CUEVATOIAren BIXAMONA

           

Aitortu beharra daukat. Aurreko astean cross denboraldiari hasiera eman zion Txingudiko Crossak barruak mugitu zizkidan eta atzoko maratoiak berriz, ezintasunez jantzi zituen nire desioak. Amets esnatuenean ere, lokatzetan edota Donostiako kaleetan irudikatu dut nire irudia korrika. Horren urrutikoa ez den garai hartako argazkiak album koloretsuetatik  oroimenera ekarriz.

 

Nahi eta ezin itzelak aitzitik, ez dit maratoiaz disfrutatzeko gogoa kendu; Cuevas handiak eginiko lasterketak asko balio du eta etorkizunean, are gehiago balioko du. Hizki larriz idatziko dira Asier eta Igor lagunen izenak Donostiako maratoiko palmaresean eta euren izenen ondoan, beste erraldoi baten izena beharko luke agertu, Santi Perez. Eta maratoiari eskaini nahi dizkiodan lerro hauetara Zurro maisu bergararra ekarri nahiko nuke; horren metodikoa, horren fueradeserie….

            Eta atletismoari buruz berba egitean, agian gehiegi, erraz emozionatzen naizen aldetik, Azkoitiko zapatuko lasterketa gogoratu nahiko nuke. Bertan Varela oñatiarrak agindu zuen lotsagabe, Behobian bizitakoa berriro ere antzeztu zuen txantxikuarrak.

            Formula1eko maratoia ere bukatu da. Alonso espainiarrak ezin izan du Vettel gainditu. Halere, ikusgarria izan da asturiarrak egin duen denboraldia. Ferrari automobilaren gabeziak estaltzea lortu badu ere, ezin izan du txapelketa irabazi. Dagoeneko datorren denboraldian izango dituzte jarriak begiak eta diruak. Eta beste batzuk aldiz, harriei begira izango dira; 300ekoa astunegia da nonbait.

            Kataluina aldean urak harrotu dira; Masek iragarritako gehiengoa gauzatu ez bada ere, ezingo da CIUren nolabaiteko porrota aitzakiatzat hartu independentziaren aldeko kontsulta zalantzan jartzeko. Erabakitzeko eskubidearen aldeko gehiengo soziala, oraindik ere, eztabaidaezina da. Eta ildo beretik egin beharko geneuke berba guerean; ETAk plazaratutako azken dokumentuak ere, zeresana eta zeregina beharko luke sortu politikarien artean. Erakundeak proposatzen duen agenda, elkarrizketarako eta herriaren egoera konpontzeko tersna baliogarria beharko luke izan. Lagun zahar batek zihoen bezala…o jugamos todos o pinchamos el balón…

            Emakumeen kontrako indarkeria egunero kondenatu behar badugu ere, atzokoan puntu more handi bat jartzeko eguna ere izan zen. Puntutxoa etxeko leihoan jarri dudanean konturatu naiz kristalak zikin samarrak daudela eta beraz, aste honetan edo, garbitu beharko ditugula; gardentasuneraino, indarkeria matxista ezabatzeraino legez..

           

            Mendizorrotzako kiroldegian argazki dexente atera nituen Pirritx eta Porrotx pailasoen saioan. Haien inguruan azaltzen diren pertsoneietan irudika daiteke egungo gizartea. Esate baterako Kintto Barriletek Alonso ekarri zidan gogora eta Porrotxen bigotearen azpiko irribarreak bezperan Txantxiku ikastolako ikasle ohiek kiroldegian ospatutako bazkari erraldoia.

            Elurra izango dugu laster geure mendietan. Argazki dotoreak egiteko oinarrizko elementua izan ohi da. Askoren irribarrea izozteko ahaleginean ere jardungo da agian. Maratoi guztiek baitute euren helmugak. Urrutiago ala gertuago ahaleginaren zai dagoen etorkizuna margotu nahi baitugu; eta aukera izanez gero, morez edo agian berdez. Zergatik ez?           

            Portzierto. Eskerrik asko. Blogak dagoeneko 1.000 bisita izan ditu. Ondo izan. Banoa kristalak garbitzera.

           

3 thoughts

  1. Pingback-a: buy LSD
  2. Pingback-a: earn passive income

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude