( http://ok-magazinea.com/iritzia.php?idioma=eu&id=129 )
Km0, Las Palmaseko Alfredo Kraus auditorioaren parean nago. Hiriko maratoian parte hartzeko gertu. Urtarrila bada ere, ez dago negurik. Tenperatura epel eta haize bero lehorregia. Bagoaz.
Km 3, Erritmo azkarrago bat eramateko gogoa etorri zait; halere, duela 3 urte hartu nuen erabakia. Maratoiari aurpegirik ederrena bilatu nahian edo, markak alde batera utzi eta erritmo erosoan 42 kmak egitea da helburua.
Km 7, Partehartze aberatsa du lasterketak; maratoiaz gain, 10 kmak eta maratoi erdia ere martxan dira. Taldea jendetsua da. Dagoeneko pasa dugu lasterketaren lehen ordu erdia.
Km 10, Eskaintzen didaten leku guztietan saiatzen naiz ura edaten. Tenperatura zerbait igo dela nabaritu dut. Kontuz ibili beharra dago. Hiriak alde turistikoa ezezik, eliza edota aintzinako eraikuntza historiko batzuk ere badituela konturatu naiz.
Km 14, Halako baten, “Aupa Osi” entzun dut. Maider da. Gel magiko bezain marabilloso horietako bat eman dit. Poltsikan gorde dut. Logistika martxan.
Km 18, Las Canteras izeneko pasalekuan sartu gara. Ondartza eta itsasoaren aldamenean egingo ditugu maratoi erdirako gelditzen zaizkigun azken kilometroak. Irentsi dut lehen gela.
Km 21, Maratoi erdia. GPSak ez du gezurrik esaten. Kartelek diotena baino metro gehiago behar izan ditugu maratoi erdia egiteko. Gogotsu nago. Banoa bigarren itzuliaren bila.
Km 24, Kaleetan dagoen animazioa itzela da. Batukada, rock taldeak, turutak…
Km 30, “Maratoia 30. kilometroan hasten den 12 km.-ko lasterketa bat da”. Lagun batek bezperan esandakoa etorri zait gogora.
Km 34, Muskularki, beroaren ondorioz, motel samar sentitzen hasia naiz. Baina tira, 40 minutu inguruko lana baino ez zait gelditzen. Erritmoa jeistea erabaki dut.
Km 39, Itsas ertzeko pasalekuan gaude dagoeneko. Helmugara eroso iristea nahi banuen ere, pausoak era arritmiko baten ematen ditut. Hortzak estutzeko garaia da.
Km 42, Helmugan jarri duten alfonbra berdean ditut dagoeneko ene oin nekatuak. Argazkirako irribarre bat eta helmuga gurutzatzeko gertu nago.
Km ?, Muskularki minduta. “Alien“ bat dabil gora eta behera biki, soleo eta gainerakoetan. Maratoia da; sufrimendua eta sentimenduak nahasten diren lasterketa.
GRAN CANARIA MARATON
03:35:12 Sirokoren eraginpean