ERLIEBE GAIZTOAK

 

Sartu zaizkigu dagoeneko mendi lasterketak sukalderaino. Otordurik goxoena prestatzeko asmoz azaltzen zaizkigu zuhaitz, harkaitz eta belardietan. Erlieberik gaiztoena marrazten dute korrikalarien bekoki izerdituan; sestra kurbak irentsi nahian, tontorrak konkistatu guran. Horrela iritsi zaizkigu Antzuolako zortzi milak

Irimoko gurutzeak samurtu zituen igande goizean gailurrerako azken metroak. Antzuolako 8 milak ospatu ziren  aspaldiko iganderik eguzkitsuenean. Eta Irimoko gailurretik erraz bistaratzen da igande arratsaldean nik neuk zapaldu nuen mendizerra. Eguerdiko siestaren meatsua saiheste aldera, Oñatiko aurreko mendietako osteratxoa egin nuen. Jentiletxerako aldapa madarikatuek, arnasots bizia sortarazi zuten erritmo lasaiaren nahasmenerako. Horrelako aldaparik ez zaio faltako Barcina andere petralari;  ugari dira iruzurrak eta gehiegikeriak, Nafarroak merezi du besterik, bai horixe. Arranoaitz izan zen mendikateko azken tontorra; gezurra badirudi ere, pinuz hornitutako basoa pago, lizar eta haritzez babesten du erlieberik garaienak. Nor edo nork, boxeolarien lez,  aho- babeskia beharko du laster antzean, agian.

Baina bada mendi tontor bakoitzak gogoratu beharko lukeen izenik. Asteburuan zendu da Paco Iriondo mendizale  nekaezina. Urtetan Euskal Federazioko lehendakari izan den gizon apartak agurtu ditu betirako basorik baztertuenak, txokorik ederrenak. Goian Bego. Bere izena gogoratuko dute ere Gorgomendi, Akaitz eta Botraitzek datorren maiatzean. Zabalik dago dagoeneko Aloñako igoerarako izen ematea. Hamargarren urteurrena dela eta, asteburu borobila prestatzen ari dira antolatzaileak. Dortsalak aitaren batean bukatzeko zorian dira, ni, okerrik ez bada, bertan izango naiz ene arnasotsa kontrolatu nahian, ea bada.

 

Atletismoan ere bada jauzirik. Pertika mundutik etorri zaigu ezustekoa. Bubka handiaren marka estralurtarrak izan du parekorik. Lavillenie frantsesak pista estaliko errekor berria ezarri du denon gozamenerako. Igogailua hartu du Bubkaren marka zentimetro baten hobetzeko, ikaragarria. Eta beste maila batean, baina itxuran, ospatu da Euskadiko pista estaliko txapelketa. Zorionak txapeldunei.

Bukatu da San Mames berriko sorginkeria. Bartzelonako Espanyol taldeak menperatu du Valverderen taldea.  Orain artean Santuari eskainitako errezo eta otoitzek eraginik izan badute ere, oraingoan beste zakur batek egin du zaunka. Otoitzen beharrik ez du izan Josune Odriozola txantxikuarrak; Valentzian jokatu den Espainiako txapelketan 5 domina eskuratu ditu igerilariak. Biba zu!!!!

Badoa otsaila eta orientazio eta raid denboraldiari begira nabil aspaldian. Desiratzen nago; datorren asteburuan Sodupe aldean izango gara balizak bilatzen. Hor nonbait ikusi ditugu jada lehen San Jose loreak edota mimosa horiak; dagoenean bon- bon eta ez dagoenean hor- konpon. Ondo izan.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude