Fatty

Hollywood. Nadar & Julien Frey. Komikia.

Gure zinemaren historia petrala bada, hala dio liburu batek, Hollywoodena ez da distiratsua. Baina, estatubatuarrek badakite, eta guk ez, petralkeriaren distira saltzen. Are gehiago, haien artelan ugari petralkeria ardatz dutenak dira, esate baterako, Mc Carthy zekenaren zerrenda beltzekin lotutako Good Night, and good luck film ederra datorkit gogora.

Nik ez nekiena zen Gerra Handirarte behintzat Frantzia zenik zinemaren jaun eta jabe. Egia da han asmatu zela kontua baina hain da produktu estatubatuarra zinema nire iruditerian ez nuela suposatu ere egin. Baina etorri zen gerra eta fandangoaren buelta berarekin. Eta urrezko aro berri hartan bazen artista bat Chaplin baino famatuago eta Buster Keaton baino maiteago: Roscoe Arbucle, ‘Fatty’ gaitzizenaz ere ezagutua, aktore, zuzendari eta sortzailea, artista erabatekoa. Urteko milioi bat dolar irabazten lehen aktorea, moralkerian gora zihoan estatu batean -alkoholaren debekua mamitu zen garaia zen- bere umore itsusia bezain publikoak maitatua zen -gaur egungo kanonen arabera zalantzagarria ere bada haren txiste katalogoa, bide batez-. Eskandalu handi batek harrapatu zuen tartean, William Randolph Hearstek bota zuen egurra sutara -Kane Hiritarra artean ez zen sortua- eta polizia ustelaren laguntzaz txikitu egin zuten. Keaton bakarrik geratu zitzaion alboan eta biek egin behar izan zioten aurre erauntsiari.

Julien Frey gidoigileak eta Pep Domingok (Nadar) frantsesez argitaratu zuten aurrena eta gero gaztelaniara itzuli Fatty -el primer rey de Hollywood (Astiberri, 2022) komikia. Bertan, lortzen dute irakurleak bat egitea Roscoeren bizipenekin eta marrazkiek, ze ona den koloreen erabilera nire ustez, zeresan handia dute horretan. Gustatu zait Nadar marrazkilaria, bai horixe.

Ba hori, istorio on bat, ez duena akaso distirarik eragiten baina bai lotzen zaituena irakurtzera.

Oleg

Barrura begira. Frederik Peeters. Komikia.

Zaila zuen Frederik Peetersek Pilula urdinak komiki ahaztezin horri jarraipena ematea. Obra horren borobil batek irentsi lezake egilea eta horretaz jakitun, egoerari buelta eman eta jarraipen autokontzientea egitea ez zait soluzioetan txarrena egiten. Autokontzientearean diot obran, hirugarren pertsonan idatzia egon arren berari buruz ari da komikigilea, hainbatetan galdetzen diotelako Oleg komikigileari ea noiz aterako duen bere obra arrakastatsuaren bigarren zatia.

Ez da erraza Oleg (Astiberri 2021, Lucía Bermudezen itzulpena) zeri buruz doan azaltzea. Kontrazalak esaten dituen gauzak ez baititut atzeman orrialdeotan: ultarmodernotasun teknologikoaren eragina eta pentsamendu atzerakoia, azalkeriari gurtza, autentikotasunaren bilaketa, gauza materialen gehiegikeria eta konfusioa. Azken hau akaso bai, niri interesgarri egin zaidana sortzaile gisa duen konfusioa delako. Bere segurtasun eza karrera arrakastatsua eduki arren, bere nahasmena ez duenean istorio baten bidea argi ikusten. Hor, emaztearekin dituen elkarrizketatan sormenari buruz, daude niretzat genialtasun txinpartarik argitsuenak.

Liburua utzi didan lagunari nire eskerrik beroenak. Ez da akaso obra borobila, badu nire ustez gai batzuk hobeto harilkatzeko beharra, baina hasierako orrialdeak benetan onak dira. Niretzat kontsolagarri eta lagungarri izan dira eta horretarako daude lagunak eta liburuak, hala behar direnean.

Denbora

Etxea. Roca. Aita.

Paco Roca da momentuko komikigile onenetakoa. Egile Valentziarra forma oso onean dago eta ezagutu ditudan bere azken urteotako lanak apartak dira, ezagutarazi zuen 2007ko Arrugas komiki ezagunetik harago. El invierno del dibujante, Los surcos del azar, Las calles son de arena edo bere pijama ibilerak zoragarriak dira. Batez ere, bertako pertsonei darien gizatasunagatik. Rocari ez zaizkio gainera jauregiak interesatzen, bere protagonistak galtzaileak, langileak eta zintzoak dira, santuen bizitzak bizi ez arren. Gerraosteko galtzaileen bizitza, ze presente dagoen hori Valentzian bide batez eta Chirbes dugu horren lekuko, da gainera istorio askoren ardatz.

Halakoa da Etxea, Astiberri 2015, komiki intimo eta ederra. Sari garrantzitsuak jasotakoa, 2015eko Espainiako Komiki Sari Nazionala edo batez ere 2020ko Eisner Saria, familia baten kontakizuna da etxe baten eraikuntza, oparotasuna eta gainbehera erdigunean jarririk. Aitaren figurak izan duen garrantzia, bere iragan txiroari buruz seme-alabek duten axola eza, zaintza, gaixotasunari buruzko gogoeta, aitaren xumetasunaren duintasuna, aberastasun apur bat metatzea lortu zuen belaunaldi baten kronika, etxearen eraikuntzak seme-alabengan utzitako oroitzapena…

Bidean gauza txikien plazera, ortu eta arbolek dakarten gozamen pausatua, presaka bizi den belaunaldi batek horretaz gozatzeko duen ezina, Manolo bizilagunarekin duen laguntasun entrainablea… Denbora gupidagabea da, denok egin behar diogu aurre gure oroitzapenez beteriko kutxa, garaje, etxe edo herri bati. Horra nola hurbildu, ea gure gaitasuna zein den, da gure bizitzetako bidegurutze garrantzitsuenetakoa.

Bereziki borobilak dira hasierako orriak eta azken eszena, pikondoarena. Bikainak, marrazketa eder eta poesiaz beteak. Akaso sobera dago ondorengo epilogo idatzia, Fernando Mariasena, baina txikikeria da. Ispilu aurrean jartzen gaituen obra da Etxea, inor epaitu gabe hutsik den igerilekuak beste dagoena islatzen duena.

Gabonetarako opari ona da. Milesker, Astiberri, halako gauzak euskaraz argitaratzeagatik.