Eguratsa

Carver. Maitasuna. Gordina.

Aire garbiak bira nazan. Hala zioen duela urte batzuk, badirudi bizi oso bat igaro dela zaborraren gerra egin zenetik, Zero Zabor taldeko haize erroten kulunkak. Egungo eguratsa garbia ez dugunaren seinale, beti eguzki gosez den herri batean zer espero liteke, korronte apurreko aire astun biziatua.

Haize korronteak egon badaude gurean, bortitzak askotan, trumoitsuak gehienetan, baina ez dakit eguratsa garbitzen duten leiho nahiz ateak itxita direla sortutako korronteek. Batek ez daki zer pentsa askotan. Haizeak estatua batzuk bota ditu eta beste batzuk laztandu. Zaila da batzuetan logika aurkitzea horri. Haizeak isiltzera zaramatza, hori bai, ez dakizula egurats hau arnas bihurtu.

Raymond Carverren De qué hablamos cuando hablamos de amor, Anagrama 2019, ipuin sorta itogarrian maitasuna deritzon horren fotogramak erakusten zaizkigu. Bizitza zati solteak, bortitzak, gordinak, errealak, gogorrak eta irakurtzea merezi dutenak.

Estaba el coche de Vera, y ninguno más, y Burt dio gracias por ello. Subió por el camino de entrada y se detuvo junto a la tarta que se le había caído la noche anterior. Seguía allí; el recipiente de alumino volcado, el halo de relleno de calabaza sobre el pavimento. Era el día siguiente a Navidad.

Padura

Hezegunea. Xomorroak. Hendaia.

Karearrian sustraiak botatzeko hautua egin dugunontzat padurak badu ezezagunaren xarma. Indefinizioak karratutasunari eragiten zauri, ur eta era beran lur. Guretzat lurra sendoa da, koba eta osinak salbuespen. Paduran, biguna, aldakorra, mesfidatia da lurra. Pausoa ez da ziurra. Padura igurtzi-eremua da. Horregatik gure tema herriz herri padura guztiak lehortzen? Padura iragana da.

Gure Euskal Herri honetako atzoko, gaurko eta biharko urbanisten alde zerbait esateagatik xomorro habia ere bada padura, Juan Antonio Urbeltzek “Cromlech vasco y zorro japonés. De Jorge Oteiza a Akira Kurosawa” liburu ederrean aipatu legez. Padura, xomorroen bazka eta gure kezka. Dantzak, ofrendak, urtero errepikatzen den izua. Eritasun iturri, animalia erreinuko ogasun. Sedentarioon etsai dugu, horra paradoxa, ur geldoa.

Liburu hezearen traza hartzen diot ere Eider Rodriguezen Bihotz Handiegia ipuin liburu ederrari. Itsaskorra. Hendaia padura zen, padura da eta badirudi padura izango dela. Ipuinetako pertsonaiak, hezur-haragizko pertsonen antzera, plisti-plasta ari dira mugaldean. Zaintza lanetan, ipuin gehien-gehienetan. Baina baita familia barruko harremanetan, lapurtar eginiko gipuzkoarren eta iparralde barnekaldeko pertsonen arteko erlazioan, bikote bizitzatan, iraganean. Eta egiari zor temati Hendaian soilik kokatzen dudan arren, norbere bizipenen zerga, liburua bada Donostia, bada Orereta, bada Sara. Hendaiaren aldiri. Liburutzarra bada.

Hendaia ez da toki txarra berriro hasteko. Ipuin denak dira gomendagarriak, baina ni Urtebetetze festak hunkitu ninduen.

Hendaia ez da toki txarra berriro hasteko. Muga. Irun. Gipuzkoar saldoa lorategidun etxeetan. “Hendaia ez da Lapurdi”, entzun nion behin baionar artzain bati.

Jakina. Hendaia padura da.