Luzea izan da asteburua. Zirimiri gogaikarri batek nahi izan du lau egunak busti; halere, igandeko eguzki goxoa hezetasun kontuak ahazterainoko ganoraz azaldu zitzaigun. Jaunartzetarako erosi edota aukeratutako soineko dotoreak nabarmentzeko aukera izan zen goiz ederrean, zapatilak lokatzez zikinduak zituzten korrikalari kementsuak iristen ziren Atzeko Kalean behera. Halako baten, norbait Marinelez jantzitako mutikoen orrazkera perfektuak Aloñako zerraren perfilean uztartu nahian antzeman nuen; helmugara heltzea eta infernutik ihes egitea gauza bera ei da askorentzat. Deabrua menperatzeko ahaleginak eramango baitu korrikalaria haur bedeinkatuekin Jaungoikoraino.
Urolako trenak antzina egiten zuen ibilbidean pasa nuen osteguneko goiza. Brinkolatik Azpeitirako tartea egin nuen korrika Laredon egin gura dudan maratoiak horrela eskatuta. Kilometro guztiak irentsi ostean zain nuen familia dutxa ondoren jantzi beharreko arropak bertara eramanda. Azken kilometroak luzeegiak egin zitzaizkidan, infernurako lehen pausoak ziren nonbait. Halere, gustura gelditu nintzen burututako lanarekin, ea bada.
Aloñako igoeraren baitan pasa dut asteburua. Lasterketaren X. urteurrena aitzakiatzat hartuz, egitarau borobila eraman dute aurrera antolatzaileek. Jaungoikoaren esparrurik santuenean azaldu zen lehenengoz Txarrana. Bellotzako zulotik gora etorri zen bide bazterretako zuziak piztera, Butraitzeraino igoko ziren korrikalariei infernurako bidea adieraziko balie bezala. Lasterketak giro hezea bezain gogorra izan zuen; ilunetan harkaitz bustietan gora egitea ez baita erraza. Lariz elgoibartarrak irabazi zuen asteburuak eskaini zigun lasterketa bertikala.
Larunbata ere euritsu esnatu zen. Infernuko suaren keari imintzioka edo, Aloñako zerra behe laino zuri batek estaltzen zuen. Plazan haurren gozamenerako jarritako puzgarriek eman zioten ongi etorria arratsaldean izango zen desafio edo erronka erraldoiari. Polita izan zen antolakuntzak infernurako gertatutako jolasa. Eskarmentu handiko kirolariak erronka aldrebes bezain erakargarriei aurre egiten ikustea polita izan zen. Bonbak bere izen onari ohore eginez edo, orkatila lehertu zuen eta Uriartek ostera, ez zuen zorte handirik izan zulatuekin. Halere, polita eta kuriosoa izan zen kirolari guztien jarduna.
Infernua sutan, kiskali beharrean, igande goizean jarri zen. Gorgomendirako aldapa bertikalek izerdi eta arnasestu ankerrak eragin zituzten. Gurutzeak arima gaiztoak ezin izan zituenez uxatu, berehala ekin genion Artzanbururako bideari. Pekatariok garretan urtzen ginen heinean, entzuten genuen malda ezberdinetara hurbildutako zaletuen animoak. Paradisuaren bila, Aloñaren ipar paretako senda ikusgarrian barna egin genuen korrika. Horrela, usain heze koloretsuenekin, aitaren batean heldu ginen Oñatiraino.
Herriko kaleak estuegiak bihurtu ziren ustekabean. Elkartean eginiko bazkariak lasterketaren inguruko istorioak kontatzeko aukera eman zigun. Bazkal osteko tertulia aberatsa plazaren bestaldeko kafetegiraino luzatu zitzaigun. Deabru gaiztoenetik salbu Gurutzeari so ginela, datorren ekitaldiren baterako planak egiten hasi ginen …