Eskuko frenoa jarrita esnatu naiz gaurkoan. Asteburuan Arrasate Oñati lasterketa dela eta, demasako azelerazioarekin ibili eta gero, geldotasunak irentsi nau behingoz. Blogari bezala aritzeko astirik gabe izan eta gero, urriko aste honetarino itxaron behar izan dut ekarpena egiteko.Kontuak kontu, egunerokotasunaren erritmoari lepotik heltzeko irrikitan nengoen. Goazen bada.
Eta arestian aipatu bezalaxe, larunbatean ospatu zen Arrasate Oñati lasterketa. Aurtengoan bidegorria erabili da trafiko arazoak saiheste aldera eta nik uste, orokorrean, partehartzaileak gustokoa izan duela ibilbide berria. Rollerrak lehenengo eta korrikalariak ondoreren atera ziren Arrasatetik. Giro ederra. Eta antolatzaileok gustura lasterketaren bilakaeraz.
Eta horren giro ederra alferrik pasatzen ezin utzi eta antolatzaileon afal osteko tertulia gehiegi luzatu zitzaidan. Oñatiko taberna zuloak behin eta berriz bisitatzen bukatu nuen; lasterketak utzitako zapore gozoa garrazteko ahaleginean, neoprenoren bat baino ez zitzaidan falta izan barruak horrenbeste ez bustitzeko. Astea hasiberri, aldapa goran eta eskuko frenoa goraino.
Lehen mailan ez da liga jarnunaldirik izan, horrela futboleroak Eibar edota Alaves bezalako taldeekin konformatu behar izan dira; izan ere, Brasilera begira jarrita daude herrialde ezberdinetako selekzioak. Eta han, sanbaren lurraldean, zer esana ematen ari dira futbol zelai ezberdinetan dauden segurtasun neurri eskasak. Eskasa izateari gustua hartuta edo, ari da behin eta berriz Alonso espainiarra; atzokoan Vettelek eraman zuen, berriro ere, Fortmula 1eko lasterketa.
Denboraldia eta, bide batez, ibilbidea bukatu zaio Euskalteltaldeari. Txinako itzuliarekin esan dio agur kolore laranjari. Orain, txirrindulari bakoitzak bere kolore berriak aurkitu beharko ditu. Han eta hemen, batzuk eskaintzak jaso edota jasoko dituzte baina masailari, mekaniko eta antzerakoek aurre egin beharko diote langabeziaren deialdiari.
Oñatin Altuberen omenezko zeharkaldia ere ospatu zen igandean. Haur eta helduentzako prestatutako ibilbide ezberdinak eskaini zituzten antolatzaileek. Atzokoan izandako giro eta eguraldi bikaina lekuko berezia izan zen Oñatiko errekak garbitzen aritu ziren bolondresentzat. Plazan batu zituzten traste eta zaborrek argi erakusten zuen errespetu gehiago zor diogula ingurugiroari.
Bilbon jendetza elkartu zen espainiar malapartu jakin batek martxan jarri nahi duen plan berri bati STOP esateko. Dena den herriaren eskaerak indarra izan dezan alderdi politikoek gehiago egin behar luketela uste dut. A, B edo C espainiar planak inoiz ez dira izango gure herrirako aproposak. Hezkuntza propio bat behar dugu; egin dezagun elkarrekin gure plan propioa.
Datorren larunbateko Raidera begira jarriko naiz; barruak garbitu eta estrategia egokiaren bila hasi beharko naiz Olasagasti lagunarekin. Larunbatean Neoprenoarekin atera banintz kalera…..