Etiketa honen artxiboa: saresozialak

Testu prozesatzailearen pantaila txuriak ez gaitu garaituko


Orain dela aste batzuk Iban
Arantzabalek
aipatzen zuen bere blogean blogosferan sorkuntza gutxitu
dela eta geroz eta gutxiago idazten dela. Horren arrazoi nagusi
adibidez bizitza erosoago egin dezaketen tresnak asmatu direlako izan
da, twitter web guneaz hitz egiten dugu. (gutxi gora beherako sintesi
labur-laburra, zerbaitetan huts egin badut Ibanek berak zuzendu
dezala).

Arrazoia ematen diot aipatzen
duenean idatzizko sorkuntza hori gutxitu egin dela baina aldi berean
gizartearen parte hartzea interneteko leku ezberdinetan areagotu egin
da (sare sozialak, foroak, blogak…).

Niri ere gertatu zait. Orain
egia da gehiago egon naitekeela bai facebook-en (hemendik aurrera
bihotzez aurpegi-liburua deituko diot batzuetan) eta baita twitterren
ere. Ez naiz maiz egoten leku honetan azkenaldian, horren froga nagusia blog
honetako artxiboa ikustea besterik ez dago.

Zergatik batzuetan maizago
idazten dudan eta beste batzuetan aldiz ematen du desagertu egin
naizela lurretik… musikan egon daiteke erantzuna. Gaur Nahikarik
idatzi du
aspaldian ez dela agertu goiena.net-eko blogosferatik, nik
neuk antzerakoa aitortu dut orain… Idazten dudanean musika ikusten
dut. Beethoven-ek izugarrizko sinfoniak sortu zituen gorra izanda.
Piano baten aurrean ez zuen musika egiteko tresna bat soilik ikusten
musika baizik. Testu prozesatzailearen pantaila txuriaren aurrean ez
dut ikusten pantaila txuri bat, erregela batekin albo batean eta
goian beste bat, hainbat aukera letra motak aldatzeko edo zutabeak
jartzeko… Partituraren hasiera dago hor. Batzuetan rock gogorra edo
heavy metal-a egiten dut gogor kritikatuz egunerokotasunean ikusten
ditudan zenbait gauzetan, beste batzuetan rap-aren bitartez ironia
erabiltzen dut zenbait gauza salatzeko, El sobrino del diablo
izan naiz behin edo beste humorea erabiliz egunak alaitzeko… Baina
idazten dudan oro melodia batean amaitzea nahi dut. Batzuetan kanta
hobeagoak egiten ditut, beste batzuetan altxorren oroitzapenean
gordetzekoak eta inoiz gehiago berriro ateratzekoak. Baina bizitza
bera ere horrelakoa da. Batzuetan ahaztu ezinezko egunak izaten
ditugu eta beste batzuetan berriz ohera sartu bezain pronto ahaztu
nahi ditugunak.

Momentuz leku xume honetatik
ez gara Bruce Springsteen izatera iritsiko, baina edonori iribarre
bat ateratzen badiot edo gogoeta prozesu bat bultzatzen badut
hastera, horrekin konformatuko naiz. Eta bitartean kantautore
bakarlari bat izango naiz munduan gora eta behera dabilena.