Hileko artxiboak: azaroa 2010

BIGARREN FINALAURREKOA

Igandean, Bizkaiko Txapelketako bigarren finalaurrekoa ospatu zen Zornotzako Zelaieta Zentroan. Bertan, gure eskolakidea den Arrate Illarok abestu zuen. Ez zuen zorte onik izan, eta aukera guztiak galdu ditu finalean egoteko. Hala ere, paper polita egin zuen.


Bere alerik onenak, hamarreko txikian utzi zituen Peio Ormazabalekin batera. Honakoa izan zen egokitu zitzaien gaia: Peio, lanetik itzuleran, neka-neka eginda etxean sartu zarenean, uste bako afari eder bat aurkitu dozu mahai gainean.


 

Puntu gehien lortu zituen bertsolaria Miren Amuriza izan eta finalerako bigarren txartela lortu du.


Hurrengo astean, Gernikan erabakiko da nortzuk izango diren Onintza Enbeita eta Miren Amuriza lagunduko dituzten beste sei bertsolarien izenak.

ZORNOTZAKO FINALAURREKOA: ARRATE ILLARO

BECeko final handirako gero eta gutxiago falta da. Joan den astean Jonek saio ederra egin ondoren, oraindik tren-geltokira nahi baino sarriago joan beharko du, BECerako trenean lekurik duen jakiteko. Bitartean, azaroaren 28an Zornotzan izango du txapelketak bigarren geldialdia, bertako Zelaieta
zentroan,17:30ean.

zornotzako_taldea

Iratxe Ibarra eta Arkaitz Estiballes buru dituen saioak ez du faborito argirik bizkaitarrentzat, guretzat Arrate Illaro izan arren. Aulestin saio bikaina egin ondoren, Arratek ez du ezer galtzekorik, eta bai, ordea, den-dena irabazteko. Berarekin bat, Miren Amuriza, Peio Ormazabal eta Eneko Abasolo “Abarkas” jardungo dira.

Ez galdu Arrate animatzeko eta arratsalde-pasa aparta izateko aukera! Erdu Zornotzara!

Aho-gozagarri gisa, hemen duzue Jonek Durangoko finalaurrean botatako lehen agurra:

DURANGOKO FINALAURREKOA: JONE URIA

Getxon azken kanporaketak jokatuta, jakin genuen nortzuk izango ziren finalaurrekoetarako pasea lortu zutenak. Gure eskolatik hiru bertsolarik izango dute finalaurrekoetan abesteko eskubidea: Jone Uria, Arrate Illaro eta Fredi Paia.


Igandean, lehen finalaurrekoa izango da Durangoko Landako Gunean, 17.30etan. Bertan Jone Uria izango dugu kantari. Bertsolari hauekin batera abestuko du: Onintzan Enbeita, Etxahun Lekue, Ibon Ajuria, Gorka Lazkano eta Xabat Galletebeitia.



Zorte on Jone!

KUPELA, KUPELA,…

Itzela izan zen pasa den ostiraleko Bihotza Gazte saioa! Jende andana hurbildu zen Pipper´s Tabernara bertsolari beteranoen bertso-saioa entzutera.



Denetarik izan zuen gauak. Saioari hasiera emateko, Gabi Basañez eskolakideak bidalitako bertsoak abestu zituen Jone Uriak. Kupela Taldearen pieza batzuk entzun ondoren, hiru bertsolarien saioa hasi zen.


Beteranoak, baina Lazkanok, Gorrotxategik eta Larrañagak ederto erakutsi zuten martxa ederrean dutela motorra. Librean ibili ziren, bata besteari zirikatzen. Puntuak bota zizkioten elkarri, eta baita egurra eman ere adina zela eta.



Beste arin arin eta fandango batzuk entzun genituen, eta publikoa dantzatzera animatu zen. Nahikari Ayo eta Arrate Illarok gai bana jarri zieten bertsolariei. Ederto moldatu ziren. Itxaso Paiak lehen puntu batzuk bota zizkion Larrañagari. Kupela Taldearen azken diskan Itxasok abesti bat grabatu zuen, puntuak botatzen zizkion Larrañagari eta berak erantzun.


        


Publikoa bertso gosez zegoela nabaria zen. Saioa labur egin zitzaigun. Bukatzeko, aho betez eskatu genuen “Kupela” abestia. Horrela bukatu zen saioa. Datorren urtean gehiago eta hobea!

AZKEN KANPORAKETA IGANDEAN GETXON!

Bertsozale!


Igandean Bizkaiko Txapelketako azken kanporaketa Erromoko Gobela Polikiroldegian izango da, arrastiko 17.30etan. Oraingoan ez du ALBEko kiderik parte hartuko, baina bertan jakingo dugu zeintzuk diren finalaurrekoetara sailkatzen diren bertsolariak.


Gogoratu: sarrerak aurretiaz atera, 500 pertsonarentzako aforoa baino ez dago! www.bertsosarrerak.eu webgunean sartu eta bertan lortuko duzue sarrera.


Domekararte!

IGORREKO SAIOA

Aurreko igandean, Bizkaiko Txapelketako azken aurreko kanporaketa jokatu zen Igorreko frontoian. Bertan, gure eskolako Beñat Vidal eta Joanes Igeregik abestu zuten.


Gure eskolakideak ederto ibili ziren eta maila ona dutela erakutsi zuten. Saioko irabazlea Miren Amuriza izan zen. Orain arteko puntuaziorik altuena lortu berriztarrak.



Saioa orain arteko biziena izan zen. Bertso onak zein umoretsuak entzun genituen.


Beñat eta Joanesi elkarrekin abestea egokitu zitzaien zortziko nagusian. Hona hemen gaia: Beñat, 30 urte daroazuz eskola berean irakasle. Gaur, Joanes irakasle hasi berriaren lehenengo eguna da. Eskola amaituta alkartu zarie. Hemen Beñaten lehen bertsoa:


Klasera sartu eta aurrean
24 mutil neska,
izango zendun gela barruan
sekulako oihu festa.
Lehenengo eguna holakoa da
eta etzaitela kezka,
hasieratik Joanes gogor
egingo zenien, ezta?


Eta hauxe Joanesen erantzuna:


Benetan gogor egin dudanik
Beñat etzazu ba uste,
ta oihuak baino ez ditut jaso
nire azalpenen truke.
Egun bat baino ez da pasatu
ta jada utziko nuke,
nola demontre aguantau duzu
zuk 30 urte?


Gauzak horrela, honakoa azken emaitza:


Miren Amuriza      446,5
Peio Ormazabal    392
Eneko Abasolo    365,5
Beñat Vidal        333
Ortzi Garitano      331
Joanes Igeregi   327


Gogoratu hurrengo saioa, igandean izango dela, Erromoko Gobela Polikiroldegian, 17.30etan. 500 toki baino ez daude, eta joateko asmoa baduzue, sarrerak www.bertsosarrerak.eu webgunean eskuratu ditzakezue.


Oharra: Argazkia www.ukberri.net webgunetik hartua da.