UR- JAUZIAK ETA OSTADARRAK

 

                Aste Santutako oporrek bloga astebeteko lozorroan egotera kondenatu dute. Horrela, nolabait behartua ikusten dut ene burua egun dexente gehiagotan gertatutakoak kontatzeko ahaleginean. Hala bedi.

                Kontuak kontu irakasleon oporrek han eta hemen ikusi, irakurri edota bizitakoak paperean islatzeko argudio eta baliabide aberatsak ematen dizkigute. Paul izeneko herrixkan hasi genituen oporrok; Añana Gesaltzatik hurbil dauden egurrezko etxe dotore batzutan hartu genuen ostatu. Bertatik Santiago mendira eginiko osteratxoa azpimarratu nahiko nuke lehendabizi. Nerbio ibaiak eskaintzen duen ur-jauzia ikaragarria bada ere, are ederragoa egoten da udaberrian. Izan ditugun elurte, eurite eta dena delakoek utzi duten ur kantitatea mardula da benetan eta hau, Santiago mendiko iturburuan oso nabaria da.  Ur- jauziari begira jarri ahala, telebistan horren programa xelebrea den Splash delakoa etorri zitzaidan burura; programa honetan pertsonai sasi famatuek tranpolin batetik egiten dute salto, ikuslearen gozamenerako agian. Dena den, pertsonai horiek ezezik, egunkari eta informatiboak betetzen ari diren horiek ere eramango nituzke bertara; eta hobe, gainera, Nerbio ibaiaren iturburutik bada jauzia.

                 Egin dezala salto bertatik Infanta Borboiak, zipriztinik atera gabe. Edo tirabuzoi bikoitzaren eredua jar dezala agerian Urdangarin jaunak Qatarrerako eskaintza onartzen duen heinean. Eta bestela, CANeko diruak poltsikoratzeko Sanz caballeroak buruz behera egin ohi duen jauzi hura nahi nuke berriro ikusi, alajaina. Eta behean, putzuan, Euskaltel taldea ikusten dut; zipriztinik mingarrienak dastatuz EPO errusiarrak talde laranjak Euskal herriko itzulian eginiko ahalegin petrala kerizperatzeko balio izan badu ere. Splash….

 

                Arabako Errioxara zipriztinak ere heldu ziren. Eguzkia euriarekin nahastu eta ostadar eder bat irudikatu baitzen Billar herrian dagoen trikuharriaren gainean. Eta ostadarrera txapela kentzeko moduko lana egiten ari diren horiek jaso nahiko nituzke gustura. Atzo Madrilen jokatu zen maratoi erdian Gaizka Romerokeginiko lasterketa benetan  borobila iruditzen zait; denborak eta erritmoak egoki antolatu zituen. Eta ostadarreko kolorerik bizienean eseriko nuke Donostiako Real Sociedad magikoa; gozada bat. Bada ostadarra motz edo labur gelditzen zaion kirolaririk ere. Ostadarrari hiru bat bira emanda ere,  bertan beharko luke bizi betirako Cancellara handiak; Robaix, Flandes…puffff

 

                Oporraldiari bukaera emateko Navalenora abiatu nintzen Liga Norteko bi froga berritan parte hartzeko. Iparra galdu gabe dotore ibili nintzen eskatutako baliza guztien bila. Larunbateko lehen etapan seigarren baliza malapartatuak emandako lanak gogaitu ninduen; halere, baliza guztiak poltsikoratze hutsak eragin zidan zirrara mundiala izan zen. Behingoz norabide onean nabilela pentsatze hutsak aldiz, beldurra eragiten dit….eneeee

 

                Gaur astelehena, lanera. Logura dexenterekin. Halere, badira martxan jarri beharko ditugun kontu ugari. Eta hasteko, larunbateko pailazoen saioak ditugu esku artean; sudur gorria margotuko diogu asteari. Saltoak eta jauziak ikusteko edota ostadarrik marabillosoenak  orientazioko mapetan ikusteko. Ondo izan.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude