Hileko artxiboak: martxoa 2010

BERTSO-ASTEBURU KONPLETOA!

Asteburu konpletoa izango da aste honetakoa. Bertsoaz gozatzeko aukera ezin hobea izango duzue. Hona hemen gure menua asteburu honetarako:


– Ostiralean, Bilboko Kafe Antzokian BBK Txapelketako finala izango da. Txapelketa hau taldeka eta eskualdeka jokatzen da eta gure eskualdea, Ipar Uribek finalerako txartela lortu zuen. Gure eskolako gazteak berriro saiatuko dira txapela Algorta aldera ekartzen. Zita, ostiralean, arratsaldeko zazpietan. Egurra gazteok!


– Larunbatean ez gara herritik atera beharko. ALBEk urtero bezala antolatzen duen bertso-afarira joateko aukera izango dugu. Berna Etxea jatetxean izango da, gauzeko 21.30etan. Kantuan Andoni Egaña eta Sustrai Colina. 20 €-ren truke! Oraindik lekuak daude, beraz, gogoz bazaude, emaila bota bertso-eskolara (albegetxo@gmail.com) edo sms bat bota gure eskuko telefonora (605704385)!


– Eta igandean Erandio aldera egingo dugu txangoa. Berbotseko lagunek Kanpomartxo jaia antolatu dute Lutxanan, eta aurten berrikuntza batekin: Bertso-estropada txalupatik txalupara egingo dute. Bertsotan Sustrai Colina eta Amets Arzallus izango dira. Lutxanan izango da, 13.30ean.


    

GURE GAZTEAK BBK TXAPELKETAKO FINALERA

Aurreko sarreran gure gazteen berri eman genizuen. Atzo izan zen finalaurrekoa eta Busturialdearen aurka lehiatu ziren. Zortzi puntuko aldea egon zen bi taldeen artean, eta Ipar Uribe gailendu zen.


Finala, martxoaren 26an izango da, Bilboko Kafe Antzokian, arratsaldeko zazpietan. Bertan Lea-Artibaiko taldearen aurka lehiatu beharko dira. Pasa den urteko final berbera errepikatuko da.


Gure gazteak animatu nahi badituzue, badakizue, martxoaren 26an zita daukazue Kafe Antzokian. Egurra gazteok!

GURE GAZTEAK BBK TXAPELKETAN!

Orain aste batzuk Bertsolari Gazteen XVIII. BBK Sariketa hasi zen. Txapelketa hau eskualdeka jokatzen da eta bi kategoriatan banatzen da: 18 urte arte eta 19-24 urte bitarte.


Gure eskolako gazteek Ipar Uribeko eskualdea ordezkatzen dute eta bihar bertan egingo dute debuta finalaurrekoetan. Arerio bezala Busturialdea izango dute. Saioa Derioko Txorierri BHI Institutuan izango da, bihar, hilak 16, goizeko 11.30etan.


Pasa den urtean txapela eskuratu zuten eta ia aurten berriro eskuratzeko zortea duten.


Zorte on eta egurra!

BERTSO-AFARIA BERNA ETXEAN

Motorrak berotzen gabiltza eta beste ekitaldi batekin gatozkizue. Bertso-afaria antolatu dugu Algortako Berna Etxea jatetxean Sustrai Colina eta Andoni Egañarekin.



Zita, martxoaren 27an, 21.30etan, Algortako Berna Etxea jatetxean. Lekua erreserbatzeko bi era dituzue:


– Email bat bidalita ALBEko helbidera: albegetxo@gmail.com
– SMSa bidalita ALBEko mugikorrera: 605704385


Lehenbailehen eman izena!

ABRA BIGARRENGOZ ETXERA

Larunbatean jokatu zen Abra Saria eta bigarrengoz geratu da txapela gurean. 2004an Xabi Payak eskuratu zuen txapela, eta larunbatean, berriz, Jone Uriak irabazi zuen, bere lan dotorearen ondorioz.


                       Jone Uria kantuan


Saio azkarra eta polita izan zen. Gaiak aktualitatekoak izan ziren, gazteekin zerikusia zutenak. Zortziko nagusiko lanean, entzun ziren alerik onenak. Nahiz eta batzuk gai serioak izan, bertsolariek umore puntua jartzen jakin zuten.


Zortziko nagusian, honako gaia jarri zieten Ane Labaka eta Jone Uriari: Elkarrekin afaldu duzue jatetxe batean. Kontua eskatu, ordu erdi pasa eta zerbitzaria ez da ageri. Lehen bertsoan, hauxe bota zuen Anek: gure dirurik ez dute behar / ta alde egin dezagun. Jonek, aldiz, aipatu zuen barrako zaharrak gonbidatu zituela, Aneren eskotea ikusita. Horrelakoekin krisia bukatu duela esan zuen Anek, baina Jonek ilusioa kendu zion esanez, kartera prestatzeko zerbitzaria kontuarekin zetorrela.


Zortziko txikiko lanak, lehen puntuak erantzun eta bakarkako lanak entzun ondoren, epaileek Ane Labaka eta Jone Uria buruz-burukora pasatzea erabaki zuten.


Buruz-burukoan sei motzean ofizioa bat abestu zuten, kartzelan sentsazio bat sentiarazi publikoari eta bakarkakoan hiru bertso. Abestu beharreko sentsazioa asperdura izan zen. Hau izan zen bi bertsolariek abestu zituzten bertsoak asperdura sortzeko:


                  Ane Labaka eta Jone Uria


Ane Labaka


Eguraldia desberdina da
berdin uda, berdin negu.
Saiatu ezkero gure bizitzan
zerbait lortu dezakegu.
Nere amonak mezetara joan
ta egiten du erregu,
ta politikak gure herrian
sortzen dute nahiko ernegu,
bide hontatik segi ezkero
denok lo hartuko degu.


Jone Uria


Nahiz eta saioa badoan
bere pausuan aurrera,
egin beharko dizuet
nik kartzelatik harrera.
Pazientea izango naiz
hori da nire jarrera,
denborak ez du axola
behintzat nire arabera.
Beraz, denbora badoa
bertso erdia betea da,
oraindik asko falta da,
baina hainbeste ez, keba
notizia berri bat dut,
zuek denontzat gainera
bakarka botako ditut
beste hiru habanera.


Epaileen erabakiz, Jone Uria txapeldun atera zen. Hementxe sailkapena:


                   Jone Uria Trinoren eskutik txapela jasotzen


1. Jone Uria
2. Ane Labaka
3. Amaia Iturriotz
4. Peio Ormazabal
5. Saioa Alkaiza
6. Ekaitz Samaniego


Eskerrak eman behar dizkiegu Ukberri.net agerkariari eta Zumarraga-Urretxuko bertso-eskolak egindako jarraipenagatik. Izenetan klikatuz gero; kronika, audioak eta bideoak ikusi ditzakezue.


             Bertsolariak, epaileak, idazkariak eta antolatzaileak