubatuarrak: Larry Trask (1944-2004), Roslyn Frank (1939), Mikel Morris (1957), Juliette Blevins. Japoniarrak: Suzuko Tamura (1934-2015), Tadao Shimomiya, Hiromi Yoshida (1964).

Ikusten denez, asko eta maila handikoak izan dira eta dira euskalari atzerritarrak. Horien artean frantsesak ugarienak, dozena bat ageri dira goiko zerrendan. 1980an Euskalarien Nazioarteko Jardunaldiak egin ziren Leioan, Euskaltzaindiak antolatuta. Hamabi izan ziren erbestetik etorritakoak. Harrezkero ez da besterik egin. Gaur egun pentsaezina da horrelako biltzar bat. Eta ez bakarrik atzerritarrak izutzen eta uxatzen ditugu, bertakoak ere bai. Bi kasu aipatuko ditut:

Jose Luis Iturrioz Leza (Huércanos, 1947). Euskal jatorriko hizkuntzalari errioxar hau Linguistika Orokorreko irakasle izan zen EHUn (1983-85). “La función de la -A y de -TA a la luz de la dimensión de individuación” artikulua idatzi zuen Euskera-n 1985ean. Urte horretan Mejikora emigratu zuen fakultateko giroarekin deseroso sentitzen zelako. Guadalajarako Unibertsitateko irakaslea izan da eta hainbat hizkuntza indigenaren azterketak egin ditu. Huichol hizkuntzaren espezialista handiena da egun. Haren bibliografia oso zabala da beste gai batzuetan ere. Ez dio berriro heldu euskarari.

Hector Iglesias (Baiona 1967). Filologian doktore Bordeleko unibertsitatean. Toponimiarekin, euskararekin eta iberierarekin lotutako hainbat ikerketa-lan argitaratu zuen 2010era arte, batez ere IKER zentroan (CNRS, eta Bordeleko eta Paueko unibertsitateen plataforma). 2009an Iruña-Veleiako aurkikuntzei buruzko txosten luze eta sakon bat argitaratu zuen, benetakotasunaren aldekoa. Kritika gogorrak jaso zituen EHUko zenbait katedradunen zein IKEReko zuzendaritzaren aldetik, eta aurrerantzean ezin izan zuen ezer publikatu zentro horretan. Euskal Herritik urrundu eta Frantzia barnealdeko institutuetan egin du lan harrezkero. Dakigula, ez du ezer argitaratu ordutik hona, 2016an Parisen Iruña-Veleiaz atera zuenaz aparte (Ik. biblio).

Eta hauei, bere burua zentsuratzen dutenak gehitu behar zaizkie. Zenbat eta zenbat euskal unibertsitate eta akademietan! Hau eta hori esango nuke edo ikertuko nuke, baina pentsatzen dudana adieraziko banu, agur nire karrera akademikoa. Lanpostua galduko dut, ez dut gora egingo, ez naute Kongresuetara deituko, ez dut azterketa-bekarik jasoko, paria bat bihurtuko naiz. Sinadurak biltzen kalean egotea egokitu zaigu I-Vko ostrakei laboratorioko analisiak egiteko eskatuz. Eta sarri samar gertatu zaigu andra-gizonak mahaira hurbiltzea eta haietako bakarrak sinatzea. Zergatia galdetuta, unibertsitateko irakaslea naiz, edo Jaurlaritzako edo Aldundiko politikaria edo langilea, idazlea, musikaria, aktorea… “Enoie firmetan” ziostan urrutitik atzamarrari eraginez, sinadura-eske atarietan sarri aurkitu dugun lagun zahar batek.

Kategoriak Sailkatugabeak | Utzi iruzkina