BEKELE DEBABARRENEKO RAIDEAN

Hausnarketa eguna Elgoibarren larunbatean. Gogoetarako eta hausnarketarako eguna Euskadi osatzen duten hiru probintzia historikoetan. Otegi, lehendakari gai behar lukeena, irribarre batekin azaltzen den kartel ugari ikusi ditut eta orduan, konturatu naiz, Arnaldo bertako semea dela.  Hausnarketaren beharra duenak ez du lan nekesa baldin eta aldeko zein kontrako ideiak hartu behar baditu kontuan; agian, telebistako debate artifizialegiek samurtuak izango dituzte gogoetarik herdoilduenak.

Gaurkoan Raideko kartelak baino ez zaizkit interesatzen Elgoibarren. Debabarreneko bigarren Raidean parte hartzera goaz Olasagasti eta biok. Ortuellakoan izandako lasterketan sastrakek apaindu zituzten depilatu berri nituen hankak; gurkoan, eta sastrakekin trikitxatu artean, astebete inguruko bizar zorrotzek apaintzen dituzte izter eta bernak. Lasterketa hasi aurreko prestaketa guztiak egiteko Mintxeta aukeratu du antolakuntza taldeak. Iristsi bezain pronto, cross usaia nabaritu dut. Munduko cros onenetarikoa da Mintxetakoa; txapeldun handiak izan ditu eta neuk, bakarren batekin korritzeko aukera izan dut. Zirkuituari begira naizen horretan, zin egin diot neure buruari, egunen batean, beteranoetan bada ere, bueltatuko naizela Elgoibarreko lokatzera.

San Pedro, Aubixa eta beste hamaika lekutara eraman gaitu 7 orduko Raidak. Bizikletako eskulekuan daramagun mapari so nago eta ohartu gabe heldu gara hurrengo froga berezira.. Tentu handiz antolatu dugun estrategiak gustura utzi gaitu. Eta Mintxetak Edenera eraman banau, Olabeko zelai berde eta zabalak iltzedun oinetako berriak erosteko  erregutu dit ; Arrateko Ama Birjinak eskatu izan balio bezala. Hala iruditu zait behintzat.

Lasterketa bukatzear dela, azken froga berezia izan zitekeen fenomeno taurino batekin egin dugu topo. Iraileko azken larunbata denez, feria eguna ospatzen da Elgoibarren. Ferian zezena errifatzen ei dute eta errifa saltzaileak txakur bat bailitzan paseatzen du kaletik adarduna.

Makarroi eta haragiz estalitako ukondoak ekarri gaitu berriro ere “normaltasunera”; giharrak gogortuegiak baditugu ere, gustura gaude Debabarrena Raid taldeak eskaini digun lasterketa ederraren erruz. Elgoibartik Oñatirako bidean berriro ikusi dut Otegiren kartela autopistako zubian. Iganderako plana ere, buruan bueltaka.

Eskola, kiroldegi edota beste hainbat eraikinetan ikusi ditugu ertzain eta aguazilak igande goizez. Barrura eta kanpora gutunazal txuriarekin aiton- amonak, bikote hasiberriak edota familiak. Urkulluren, Otegiren edota Zabalaren alde egingo ote du honek ?

Hauteskundeetatik haratago, eta Mugertzaren orimenezko crossa ostera ere gogoratuz, Bekele etiopiarrak egin du sartu irtena igande elektoralean. Izan ere, maisutasunez irabazi du Berlingo maratoia; badu, bereziegia egiten duen zerbait. Duela 13 urte ere, horrela gailendu zen Elgoibargo crosean, maisutasunez. Gu haren atzetik, urruti samar, sailkatu ginen. Beste maila apalago baten alegia, baina lasterketa lagun izan ginen. Ohore bat, bai horixe.

Kolore ezberdinak agertzen dira telebistako programa ezberdinetan. Denak dituzte eduki berdinak; koloretako pastelak portzentaiekin eta zutabe koloredunak zenbaki esanguratsuen jabe. Hauteskunde gaua ei da. Bekeleren gaua , beste askorentzat. Beharbada lehendakari berriak, abizen etiopiarra beharko luke izan. Ondo izan.

 

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude