Pilatosekin egin dut topo

Dirudienez pasa den asteburu honek egingo ditu negu gordinerako harrera lanak. Izan ere, igande goizeko euriak eta temperatura aldaketa nabariak armairutik txamarra potoloa ateratzeko bidea eman dute.  Bustita bukatu zuten beraz, Plaentxitik Bergararako bidea egin zuten korrikalari eta patinatzaileek; hirugarrenez, Dabid Gartzia durangarra  izan zen azkarrena eta Donnay  berriz, aldrebesena. Arrasatearrak, lasterketa ostean ahora sartu zuen haragi zati baten erruz,  ospitalean pasa behar izan zuen gaua; abiadura gehiegi hanketan eta hortzak berriz, apaingarritarako bidelagun. Eutsi Endika!!!

Isidro Unzueta zenaren orimenez antolatzen dute crossa Zarautzen.  Haurrei zuzendutakoa den honetan,  alabetako bat izan zen iltzekin belar busti berritan takarraran. Ganoraz osatu zuen epaileek eskatutako kilometro pasatxoko ibilbidea; gustura alaba eta aita berriz, zeruan.  Argazkiren bat edo beste egiteko ahaleginean ibili banintz ere, fundamendu gutxiko perspektibak erdietsi nituen;  ene profesionaltasun maila urria agerian utzi nuen, beste behin, emaztearen keinu adierazgarrien arabera bederen. Kostaldeko herri surferoan Iratxe Aranburu neska jator eta alaiarekin berba egiteko parada ere izan nuen; izan ere, haur saiatuen mesedetan, espeaker lanetan jardun zuen goiz osoan zehar. Plazer bat, Iratxe.

Larramendismoaren alde egitea Foruen alde egitea omen zen. Ni neu Tolosan izan nintzen zapatu arratsaldez foru kilometrikoen defentsan. Larramendi auzoko krosean tamainako lasterketa burutu nuen, halere oraindik ere, giltzapean sartu banindute bezalaxe, bada gauza erabakitzeke. Horrela zioen behintzat Iparragirrek Foruen defentsan; horrela irudika dezaket Larramendismoa ere,harik eta, benetako krossek dagokidan tokia eskaini arte.

Arrasate sartu dute Tribunalean eta aparteko kulparik aurkitu gabe,  ez diote barkatu. Amaitu da Berritsuko mutilaren jarduna Errealaren lehen taldean. Anoetako Pilatosik gordinenak eraman du zuloraino. Ez dakit datorren berriak, ahal izango duen, Baskoniak bezalaxe, iparra bilatu; tade gasteiztarrak hiru garaipen jarraian lortu ostean, irrifartsu agertzen zaigu Tribunal ezberdinetan. Ea bada.

Errege keniar bat koroatuko nuke atletismoaren garairik modernoenean. New Yorkeko maratoia irabazi zuen atzokoan Kipsang handiak.  Afrikarrak Berlin, London eta NYeko helmugetan ezarritako zinta kapritxosoak eraman ditu bularrean aurrera. Bera izan da munduko maratoirik preziatuenak irabazteko gaitasuna erakutsi duen gizasemea. Foru berriren bat idatzi beharko litzateke Kipsang delakoaren izenean, redio.

Gaurko lau hitz xume hauek Oñatiko mutil jator bat aipatuz nahiko nituzke bukatu. Badio esaerak eskuko behatzak ere ez zituela Jainkoak berdinak egin. Besarkada bat familiari, goain bego Joxe. Ondo izan.

 

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude