ASTEBURUARI BEGIRA EKAINAK 2 ETA 3
Asteburua Chori Castro Irizabal jokalariaren berri batekin hasi zitzaigun. Errealeko jokalari berriak, bigarren abizenari kasu eginez bederen, arbaso euskaldunak ditu. Beraz, ez dakit zein puntutaraino atzerritar bezala hartu beharko gendukeen; askoz ere, lotura gutxiago duten asko bataiatzen baititugu euskaldun bezala interes futbolistikoen aitzakiapean. Eta Madonna abeslari ospetsua ere, euskaldunduta dabil txapela buruan duela; Iparraldeko musikari batzuekin dabil kontzertutan barna abesti euskaldun entzutetsu bat kantatzen. Euskal Herritik mundura, geure xilborretik mundura….

Sakibaloian Baskoniaren lana bukatu da. Sasoi betean heldu da ligako azken txanpara baina ezin izan du Real Madril kaleratu. Orain denboraldi osoari begiratzeko unea da; denboraldi irregularra egin du talde gasteiztarrak eta hasiera batean ezarritako helburu edo erronkak ez dira bete. Eta Athleticen ibilbide gazi gozoak jarraipena izango du goxoago izateko asmotan; Bielsak urtebete gehiago egingo baitu Bilbon…edo Lezaman esan beharko dugu?; entrenatzaile argentinarrak etxea Lezaman izatea eskatu baitio zuzendaritzari, deskonektatzeko beldur da nonbait. Bielsak asko daki, gehiegi.
Eta egunkari berdinean azaldu zen ere geure argazki bat; gu geu, piropotxoak entzuteko prest bagaude ere, ez zaizkigu horren erraz heltzen. Udaletxeko balkoian atera ziguten Oñatiko Nazioarteko Lasterketaren aurkezpen eguneko erretratua. Datorren larunbatera begira gaude dagoeneko; erakustaldi bikaina izango da lasterketaren X. ekitaldian. Beltzak haginak zorroztuta datoz.

Ibilaldia ere ospatu dute Trapagaranen; astebete beranduago Kopetatik haratiago. Bestalde NAIZ aurkeztu dute; kazetaritza euskaldunari imintzioa eta EPPKak keinu argia egin dio dagokionari.
