Etiketaren artxiboa: igorre

IGORREKO SAIOA

Aurreko igandean, Bizkaiko Txapelketako azken aurreko kanporaketa jokatu zen Igorreko frontoian. Bertan, gure eskolako Beñat Vidal eta Joanes Igeregik abestu zuten.


Gure eskolakideak ederto ibili ziren eta maila ona dutela erakutsi zuten. Saioko irabazlea Miren Amuriza izan zen. Orain arteko puntuaziorik altuena lortu berriztarrak.



Saioa orain arteko biziena izan zen. Bertso onak zein umoretsuak entzun genituen.


Beñat eta Joanesi elkarrekin abestea egokitu zitzaien zortziko nagusian. Hona hemen gaia: Beñat, 30 urte daroazuz eskola berean irakasle. Gaur, Joanes irakasle hasi berriaren lehenengo eguna da. Eskola amaituta alkartu zarie. Hemen Beñaten lehen bertsoa:


Klasera sartu eta aurrean
24 mutil neska,
izango zendun gela barruan
sekulako oihu festa.
Lehenengo eguna holakoa da
eta etzaitela kezka,
hasieratik Joanes gogor
egingo zenien, ezta?


Eta hauxe Joanesen erantzuna:


Benetan gogor egin dudanik
Beñat etzazu ba uste,
ta oihuak baino ez ditut jaso
nire azalpenen truke.
Egun bat baino ez da pasatu
ta jada utziko nuke,
nola demontre aguantau duzu
zuk 30 urte?


Gauzak horrela, honakoa azken emaitza:


Miren Amuriza      446,5
Peio Ormazabal    392
Eneko Abasolo    365,5
Beñat Vidal        333
Ortzi Garitano      331
Joanes Igeregi   327


Gogoratu hurrengo saioa, igandean izango dela, Erromoko Gobela Polikiroldegian, 17.30etan. 500 toki baino ez daude, eta joateko asmoa baduzue, sarrerak www.bertsosarrerak.eu webgunean eskuratu ditzakezue.


Oharra: Argazkia www.ukberri.net webgunetik hartua da.