GERRAKO HAURRAK

Begirada galduak marrazten dira Santanderreko kaian dauen bi oƱatiarren aurpegietan. Ama zendu berri den garai aldrebes batean bizirauten duten bi haurrek, munduko mapan non margotu ez dakiten Errusia izeneko herrialde hotz bezain arrotz batera eramango dituztela jakin berri dute. Haien kargu den gizasemeari begitarte iluna atzematen zaio; izan ere, mundu zabalari jakinminez begira izan beharko liratekeen haur haien begi biziak, begirada goibel bezain abailduan itotzen dira.


Sorterrian piztu den gerrate malapartatuak aldrebestu du bi gazteen egunerokoa. Faxisten bonbetatik ihesi amarekin zeharkatu dituzte bertatik bertarako landa eta herriak, edota Kantauri itsasorainoko bide, bidezidor eta soro gaizto eta arriskutsuenak, ihesi. Abadinoko zuloz beteriko errepideko estoldan zirenekoa adibidez; Durango bonbardatu zuten egun hartakoa. Formazio perfektuan planeatzen ziren hegazkin haien zaratak barrenak nahasteraino; gaixorik zen amaren eskua eta magala bilatzen.


Santanderreko badia, sasoi honetan bederen, marismez inguratutako espazio da; halere, badiaren aparteko baldintza naturalek erraztu egin dute ertzetan biztanlegune ugari finkatu eta garatzea. Gogoan du anaietan zaharrenak aitak itsasoa ezagutzeko promesa egin zion egun hura; mezu ezkutuak gordetzen dituen urez beteriko alfombra urdin bat irudikatu zion berba gozoz. Eta orain hamaika tunel, babesleku edota bunkerrretako hezetasunak ereginda lurperatu behar izan duten amaren faltan, ezagutu dituzte lehenengo Castro eta orain Santanderreko itsaso urdinak, alfombra latzegiak.


Kresal usai busti batek gidatu ditu itsasontzi barrura. Abiatu orduko bodega ilunean nabari den kulunka, amesgaiztotik iratzarri nahiko balitu bezala, temati ageri da. Ihesik doaz, nonbaitera, edonora eta inora; frankista zein karlisten hatzaparretatik ihesi. Sorterria eta gurasoak bonbek piztu duten sugarren artean utzi dute. Minez jantzitako hotzikarak nagusitzen dira zentzugabe mugitzen den itsasontzian. Harik eta, gerratea amaitu arte, ez dituzte berriro gertukoak ikusiko, besarkatuko.

Gaur 2021eko apirilaren 25ean, eta Intxortako lagunei esker, 1937an haurrak ziren gizon eta emakume hauek omendu dituzte. Gerrate hartan bizi izan zutenekoa deskriba ezina bada ere, gera dadila orririk gardenenean idatzia.
Besarkada bat Joxemari eta Joxe Luis.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude