Denbora

Etxea. Roca. Aita.

Paco Roca da momentuko komikigile onenetakoa. Egile Valentziarra forma oso onean dago eta ezagutu ditudan bere azken urteotako lanak apartak dira, ezagutarazi zuen 2007ko Arrugas komiki ezagunetik harago. El invierno del dibujante, Los surcos del azar, Las calles son de arena edo bere pijama ibilerak zoragarriak dira. Batez ere, bertako pertsonei darien gizatasunagatik. Rocari ez zaizkio gainera jauregiak interesatzen, bere protagonistak galtzaileak, langileak eta zintzoak dira, santuen bizitzak bizi ez arren. Gerraosteko galtzaileen bizitza, ze presente dagoen hori Valentzian bide batez eta Chirbes dugu horren lekuko, da gainera istorio askoren ardatz.

Halakoa da Etxea, Astiberri 2015, komiki intimo eta ederra. Sari garrantzitsuak jasotakoa, 2015eko Espainiako Komiki Sari Nazionala edo batez ere 2020ko Eisner Saria, familia baten kontakizuna da etxe baten eraikuntza, oparotasuna eta gainbehera erdigunean jarririk. Aitaren figurak izan duen garrantzia, bere iragan txiroari buruz seme-alabek duten axola eza, zaintza, gaixotasunari buruzko gogoeta, aitaren xumetasunaren duintasuna, aberastasun apur bat metatzea lortu zuen belaunaldi baten kronika, etxearen eraikuntzak seme-alabengan utzitako oroitzapena…

Bidean gauza txikien plazera, ortu eta arbolek dakarten gozamen pausatua, presaka bizi den belaunaldi batek horretaz gozatzeko duen ezina, Manolo bizilagunarekin duen laguntasun entrainablea… Denbora gupidagabea da, denok egin behar diogu aurre gure oroitzapenez beteriko kutxa, garaje, etxe edo herri bati. Horra nola hurbildu, ea gure gaitasuna zein den, da gure bizitzetako bidegurutze garrantzitsuenetakoa.

Bereziki borobilak dira hasierako orriak eta azken eszena, pikondoarena. Bikainak, marrazketa eder eta poesiaz beteak. Akaso sobera dago ondorengo epilogo idatzia, Fernando Mariasena, baina txikikeria da. Ispilu aurrean jartzen gaituen obra da Etxea, inor epaitu gabe hutsik den igerilekuak beste dagoena islatzen duena.

Gabonetarako opari ona da. Milesker, Astiberri, halako gauzak euskaraz argitaratzeagatik.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude