AZKEN KANPORAKETA IGANDEAN GETXON!

Bertsozale!


Igandean Bizkaiko Txapelketako azken kanporaketa Erromoko Gobela Polikiroldegian izango da, arrastiko 17.30etan. Oraingoan ez du ALBEko kiderik parte hartuko, baina bertan jakingo dugu zeintzuk diren finalaurrekoetara sailkatzen diren bertsolariak.


Gogoratu: sarrerak aurretiaz atera, 500 pertsonarentzako aforoa baino ez dago! www.bertsosarrerak.eu webgunean sartu eta bertan lortuko duzue sarrera.


Domekararte!

IGORREKO SAIOA

Aurreko igandean, Bizkaiko Txapelketako azken aurreko kanporaketa jokatu zen Igorreko frontoian. Bertan, gure eskolako Beñat Vidal eta Joanes Igeregik abestu zuten.


Gure eskolakideak ederto ibili ziren eta maila ona dutela erakutsi zuten. Saioko irabazlea Miren Amuriza izan zen. Orain arteko puntuaziorik altuena lortu berriztarrak.



Saioa orain arteko biziena izan zen. Bertso onak zein umoretsuak entzun genituen.


Beñat eta Joanesi elkarrekin abestea egokitu zitzaien zortziko nagusian. Hona hemen gaia: Beñat, 30 urte daroazuz eskola berean irakasle. Gaur, Joanes irakasle hasi berriaren lehenengo eguna da. Eskola amaituta alkartu zarie. Hemen Beñaten lehen bertsoa:


Klasera sartu eta aurrean
24 mutil neska,
izango zendun gela barruan
sekulako oihu festa.
Lehenengo eguna holakoa da
eta etzaitela kezka,
hasieratik Joanes gogor
egingo zenien, ezta?


Eta hauxe Joanesen erantzuna:


Benetan gogor egin dudanik
Beñat etzazu ba uste,
ta oihuak baino ez ditut jaso
nire azalpenen truke.
Egun bat baino ez da pasatu
ta jada utziko nuke,
nola demontre aguantau duzu
zuk 30 urte?


Gauzak horrela, honakoa azken emaitza:


Miren Amuriza      446,5
Peio Ormazabal    392
Eneko Abasolo    365,5
Beñat Vidal        333
Ortzi Garitano      331
Joanes Igeregi   327


Gogoratu hurrengo saioa, igandean izango dela, Erromoko Gobela Polikiroldegian, 17.30etan. 500 toki baino ez daude, eta joateko asmoa baduzue, sarrerak www.bertsosarrerak.eu webgunean eskuratu ditzakezue.


Oharra: Argazkia www.ukberri.net webgunetik hartua da.

AULESTIKO SAIOA

Igandean Bizkaiko Txapelketako hirugarren kanporaketa jokatu zen Aulestiko frontoian. Egun hotza egiten zuen, baina bertan bildutako 430 pertsonek giroa berotu zuten.


Kanporaketako irabazlea Ibon Ajuria izan zen eta finalaurrekoetarako txartela eskuratu du. Gure eskolako Arrate Illaro eta Peru Vidalek abestu zuten. Arratek hirugarren postua lortu zuen eta aukerak ditu finalaurrekoetara igarotzeko. Peruk ez zuen egun borobila izan, baina ale politak utzi zituen.


                              Arrate  


Arrate ofizioetan ederto ibili zen. Gorka Ostolazarekin egindako ofizioan gai hau egokitu zitzaien: Gaur berrogei urte bete dozuez biok. Gorka poz-pozik dabil, Arrate ez horrenbeste. Hau izan zen Arratek botatako lehen bertsoa:


Berrogei urte bete ditut ta
ia ezin dut egin lorik,
hartu bainaute bi titi jausik
eta beste bi izter lodik.
Zuri begira jarri ezkero
ez duzu ile askorik,
zuk be eztuzu horren gustora
egoteko motiborik.


Peruk ale politak utzi zituen zortziko txikian. Hauxe izan zen Ibon Ajuria eta Peruri egokitu zitzaien gaia: Pelikula baterako bertsolari bat behar dabela eta, casting-era aurkeztu zarie. Bion artean dago kontua. Jarraian, Peruren lehen bertsoa:


Baina jadanik zaude
zu atzeratuta,
nik irabazi behar
dut gaurko disputa.
Ni hartu behar naute
etzazula uka,
aktore politena
beharko dute ta.


                      Peru


Kontuak horrela, hauxe izan ziren puntuaketak.


Ibon Ajuria               410
Gorka Ostolaza        400
Arrate Illaro           392,5
Xabat Galletebeitia   364,5
Mikel Goiriena         347,5
Peru Vidal              308


Hurrengo kanporaketa, igandean izango da, Igorren. Bertan Beñat Vidal eta Joanes Igeregik abestuko dute.


Oharra: Argazkiak Ukberri.net webgunetik hartutakoak dira.

AULESTIN ARRATE ETA PERU

Txapelketaren trenak aurrera darrai eta oraingoan Aulestin egingo du geldialdia. Oraingoan bi ALBE kide izango ditugu kantuan: Arrate Illaro eta Peru Vidal.


   


Honako bertsolari hauek izango dituzte kantukide: Mikel Goiriena, Ibon Ajuria, Gorka Ostolaza “Potxis” eta Xabat Galletebeitia.


Zita, igandean, hilak 24, Aulestiko kiroldegian, 17.30etan.


Egurra gazteok!

URIA FINALAURREKOETAN

Igandean Balmasedararte joan ginen Jone Uria gure eskolakidea animatzera. ALBEko kideak kanporaketa irabazi zuen eta, beraz, finalaurrekoetarako txartela lortu du eta Durangon abestu beharko du azaroaren 21ean Onintza Enbeita eta Etxahun Lekuerekin batera.


                           


Saioa ez zen bikaina izan, baina ale politak entzun ahal izan genituen. Aipatzekoa da kartzelako gaian, hiru bertsolarik txarto ulertu zutela gaia eta beste paper batetik abestu zutela.


Zortziko nagusian, zein txikian ederto ibili zen Jone. Agian lehen puntuak erantzuten ez zuen bere maila erakutsi, baina kartzelako gaian ale hunkigarriak utzi zituen. Honakoa zen gaia: 70 egin dozuz meategiaren ateetan. Hementxe Joneren lehen bertsoa:


Gure aitatxo nola izan zen
desgraziaren bezero,
nahiz hasieran gure esperantza
hitz batean, izan zero.
“Bizirik daude” esan ziguten
eta jarri pozez ero!
“Irtengo dira, irtengo dira”,
ezin besterik espero.
Eta ordutik berdin da euri,
eguzki, hotz edo bero,
badaezpada etorri gara
egunero-egunero.


Hauexek puntuaketak:


Jone Uria           398,5
Joseba Artza       363
Iker Belaustegi    358,5
Iñaki Iturriotz      353
Lander Ibarluzea 346,5
Asier Legarreta   291,5


Zorionak Jone!


Gabi Basañez gure saio guztietan presente daukagu, eta Jonek ere berari bota zion azken agurra.


Hurrengo kanporaketa, Aulesti izango da eta bertan Peru Vidal eta Arrate Illaro izango dira kantuan.


Oharra: Argazkia Joseba Barrenetxearena da.

JONE URIAREN TXANDA

Itxaso Paia lehena debutatzen izan genuen eta igandean Jone Uriaren txanda izango da. Balmasedan izango da saioa, Klaret Antzokian, 17.30etan, eta honako bertsolariak izango ditu kantukide:


– Joseba Artza
– Asier Legarreta
– Iker Belaustegi
– Lander Ibarluzea “Atxulua”
– Iñaki Iturriotz


                           


Animo Jone!

MUNGIAKO KANPORAKETA

Igandean abiatu zen Bizkaiko Txapelketa. Mungiako Olalde aretoan 300 entzule batu ziren, bertsolariei giro gozoa sortuz. Oihana Bartrak eskuratu zituen puntu gehien, beraz, finalaurrekoetarako txartela eskuratu du. Gure eskolatik, Itxaso Paiak abestu zuen, baina itxaron beharko du besteek zer egiten duten jakiteko finalaurrekoetara igaro den edo ez jakiteko.


                 Itxaso Paia, Mungian by Algortako Bertsolari Eskola II


Saio motela izan zen, baina bertsolariek ale politak utzi zituzten. Itxasoren bertsorik politenak kartzelako ariketan entzun ziren. Honakoa zen gaia: Zure irudia aldatu gure zenduala eta, ebakuntza egin zenduan. Ispilu aurrean zagoz. Hauxe izan Itxasoren azken bertsoa:


Ebakuntza bat izan dut noski
nire helburuko truko,
pasatu dena halanda guztiz
ez dut inoiz ahaztuko.
Ondorio bat atera dut nik
zuek zarete lekuko,
naizen moduan ez dakit zeinek
ez baldin banau gustuko.
Norberak bere brua maite
beharko luke eta punto.


Puntuak honela geratu ziren:


Oihana Bartra    412,5
Xabier Enbeita   370,5
Ander Elortegi   361,5
Itxaso Paia      349
Julen Erezuma   342
Julen Sololuze   340


ALBEko kuadrilla bi pankartarekin joan zen: bata gure bertsolariei animoak ematen eta bestea “Gabi plazara” leloarekin. Itxasoren azken agurra Gabirentzat izan zen:


Eskerrik asko nireak egin du
hori daukat oso argi,
eskerrik asko Bernedo people
milesker fondo sur-ari.
Baina orain behintzat aipatu nahi dut
eta adi pankartari:
Maddi, nik zure aitari
esan nahi diot kantari
berdin didala ze postu lortu
zenbat puntu ta ze sari.
Entzungo diren txalo guztiak
zuretzako dira Gabi.


Ia laster Gabi gure artean dugun!


Hemen saioaren berri ematen duten estekak:


Ukberri.net
Berria
Gara
Bizkaiko Txapelketa


Argazkia, Ukberri.net webgunetik hartua dago.

ITXASO PAIA LEHENENGOA DEBUTATZEN!

Igandean martxan hasiko da 2010eko Bizkaiko Bertsolari Txapelketa. Mungiako Olalde aretoan izango da arratsaldeko 17.30ean. Bertan gure eskolako Itxaso Paiak abestuko du, honako bertsolari hauekin: Oihana Bartra, Xabier Enbeita, Julen Sololuze, Ander Elortegi eta Julen Erezuma.


                              


Egurra Itxaso!!!