EUROPARA

Oñati beti jaietan omen dago. Inguruko herrietako lagunek halaxe diote. Oraingo honetan, Sanmiel Txikiak izan ditugu asteburuan; txorimalo, musika eta giro aparta izan dugu Kale Zaharrean. Plaza aproposa izaten da lehen ligea aurkitzeko edota bizitzako lehen parranda edota mozkorraldiari ongi etorria egiteko. Gainera, beste hamaika ekintza aurrera eramateko aukera eskaintzen digun jai marabillosoak dira. Horrela, Gure Esku Dago ekimenaren bideoa bertan aurkeztu zuten. Jende mordoska bat bildu zen jai batzordeak kontratatutako bertsolariek girotu zuten aurkezpena ikustera. Ekimen honek zeresana emango du datozen egunetan, adi beraz…..

Eta adi ibili beharko da Erreala ere. Sanmamesen derbia berdindu ostean, Anoetan izango du galtzak bete lan. Igandean erabakiko baita lehen mailako liga txapelketa; nork irabaziko duen txapelketa, nor jaitsiko den bigarren mailara eta nor lehiatuko den datorren denboraldian Europan. Kontinente europarra modan baitago;horrela dirudi bederen telebista eta egunkarietatik jasotzen ditugun albisteak irakurrita eta ikusita. Cañete bihurtu da izenik entzunena politikaren mundu aldrebesean, hauteskunde kanpainaren hitzontzirik famatuena. Prest ditugu politikariak Estrasburbo, Brusela eta abarretara salto egiteko. Naroak egin berri duen jauzia irudikatu nahiko dute askok; hiru hilabete barru izango diren Europako txapelketetara begira, egundoko marka egin baitzuen euskaldunak. Italiako Giroa ere Alpeetatik haratago joan zaigu; Irlanda  aldean egin dituzte lehen kilometroak txirrindulariek eta orain, Naroaren pertikarako makilaren laguntzaz edo, pizza eta pasta onaren lurraldean dira jada. Eta hau guztia bizardun emakumeak abesten ikusi ditugun asteburuan.

Maratoia izan zen igande goizeko protagonista Gasteizen. Kike Sebastian izan zen azkarrena Fiz handiaren omenezko lasterketan; eta Martin Fiz berak lortu zuen bigarren denborarik onena. Bezperan, larunbatean Arteako lagun handi batek antolatzen zuen orientazio froga baten izan nintzen. Bertara beste lagun handi batekin joan nintzen balizak bilatzera. Eguraldi bikaina izan genuen pinudietan barna balizarik ezkutuenak bilatzeko; arantza, sasi eta asun ugari izan genituen bidelagun. Hesi batek eskainitako oparia ere ekarri genuen etxera; praketako zuloak beharko ditu orratza eta haria, ehhh Txomin!!!

Bergarako igerilekua ere ezagutu dut. Alabetako batek lehiaketa izan zuen bertan. Gustura izan nintzen alabaren jardunari begira; ederki defendatzen da igerian. Oraingoz, goiz da Europako txapelketaren batekin ametsetan hasteko; pozik dabil lagun artean eta hori da benetan beharrezkoa eta garrantzitsua. Eta iluntzea ere, lagun arteko zerbait bilakatu zen. Sanmiel Txikiak Europako jairik politenak bihurtu ziren ustekabean. Elkarrizketa batek bigarren basoerdira eraman gintuen eta bigarrenak beste batzuetara. Gauza logiko ei da; era honetan ogitartekoaren esparrura sartu ginen. Xolomoa, tortila eta edateko beste basoerdi bat, eta gu, jakina, gero eta europarragoak.

Gaur, badaezpada, bizarra moztu dut. Europartuta esnatu banaiz ere, bizarrik gabe hobeto egingo diodalakoan aurre asteari. Kantuan egin behar badut hobe ostiralean edota larunbatean egin; orduan izango baitut berriro basoerdia eskutan eta luzeago bizarra. Ondo izan.

 

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude