BLACK NIGHT RAID

Eguerdi aldera atera gara  Arabar Errioxan egingo dugun Raid berezi baten parte hartzeko. Ohiko “abentura Raid” baten aldean, badu berezitasunik; izan ere, honetan gauez orientatu beharko gara ordu batzuetan. Oñatin ateri dago eta gainera ostarteren bat ere antzeman daiteke. Olasaren zai nago. Mendiko bizikleta eta 7 orduz erabiliko ditugun tresna ezberdinak gordetzen duen motxila handi bat alboan ditut. Esandako orduan agertu da. Bizkleta furgonetaren atzeko aldean lotu eta Arabarako norabidea hartu dugu.

Isuskitzako tunelak markatzen du probintzien arteko muga; gaurkoan eguraldi traketsagoa aurkitu dugu Araban Gipuzkoan baino. Euria sendo ari du eta honek, benetan gogortuko du jarduna. Mahatsondo ugari utzi ditugu atzean herri txiki batera heldu aurretik; herriaren sarreran dagoen kartelean spray gorriz idatzitako “k” hizkia nabarmentzen da herriaren izena adierazteko; iritsi gara Kripanera.

Briefingean Urtzik eman dizkigu lasterketari buruzko azken azalpenak. Bertaratu den anbulantziaren sirena hotsa izan da irteera eman duen estimulua. Askotxo dira mapetan ageri diren kilometroak; baliza guztiak bilatzea ezinezkoa dela argi dugu. Primeran hasi dugu trekinga; balizak erraz bilatu ditugu eta gainera erritmo bizia daramagu. Konturatu orduko Kantauri mendizerra zeharkatu eta Bernedoko lurretan agertu gara; isurialdeen arteko truke lotsagabea burutu dugu, eupppp!!!! Raidak ez du etenik. Baliza berriak bilatzeko galdutako altuera berreskuratu beharra dagoenez, malda gogorrei aurre egin eta gurean patata tortilak irauten duen denboran, San Tirsoko tontorrean gaude bertako usategi malapartatu bateko baliza pikatzen.

oion1                           oion2

Elurrak orientazioa zailtzen du. Ez dugu garbi norantz jo behar dugun. Imanol eta Maitane ikusten ditugu gure besteko filigramak egiten. Denbora garrantzitsua galdu dugu eta bigarren sekziora nahi baino beranduago iritsi gara. Frontala jartzeko ahaleginean nabil; izan ere, botoi bat sakatzea baino gaitzagoa omen da frontala bizikletako kaskoarekin ezkontzea. Olasak dioenez argi indartsua du nere frontalak; une batez Oletako Isidroren Montesa zaharra etorri zait gogora, harek bai argia!!!

Sekzioko lehen baliza txiripaz aurkitu dugula esango nuke. Ilun dago benetan eta bizikletan hartzen dugun abiadura kontrolatu beharra dago; aitzitik, balizak atzean uzten ditugu. Balizetako bat mahasti ugaritan izaten den harrizko etxoletako batean aurkitu dugu; pikatzerakoan epeltasun une bat nabaritu dut gorputzean. Eguraldi ankerraren aurrean, garai bateko nekazariak bertan babestuko ziren, nik uste. Oionerako bidea hartu dugunerako bizikleta lokatz geruza sendo batek estaltzen du.

Faustino upeldegiak ateak zabalduz gero, ardoren bat dastatzeko aukera ez nuke galduko; aldiz, nire kalterako, herriko pilotalekuak zabaldu dizkigu ateok. Azken sekzioko froga bereziak egiteko ordua iritsi zaigu. Dagoeneko gaueko hamarrak dira eta ordubete baino ez dugu sekzioa itxuraz izteko. Herriko kanpandorretik rapelatu beharra dago eta gaurkoan Olasak ezagutu du eliza barruko eskailera kiribila. Dotorezia handiko rapelak argazki bat merezi izan du. Beste hiru bat baliza, froga pare bat eta helmugako baliza pikatu dugu. Bustita, hotzak eta leher eginda bukatu dugu denboraldiko lehen raida.

Lasterketan zehar asko disfrutatu badugu ere, dutxa ostekoa ederra izan da. Lizarra, Arratia, Ibarra edota Galiziatik etorritako lagunekin batera pikatu dugu aparteko baliza Oioneko pilotalekuan. Eskerrik asko bihotzez antolatzaileei.Black night raid izan da. NonStop aventura!!!!

 

oion6

 

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude