Padura

Hezegunea. Xomorroak. Hendaia.

Karearrian sustraiak botatzeko hautua egin dugunontzat padurak badu ezezagunaren xarma. Indefinizioak karratutasunari eragiten zauri, ur eta era beran lur. Guretzat lurra sendoa da, koba eta osinak salbuespen. Paduran, biguna, aldakorra, mesfidatia da lurra. Pausoa ez da ziurra. Padura igurtzi-eremua da. Horregatik gure tema herriz herri padura guztiak lehortzen? Padura iragana da.

Gure Euskal Herri honetako atzoko, gaurko eta biharko urbanisten alde zerbait esateagatik xomorro habia ere bada padura, Juan Antonio Urbeltzek “Cromlech vasco y zorro japonĂ©s. De Jorge Oteiza a Akira Kurosawa” liburu ederrean aipatu legez. Padura, xomorroen bazka eta gure kezka. Dantzak, ofrendak, urtero errepikatzen den izua. Eritasun iturri, animalia erreinuko ogasun. Sedentarioon etsai dugu, horra paradoxa, ur geldoa.

Liburu hezearen traza hartzen diot ere Eider Rodriguezen Bihotz Handiegia ipuin liburu ederrari. Itsaskorra. Hendaia padura zen, padura da eta badirudi padura izango dela. Ipuinetako pertsonaiak, hezur-haragizko pertsonen antzera, plisti-plasta ari dira mugaldean. Zaintza lanetan, ipuin gehien-gehienetan. Baina baita familia barruko harremanetan, lapurtar eginiko gipuzkoarren eta iparralde barnekaldeko pertsonen arteko erlazioan, bikote bizitzatan, iraganean. Eta egiari zor temati Hendaian soilik kokatzen dudan arren, norbere bizipenen zerga, liburua bada Donostia, bada Orereta, bada Sara. Hendaiaren aldiri. Liburutzarra bada.

Hendaia ez da toki txarra berriro hasteko. Ipuin denak dira gomendagarriak, baina ni Urtebetetze festak hunkitu ninduen.

Hendaia ez da toki txarra berriro hasteko. Muga. Irun. Gipuzkoar saldoa lorategidun etxeetan. “Hendaia ez da Lapurdi”, entzun nion behin baionar artzain bati.

Jakina. Hendaia padura da.