ABIATU DA 2013a     

            Ez zen munduaren amaierarik egon; kontu xelebre honekin testu eta albistegi dexente bete baziren ere, txistorra janez pasa genuen eguna, trankil gainera. Gabonek oporretan murgiltzeko aukera eman diguten honetan, pasadizu ugari gertatu dira geurean. Denak ala denak lau lerro hauetara ekartzea ezinezkoa denez,  neuri arreta gehien sortarazi didaten horiek aipatuko ditut.
            Oraindik ere txistorra apurrak kentzeko BETIK markako zotzen bat edo beste ahoan genuela heldu zitzaigun Olentzero. Etxean haurrak ditugunok ilusioz hartzen dugu ikazkina. Opariak zabaldu, jolastu…eta ezinezkoak diren gauza horiek noiz helduko diren esperantzarekin agurtzen dugu datorren urte arte. Eguberrietatik Urtezahar egunerako momentuak atseden hartzeko gordeak nituen nire zulodun poltsiko zaharrean. Zuloduna diot, ez dudalako atsedenik hartzeko betarik izan; haurren jolasei betun pittin bat emate aldera edo nonbait.
            Horrela, ia konturatu barik, San Silbestreko kilometrorara heldu ginen. Berez, lasterketa arrakastatsua izan bazen ere, arazotxo batek astoratu du kontu bat edo beste, sailkapena esaterako. Helere, pozik izateko moduan garenez, gaitz erdi; eta bide batez eskerrik asko momenturik  zailenean lagundu zuten pertsonei eta agur bat familiari.
            San Silbestre egunaren osteko orduek izar monarkikorik ere izan zuten; Espainiako Erregeak emandako sasi-hitzaldia berau zuritzeko helburuarekin ekoiztu bazuten ere, aldrebes samarra bilakatu da azkenean. Eta Borboia es dator mendebaldetik; herri ezberdinen iritsi eta nahiak ulertzeko gai ez denez, ezin Melchor izan. Hori ondo dakite Baltasar eta Gasparrek. Aitzitik, Malagako haurraren familiak Errege kabalgatak ahaztu nahiko ditu betirako.
            Errege egunez Uliako Nazioarteko krossa jokatzen da Donostian. Duela hiru urte, lasterketak federatu mailako korrikalari gutxi izaten zituela eta, izen emateak zabaltzea erabaki zuten. Asmatu, asmatu dute.300 antxintxikalari marka polita da. Ni neu ohiko bat izan naiz lasterketa honetan eta xarma berezia duela argi dago. Gainera, oker ez baldin banago, Euskal Herriko krossik zaharrena da. Bide batez, lasterketa honetako argazki bat……
            Baina Zurriola ez da joku- pista bakarra izan Gipuzkoarrentzat. Bernabeu erraldoian Xabi Prietok sartutako golek ez digute sailkapenerako punturik eman. Adan Evaren bila atera bazen ere…sagar posoindua Donostiarako hegaldian etorri zen, apropos enCasillatua nonbait. Eta hegaldirik lokaztuena hartu du Umerezek Novan jokatutako ziklokrossean; oñatiarrak, txintxoneraren ordez txapela buruan, zorionak.
            Antzerki zaleak ere badituzte Eguberriek. Kale Goieneko plazak eszenatoki berria estreinatu du haurren euripeko antzerkiak bizitzeko.Tobera izan da Oñati epaitzeko aukera; saio polita eta ederra. Eta Hollanderi tobera jotze aldera edo, Depardieu Depardiev bilakatu da Putinen eskutik.
            2013a abiatu da. Urte berrirako proiektu pertsonalak zerrendatzeko unea da; batekin eta bestearekin berba egin ondoren bat edo beste turroia gainetik kentzeko kirola egiten hasiko da, besteren batzuk IRALEra doaz birziklatzera. Horrela, Kirol helburu itzelak dituen horri soseguz ibiltzeko gomendatuko nioke eta uztailean familia espero duten horiei zorte eta zorionik handiena eskaintzen diet. Eta zuri, irakurle, urte osasuntsu eta erosoa.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude