NON DAGO UNTZUE?

Google famatuaren bilatzailean UNZUE izena idatzi nuen Nafarroako herri honen kokapena ezagutzeko asmoz. Halere, herriari buruzko informazioa baino, garai baten Osasuna edota Bartzelonako atezaina izan zen jokalariari buruzkoa agertu zitzaidan; eta orrialdean behera egitean berriz, oraindik ere txirrindulariekin lanean dabilen Eusebiori buruzko argibideak ikusteko aukera izan nuen. Iruñea eta Tafalla artean dagoen herria ezagutu ahal izateko RAIDen batean parte hartzera derrigortu ninduen Google madarikatuak. Larunbatean izan nintzen bertan; ez ginen oso fin ibili balizak bilatzen. Aitzitik, beti da plazer bat Iñigorekin Raid bat egitea.

Donostia aldean giroa aldrebestuta dabil aspaldian. Emaitza ankerrak lortzen ari da Arrasateren taldea eta badirudi, Cordobako partidaren ostean, entrenatzaile berriren bat izango dugula Zubietan. Egia esan, ez zait horren emaitza negatiboa iruditzen larunbatekoa; azken batez, etxetik kanpora puntu bat eskuratzeaz gain, talde andaluziarrak  ere ezin izan zuen irabazi. Gainera, ez zitzaidan egokia irudituko Jagoba kaleratzea; aspaldi dabil krediturik gabeko aste malapartatuak igarotzen. Realzale askok kalean ikusi nahi zuten Donostiako jaietarako, denboraldiaren aurre-denboraldirako. Izan gaitezen serioak. Eta zorterik onena Jagoba eta Errealari.

Eta kreditu kontuak aipatu ditugunez, horrelako maileguekin jolasean dabilen erakunde bat izan da albiste. Izan ere, Kutxabank kaudimendun banketxea dela esan digute; nonbait, dagokion horrek eskatutako kapitala bikoiztu baitu . Ez dakit zein aldartetan izango diren maileguei aurre egin ezinik dabiltzan  familia eta antzerakoak; zein eroso dauden txanponak larruzko zisku jakin batzutan, bai horixe.Efrenek besteko poztasuna izango dute agian . Moto3 delakoan garaipena eskuratu baitu pilotu euskaldunak. Merezitako ospakizunetan ikurriña atera eta hamaika kritika jaso ditu mutilak; baina Efren antza, ez da isilik gelditzen den horietakoa eta aho lizunegiak isiltze aldera, esaldi borobila atera zaio ahotik:<< ikurrinarekin agertzeko keinu hori, nire herriari eskerrak emateko era bat da…>>

Negua  agertzen hasia zaigu baina ez gara konturatzen. Ordu aldaketa eta ziklo kros denboraldia martxan dira dagoeneko baina, kontraesanen eltzean eguzki goxoa han eta hemen. Besaide aldean izan nintzen domeka goizean. Udalatik abiatu ginen kontu kontari familiako bostok hiru probintzitako mugara; alaba txikienaren purrustadekin kantu gregoriano bat ekoizteko ahalegina egin banu 40 printzipaletako zerrendak hankaz gora jarriko nituzke, ziur. Eskerrak, Udalan, denok, alajaina, bere onera etorri ginen, gaitzerdi.

Besaiden ez da izango Alex Huber gizasemeak eskalatzeko ormarik; ez bederen, atzo eskalatzaile handi honek erakutsi zituen parekorik. Institutuko aretoan azaldu zuen sokarik gabeko eskalada zer den; zer nolako orma bertikalak igotzeko gai den. Ikaragarria. Harrituta utzi ninduen. Jon Odriozolak kontinental mailako taldea aterako duela entzun dudanean bezalaxe; asko dira izan dituen oztopoak, ea bada Jon, zorterik onena duzun.

Eta Euskaltel gogoratu nahian edo, izan ziren 600 bat erretiratu Oñatin. Herriko bazter ederrenak ezagutzen eta lagun berriak egiten. Larunbatean ospatu zen Gipuzkoako erretiratuen XXIV. ibilaldian gertatu da hau. Moto3 delakorik gabe, Huber handiaren trebetasunaren faltan baina kaudimen handia erakusten duen bizinahia poltsikoan zutela.Hala bedi eta ea urte batzuen buruan elastiko laranja janzteko gauza garen. Eutsi.

 

 

 

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude