ZORATU GAITEZEN BIOK

Flysch-ak marraztutako erliebe bertikalean egiten zuten talka olatuek. Behin eta berriz, kresalari usaia lapurtu beharrean izaten diren kaioek dakiten legez.  Diotenez, geruzen geometría laua isilik dagoenean ere, berba egiteko gai da.

Herbeheretako Volendam herria ganoraz gogoratuko dugu aurrerantzean. Arrantzale herri honetan ospatu da bi urtetik behin jokatzen den goma gaineko munduko sokatira txapelketa; 2014an Euskadiko kirol federazioak TWIF-eko eskubide  osoko kide izatea lortu zuen, ondorioz asteburuan, euskal taldeek “ Baque Country” ordezkatuz lehiatu dira. Horra hor, tiratu gabe ere, erdietsitako lehen garaipena.

Urrezko dominik lortu ez duten arren, kirolarien poza eta sentimenduak azpimarratuko nituzke. Podiumera igo eta ikurriña beste bi banderekin igo zuteneko unea ekarri zuen gogora malko artean kirolari batek. Emozioa.

Eta emozio eta sentimenduak harrotu dituen beste gertakaririk ere izan du asteburuak. Sevillako maratoiak euskaldun asko erakartzen ditu. Andaluziako negu epelek eramango dute agian euskalduna bertara edota beharbada, lasterketak duen ibilbide azkarra izango da aitzakia. Biak ala biak, nik uste, egiten dute erakargarri Sevillako maratoia. Arnaiz eta Calderon adibidez, izan dira bertan; maratoiak egiten dugunok jakin badakigu, bertan bizitakoa deskriba ezina dela eta zorionez, ahaztezina. Bejondeizuela!!!

Labarretako buztinetatik ihesi Zumaiako asfaltu grisera pasatu denik ere izan du asteburuak; larunbateko Zumaiako lasterketan Sagarzazu izan zen azkarrena. Lokatzik gabeko marga koloreko geruzetan nabarmendu zen donostiarra.   Igande arratsaldean, marearteko zabalgunean galtzeko aukera izan genuen; goizean alabak Lubaki kiroldegian jokatu zuen partidak eman zigun aukera. Bazkari eder baten ostean, ondartzari eginiko bisitan, itsaslabar zehiarren  erresuman egin genuen jolas.

Pertika- jauzi batekin hormarik bertikaleta gainditzeko ahalegina egiteko moduan dugu Malen Ruiz de Azua arrasatearra.Egin duen markarekin, 4,21, promesa mailan Estatuko txapeldun berria bilakatu da atleta gaztea. Eta pertikaren faltan metraileta atera zuen atzokoan Errealak San Mameseko derbyan; merezitako hiru puntuak motxilan gordeta eraman zituzten Donostiara.

Kataklismo garbiena zikindu nahian ikusten ditugu politikariak. Ezinezkoak diruditen paktu, akordio eta hitzarmen zoroegiak lortu nahian. Han eta hemengo etekin birtualak erdiesteko borondatez; amildegiko geruza pitzatuetan zintzilikatzeko gauza direla erakutsiz.

<< Euripean dantzari aurkitzen banauzu inoiz, zatoz nire babesera eta zoratu gaitezen biok….>>.  Etorkin askok euskara ikasteko egiten ari diren ahalegina gogoratu nahi izan zuten atzokoan; bertan, Asier Serrano adiskidea izan zen ekitaldia musikaz laguntzen. Aterkinen faltan gizarteratzeko tresnarik erakargarriena egunerokotasuna bertako  hitzez bustitzea izan baitaiteke zuzenena.

Berdela ere laster dugu geurean. Labarretan labainduz eta kresal lurrin sakonetan itoz. Askok baporeen zai pasako dute astea beste batzuk berriz, pitzaduretako arnas galduen bila.  Ondo izan.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude