Putzua liburutegian

Estankona. Arrieta. Plisti-plasta.

Lagun on baten oparia izan da Igor Estankonaren Moskito, Susa 2020, liburua. Tarteka irakurri dut pandemia deritzogun garaiotan. Seaskako egutegiko izendegia eta Igorren olerkiek borroka egin dute ertzean pertzibitzen ditugun letren podiumen.

Gustatu zait? Bai. Horregatik dastatu dut gutxinaka. Horregatik bakarrik? Ez. Badu zerbait basa liburuak, hitzekin ondo deskribatzen asmatzen ez dudana.

Bideo bat ikusten ari naizela ematen du

behinola nirea zen herriarena:

zergatik sufriarazten didazu horrela?

Noiz hilko zara guztiz?

Zaila egiten zait barrunbeetatik datorren zerbait, poesia, deskribatzea. Gustatu zait “Minxoriak” atala, naturari egiten zaizkion erreferentzia negutiarrengatik ziur asko. Baina nola azaldu gustatze hau?

Hor sartzen da mesanotxean luzez izan dudan beste liburua, Agustin Arrieta Urtizberearen Gogoeta-bide irekiak lana, EHU 2019. Liburu honetan filosofia irakasleak eskuzabaltasun ariketa egiten du oso aktualak diren hamaika gairi buruz bere iritzi zuhurra eskainiz. Arrieta ondo ulertu badut, arteari kritika egin behar zaio ustez gustua dena egitateetara ekarriz. Horri men eginaz eta aurreiritziak albo batera utziz erdietsiko du arrakasta arte kritikariak.

Ez nago guztiz ziur. Egitate hitzak kirrinka eragiten baitio zuzenbidean lizentziadun honi, epaiketa batean egitateak eurak finkatzea baita auziaren muinetako bat. Eta halere, ustez egitateak auzittegiak finkatuta ere, ez dira argi geratzen batzuetan. Zer gertatu zen Koxka tabernan gau fatidiko hartan? Argi dago askok ikusten ditugun egitateak ez zituela bere egin auzitegiak, ezta Guardia Zibilak berak ere (jakina, interes handiz). Horregatik egitate hitzak suposatzen duen eztabaidarritasunari egoztea kritika on baten funtsa zalantzagarria zait.

Bestalde, ez dut uste aurreiritziak direnik kritikari batek zaindu beharreko galtzagorri bakarrak. Norbere interesak ere hor daude, are gehiago kritikari asko nor direnean (edo nor izan nahi dutenean) artea deritzogun gertakizun ekonomiko horretan. Karrera egiteko norbait zapaltzea ez ote den kritikari batzuen modua ikusgarritasuna lortzeko, adibideak aurkitzea ez da zaila.

Nik badut interesa, kasu honetan, bi liburu hauek gomendatzeko. Blog txiki batean izan arren hitzezko lekukotza uztearena. Igor Estankona poeta handia iruditzen zait eta bihotzetik idazten duela esango nuke. Agustin Arrieta Urtizbereak gai oso garrantzitsuak lantzen ditu bere azken obran. Biak ala biak irakurri beharrekoak, gogoeta bide irekietan moskito lainoen artean trabatuta geratuko ez bagara.

Ura erori zait liburutegiko zorura eta putzuakzorua kartografiatu du. Ura da bizia eta lizunaren sorburu. Eskerrak zelulosak ondo xurgatzen duen.

Xabier Lete. Aberriaren poeta kantaria.

Lete. Ibilbidea. Hipotesia.

Urteetako ikerketa lanaren emaitza da liburua, Xabier Lete aberriaren poeta kantaria, Alberdania 2020, Alex Gurrutxaga EHUko irakasle eta doktoreak eginiko tesiaren sintesia. Bertan, Xabier Lete poeta, politikari eta abeslari oiartzuarraren obra, bizitza eta pentsamendua luzatzeko gonbita luzatzen da.

Kosta zait lanari erritmoa hartzea, akaso kapituluak motzegiak direlako, eta batean sartu orduko dator bestea. Marka da nik hori esatea, baldarkeriatan aritutako egile seinalatua bainaiz, baina liburuak ez dit eskaini nahiko nukeen jarraipenik. Ojo, hau esanda bi egunetan irakurri dut, bere interesa baitu, baina uste dut batak ez duela bestea kentzen.

Gurrutxagak kronologiaren hariari heltzen dio Leteren bizitza azaltzeko orduan. Jaiotza, familia aurrekariak eta erreferente hurbilak, ikasketak, lanari ekitea… Guztia Letek kozkortu ahala ezagutu zuen giro politikoaren testuinguruan, edo testuinguruetako batzuetan: frankismoa, kultur pizkundea, trantsizio deritzonaren aurrean abertzaletasunak bizi izandako zatika, traizioa, politikari lanei ekitea, desenkantua eta nazkatzea, nekea… Halere, nire uste apalean, beste plano batean asmatzen du Gurrutxagak, Leteren plano intimo eta pertsonalenaren narrazioan: Xalbador eta Lizardi poetei eskainitako kanten eraikuntzaren azalpena biziki interesgarria da edo oinazeari buruz egiten dituen apunteak.

Plano politikoan nik gauzak beste era batera azalduko nituzke, ikusmira zabaltze aldera. Pentsatuko duzue ebidentea dela. Baliteke. Baina uste baino gutxiago ezagutu ohi nau jendeak.

Gatozen berriz liburura. Euskaldunon arteko politikoaren gaiztotzeari, alegia, Ezker Abertzalearen orduko posizionamendu politikoari (bide batez 33en manifestuari emaniko erantzuna ze penagarria den, eta manifestu horrek zenbat ertz dituen) eta ETAren indarkeriak (ez dira ez Autonomoak ez GAL-BVE-AAA aipatzen) eragindako giro itogarriari egozten dio idazleak lerro artean hainbat musikariren urte batzutako erretiroa. Hau berau jasotzen du Harkaitz Canok bere Fakirraren Ahotsa obra puskan, baina han beste elementu bat gehitzen du harrigarriki faltan dena nire ustez Gurrutxagaren lanean: fikzioko Imanol Larburu tematzen zen jada batzuen ustez gainbehera zetorren musika estilo bati ekiten. Rock eta punk doinuek ekarri zuten musika ulertzeko moduaren aldaketak, belaunaldi arteko haustura handiak ere izango zuen eraginen bat, diot nik, publikoaren aldentzean.

Aurreko paragrafoko azken ideiarekin amaitzeko, esango nuke ere arlo publikotik hein batean apartatu zen sektore politikoko batzuek, Letek barne, beste langintza bati ekin ziola buru-belarri: aldundi eta autonomia erkidegoko erakunde arkitektura guztia altxatzeari, askotan kaletik errekonozitu ez den trebeziaz. Liburuan aipatzen diren izen batzuek sorrarazi didate gogoeta, EiTB etxean ardura postutan aritutakoak urte luzez. Autorearen hitzetan, egokitzapena onartu eta subjektu berritu bat sortzeko ildoak seinalatu zituzten. Eta esango nuke hemen hasi zela tamalez hamarkada luzez sortu zen lubaki bat erakundeen eta kalearen artean, azken Korrikan bezalako argazkiak pentsaezinak zirelarik garai urrun hartan. Interesa dut jakiteko ze politiko klase zen Lete, zinez. Nola bizi izan zuen EAren zatiketa… Hor bada beste artikulu batzuetarako mamia.

Giro politikoa azaltzeko tenorean ere ez da estatuen indarkeria inon ageri eta faltan bota dut garaiaren mosaikoa osatzeko orduan, Esteban Muruetagoiena mediku oiartzuarraren kasua etorri zait burura, 1982koa, adibide bat jartzeagatik. Niri iruditzen zait badela kontuan hartzeko moduko elementua, errespetu osoz.

Ez dut uste merezi duenik soka honekin jarraitzerik, bakoitzak jartzen baitu idatzi nahi duenaren fokua aurrez ezarritako hipotesian. Zilegi da eta oso sanoa, ikerketaren ertzak hedatzen baititu. Merezi du, irakurle, Gurrutxagaren lanari tartea eskaintzeak, batetik Leteren figura erraldoiak merezi duen begiruneagatik. Bestetik, plagioarena bezalako kontu delikatu bat Gurrutxagak nolako dotoreziarekin ebazten duen ikusteko. Bistan da estiman zuela Lete poeta-kantaria.

Idatzi, irudikatu, irakurri.

Ursula K. Le Guinen aholkuak.

Ursula K. Le Guin idazle estatubatuarrak, Berkeley 1929 – Portland 2019, emaniko konferentzia eta tailerren testuak batzen dituen liburua irakurri dut. Contar es escuchar, Círculo de Tiza 2020, Martín Schifinok itzulia. Bertan, idazleak, idaztearen misteriotan gabiltzan pertsonatxoentzat lagungarri izan ahal zaizkigun hainbat kontu aipatzen ditu. Erritmoa, esango nuke errepikatzen duela beretzat oso garrantzitsua den Virginia Woolfen definizioa, estiloa, pertsonaiak, irudimena eta abar luze bat.

Gustatu zaizkit aurreneko kapituluak, bereziki Juan Dolores eta Robert Spott osaba indiarren pasartea kontatzen duenekoa, bere burua aurkezten duen kapitulu blokearen baitan. Kultura aniztasuna, kolonialismoa, duintasuna… kontatzen ditu gutxik dakien moduan. Baita komunikazioari buruzko testua ere, edo pertsonak katuak baino zakurrak direnekoa. Gogoeta berri eta iradokitzaileak egin zaizkit.

No estaba horrible. Solo estaba cansado, y viejo, y triste. Yo sentía demasiada vergüenza y timidez como para demostrarle afecto. No sabía quel o quería. Los niños que se crían en medio de la seguridad, sean tribales o familiares, no son conscientes del amor, como supongo que los peces no son conscientes del agua. Asi es como debe de ser el amor, como el aire, el amor como elemento humano. Pero ahora veo a Juan como un hombre intelectual y amable, que vivía en el exilio y la pobreza, condenado por el prejuicio a ser víctima de matones: el mundo estaba lleno de gente así en los años cuarenta. Está lleno de así ahora mismo. Ojalá yo hubiera tenido la sensatez de tomarlo de la mano.

Ez dut Ursula K. Le Guinen beste obrarik irakurri. Zintzoa izan asmoz, ez dakit egingo dudan. Berak aipatzen duen genero fantastikoarekiko aurreiritzi bat baino gehiagoren jabe naizenez gero. Baina eskertu ditut bere gogoetak, arras interesgarriak baitira.