OLIVETTIA CROSSAREN KATEDRALEAN

Olivetti zahar baten letrekin idatzitako sailkapenak plazaratzen zituzten orduan. Hamairu urte nituela aritu nintzen lehen aldiz Donostiako Nazioarteko crosean; garai hartan kadete mailan. Harmaila herdoilduak, jendez lepo, ogitarteko eta ardo zahatoaren lekuko izaten ziren. Besteak beste ibilbideko lupetz, errebuelta eta zaldiek, euren trostan edo galopan, utzitako zuloek egin dute handi Lasarteko crossa. Aurten ezin izan naiz bertan izan baina oraindik ere, agian datorren urtean, jantziko ditut iltzeak maiteminduta naukan lasterketan.

Crossaren katedrala ei da Zubietako hipodromoa. Zaldiak ezezik, korrikalariak ere batzen dituena urtarrilero. Nazioarteko cross lasterketa ederraz gozatzeko aukera izan genuen atzokoan; izen handiko korrikalari batek irabazi zuen lasterketa, Imane Merga etiopiarrak alegia. Gainera, Euskadiko cross txapelketa ere jokatu zen atzokoan Donostian; gizakumerik azkarrena Ivan Fernandez korrikalari arabarra izan zen eta emakumeei dagokienez, Ainhoa Sanzek jantzi zuen txapela. Halere, sare sozialetako argazkirik esanguratsuena gertuko korrikalari bati atera zioten; Nere Arregi arrasatearrak egindako demaseko ahalegina erakusten du erretratuak.

Idiazabalen ere izan zen lasterketarik; bada denbora Idiazabalekoa urtarrileko beste klasiko bat bihurtu zela. Gaztaren lasterketa ere deitu ahal genioke; izan ere, asko dira gazta zati batekin etxera datozen korrikalariak.  Nafarroako cros txapeldunak ez zuen areriorik izan atzokoan;  egindako lasterketak errekorra ezartzeko balio izan zuen eta kostako da  marka edo erregistroa gehiago jeistea.

Idiazabal eta Zubietatik haratago ere atlletismoa egon badagoelako, aipatu gurako nituzke beste bi kirolari. Alde batetik Ritxar Fernandez oñatiarrak Laudioko lasterketan eginiko lana eta bestetik, Gotzon Solaegi bizkaitarrak Durangon burututakoa. Biak ala biak, beteranoak izanik, puntako maila ematen ari dira panorama atletikoan.

Ziklokrosa ere izan du asteburuak. Munduko txapeldun berriak, Wout Van Aert, 21 urte besterik ez ditu. Belgiarrak atzean uzti zituen besteak beste iazko irabazlea eta Nys handia. Iaz Van der Poul holandarrak txapela eskuratu izanak ez zituen gustura utzi belgiar zaletu sutsuak. Aurtengoan, eta Nys maisuaren agurrean, belgiar bat da berriro txapelduna.  Ruiz de Larrinaga euskadunak lan txukuna burutu zuen eta 27a izan zen helmugan. Zoritxarrez Aitor Hermandez faltan bota genuen atzokoan; dirudienez, nahiz eta merezi izan, Monparler hautatzaileak zerrendatik kanpo utzi zuen ermuarra.

Idatzi honen haseran aipatutako Olivettia ganbaran izango da gordeta, amaraunen artean. Egun dugun teknologiak hamaika trikimailu egiteko aukera luzatzen digu. Diotenez, bizikletaren batean sartu dute motorra. Ez dakit zerbait argituko den; aitzitik, hemeretzi urteko emakumearen etorkizuna ilundu da benetan.

Bildutako puxkekin afaria egin ohi dute Aniz eta Berroetako gazteek; mozorroa jazten goiztiarrenak izaten dira baztandarrak. Sunbillan ere, makina bat karroza atera dute kalera asteburuan eta zanpantzarrak, joaldunak, dagoeneko joaleak astintzen dituzte  inauteriak heldu direla adirerazteko.  Eguen gizenean, apika, arraultza parea txorixo mutur batekin jango dut  eta gogora etortzen zaizkidanak Olivetti zaharrean idatziko ditut. Ondo izan.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude