SORIA (1)

Mediaba el mes de Julio. Era un hermoso día.

                                                           Yo, solo, por quiebras de pedregal subia (…)

Ezkutuan, urruti ta hurbil,  bizi irauten duen lurraldea. Kolore aberatsek erliebe gaizto zein samurrak margotu dituzten lurrez apaindua. Machadoren parekorik jaio ez bada ere, lau berba xume idaztera ausartzen naiz, Sorian bainaiz, ta halaxe eskatzen dit zerbaitek. Goazen bada…

Udarako orientazio txapelketa garrantzitsu baten lehiatzera etorria naiz. Han eta hemen ikusten ditudan kartel koloretsuetan argi irakur daiteke txapelketaren izena: 5 Días de España- Pinares de Soria. Larunbatean hasi eta eta asteakena bitartean jokatuko da txapelketa; Vinuesa, Navaleno edota Soriako hiriburuan ere, lehiatuko gara.

20.00ak aldera iritsi naiz Vinuesa herrian dagoen ganorazko kanpinera; Gipuzkoako Orientazio taldeak bertan ezarri du oinarrizko kanpamendua. Bezperan Decathlonen erositako kanpin denda zabaltzen hasi naiz pinudian, badaezpada argibideen horria alboan dudala. Eguzkiaren ibilbidea asmatu nahian edo, zerura ere begiratu dut. Pinudiaren itzala kanpin dendarekin bat egin nahian, pasa ditut minutu malapartau batzuk; izan ere, orientazioan abilak bagara ere, maiz, komeriak izaten ditugu horrelako kontuetan.

Ganoraz instalatu ostean datorren eguneko kontuak prestatzeko garaia heldu da.

Luzera ertainako lasterketa; Molinos de Duero….eta arratsaldean Urbion tontorra

Vinuesatik gertu dagoen herria da Molinos. Historia eskuzabala izan da herri honetan; harlanduzko etxe ugari daude. Ihes egin nahain azaltzen diren teilatu- hegalak edota egurrezko balkoi luzeak ageri diran nonahi.

Orientazio jardunerako aldiz, harlanduzko etxe hauetatik urrundu gaituzte. Kilometro inguruko aurre- irteera batek eraman gaitu herriaren gaineko aldean dagoen zelaigunera. Irteera hartu ahala eta triangelurako bidean, mapako lehen baliza erasotzeko ahaleginean naizela, eskala barneratzen saiatu naiz. Tekniko samarra da mapa, norabide aldaketa ugariak ditu eta Soriako arkaitz borobilEk mapetan hartzen duten forma ere, interpretatu beharra dago. Azken balizak aldapan behera aurkitu eta Molinos de Dueroko helmugara heldu naiz. “Carretero” lanak egin izan banitu bezala heldu naiz; bertako biztanleek duten  ezizena ei da. Balizekin baino, carretekin eta huek eskaintzen duten biharlekuekin bizi ei zen Molinos.

Piko Urbion

Urbasa, Urkulu….Urbion….euskal tomponimia Sorian.

Beste mendi tontor askoren tankeran, igotzeko leku ezberdinak ditu honek ere. Durueleotik gora, El Bunker delakotik igotzeko asmoa banuen ere, beste bailaratik egingo dut ahalegina. Laguna Negrako  beheko aparkalekuan utzi dut automobila.

Goiko aparkalekura gerturatzen zaituen autobusak ihes egin dit. Bertara iristeko dagoen kilometro parea korrika egin dut. Bigarren aparkaleku hau Aintzira Beltzaren aintzinean aurkitzen da. Hamaika kondaira gorditzen dituen glaziardun aintzira inguratu eta Urbionera eramango nauen bidexka hartu dut; penditza, galanta da.

Laster baten hartu dut altuera eta hemendik tontorrerainoko bidea ez da horren gogorra. Paisaia etengabe aldatzen da; pinuak, pagoak eta harkaitz mardul eta grisak nonahi ikusten dira. Hiru Probientzietako lepora heldu eta azken txanpa baino ez da gelditzen tontorrera iristeko; bertatik harana ixten duen glaziar- zirku ikusgarria antzeman daiteke eta tontorrean berriz, paisai zoragarri batek Machadoren hitzak gogorarazten dizkit:

                                   Veia el horizonte cerrado por colinas oscuras

                                               coronadas de robles y encinas; oscuros peñascales (…)

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude