AKUILUAK

Sodupeko basoak ezagutzen izan nintzen atzo goizean. Orientazio froga herrikoi bat antolatu zuen Bizkaiko Cobidea taldeak. Bi alabek orientaziorako erakutsi berri duten interesak bultzatuta, lehenik eta behin, ibilbide laburreko froga egin genuen hirurok. Iparorratza erabiltzen ikasteko ibilbide ederra aukeratu zuten antolatzaileek; halere, ordu t’erdiko lanaren ostean nekea nabaria zen alaben aurpegietan. Helmugara heltzearekin bat, eta Maiderren pazientzia eskertu ahala, abiatu nintzen nire ibilbide eta balizen bila.

Baliza gehientsuenak nahiko erraz bilatu nituen. Hesi bat igarotzeko ahaleginean labaindu eta egundoko takatekoa hartu nuen ezkerreko bernazaki edo berna hezurrean. Sastrakekin ere, borroka itzelak izan nituen; arantzez betetako zartailu mingarriak jasotzen nituen izter eta inguruetan. Bukaeran ene buruari jarrera profesionalegia erakutsi nahian edo, mapako azken 5 balizak memorizatu nahi izan nituen eta…..kaka….bi baliza bidean gelditu ziren partehartzaile iaioagoren baten zain. Kale egin eta metarantz abiatu nintzen. Tamalez astoari konfiturak eman nizkion.

Goiz aparta izan genuen Sodupen. Giro ederra eta lagun arteko mahai buelta bikaina. Eta bikaina izan zen ere Errealak larunbat arratsaldean jokatu zuen norgehiagoka. Bartzelona handia aise hartu zuen mendean. Gogotsu eta trebe azaldu zen talde txuri urdina Kopatik kanpo utzi zuen taldearen aurka. Garaipen onekin Championa eskurago ikusten bagenuen ere, beste hiru puntu eskuratu ditu ere Athleticek Sevillan eta oraingoz talde bilbotarra da laugarren leku horren maizterra. Osasuna ere, bikain aritu zen  colchoneroen aurka; agian bezperako manifestazio jendetsuak egin zuen akuilu lanak Sadarren.

 

Akuilua behar beharrezkoa dute Barcina eta konpainiak Nafarroako gobernutik alde egiteko. Aire freskoari agur esatera bidaliko nituzke gustura.Nafarroako herriak aldaketaren beharra du, ustelkeriarik gabeko esparru batean jokatu nahi du. Ea bada. Eta beste akuiluren bat ere, oparitu nahiko nioke espainiar mandatari ergelak astindu gura duen horri… baina akuilu gehiegi erosi beharko ditut…ez da?

Larunbat goizean Hernani aldean sagardotegi kutsudun lasterketa jokatu zen. Sagarlasterra izeneko frogak sagardotegi denboraldia indartu nahi du nonbait. Hau dela eta, goizean gogotsu atera zuten korrikalariek izerdia. Gerora, eta Txotx!!!! eginez, hidratazio perfektua bilatzeko asmotan. Eta Hernanitik etorri da  Aloña Mendi futbol taldea esku hutsik. Txuleta, bakailao tortila edota sagardo barik, burumakur. Eta antzera bueltatu da Natxo taldekidea Sevillatik; ezin izan du horren kementsu gertatu duen maratoia bukatu, eutsi.

 

Bada kirolaren inguruan hitz egiteko gairik; OK- Magazineko iritzi emaileok afari eder baten aitzakiapean bildu ginen Olabartako elkartean. Berba egiteko txanda eskatu behar izaten den topaketa hitzontzia bilakatu zen afaria. Aitzitik, gai eta kontu ugari mahai gainean eta bertaratuok, gustura.

Nazioarteko Egiaztatze Batzordea ere izan da protagonista geurean. Agian, horrelako taldeak behar ditugu akuiluak astintzeko. Baldin eta zitazio zentzugabetatik ihes egiteko gai badira. Hitzontzirik aspergarrienetik haratago, bide batez, egiazta dadila geure herriak jasaten duen iruzurra. Eta baliza ezkutuenak aurkitzen ditugun lez, egiazta dadila herri honek erabakitzeko beharko lukeen eskubidea. Ondo izan.

 

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude