Foster Wallace / Cadenes / Auster / Tallon / Martinez Peña / Marçal
Podcast eta beste hamaika zereginek ito antzean ibili naiz blogari ekiteko. Halaber, eta hori adierazle ona da nire osasunarentzat, ez diot irakurtzeari utzi. Hona hemen labur iruzkidunta lan horiek:
- L’aigua és això (David Foster Wallaceren liburua, Ferran Ràfolsek itzulia, Edicions del Periscopi, 2014). Euskal Herrian (zorionez) hainbatek ez dugu bizi izan graduazio ekitaldien ezarpena -nahiz eta onartu behar dudan eduki nuela halako zurztasun bat Zuzenbide Fakultateko panelean azken nota irakurri eta -hau da, kito- esan nionean nire buruari- eta horregatik ezinezkoa da gurean genero honi buruzko libururik egitea. Baina Amerikan, non bestela, badute jarduna barneratuta eta horri esker badira halako liburuak ere. Foster Wallacek gazteei hitz egiten die, bizitzari buruz, unibertsitatetik kanpo topatuko dutenari buruz, garaiaren eta gizartearen argazki argia eginaz. Batzuetan komeni baita gauzak hala esango dituen norbait aurkitzea.
- Guillem (Nuria Cadenes, Amsterdam, 2020). Liburu hau izugarri ona da, badelako fikzioa, badelako saiakera, ausarta delako bere forma planteamenduetan irakurketa zaildu gabe eta lortzen duelako kasua bikain azaltzea ezagutzen ez duenari. Niri bihotza uzkurtu badit ere kasuaren xehetasun gogorrengatik -bereziki gurasoen sufrikarioa dut buruan- liburuak bikain aipatzen du hori ez ezik faxismoaren inpunitatea ere. Orain, gainera, Amaia Apaulazak itzulia euskaraz irakurri ahal izango dugu, Hilbeltza ekimeneko lagun eta erakundeei eskerri.
- Baumgartner (Paul Auster, Benito Gomez Ibañezek itzulia, Seix Barral 2024). Amerikarrak dira gure garaiko narratzaile bikainenetakoak eta beste behin hori erakusten du Austerrek. Begiak itxi eta ikus dezakezu bere etxean behin eta berriz liburuak alferrik Amazonen eskatzen Baumgartner irakasle eta idazle petrala, banatzailearen irribarre bat lortu ahal izateko. Zahartzeko modu duin baten bidea erakusten digu Austerrek eta istorio -spoiler: amaierarik gabeko?- lasai eta eder bat.
- Obra maestra (Juan Tallon, Anagrama, 2022): nola gal lezake museo batek 38 tona pisatzen dituen eskultura bat? Bada hori pasa zitzaion Reina Sofiari Richard Serraren eskultura batekin eta kasu izugarri hori argitzen saiatuko da idazlea, fikzioa eta saiakera kontzeptuak lausotuz. Adi, badu Euskal Herriarekin konexioa eta, Guggenheim museoa eta Cristina Iglesias tarteko. Spoliler: mespretxuak lotzen ditu Tallon bera, Serra eta liburuan garrantzitsua den Macarron familia. Ez galdu hari hori.
- Mandamentu hipermodernoak (Iñigo Martinez Peña, Elkar, 2021). Aspaldi irakurri dudan saiakera iradokitzaileena, borobilena eta txukunena. Merezi du.
- Sota el signe del drac (Maria Mercé Marçal, Mercé Ibarzen edizioa, Comanegra 2020). Marçal poetaren saiakera hauek arkatza eskuan dela irakurtzekoak dira. Artikulu sorta bat da, batzuk ez ditudanak aski zukutu -ezagutzen ez ditudan poeten obra aztertzea xede dutenak- baina beste batzuk fotokopiatu eta lagun artean banatzeko modukoak dira.