ASTEBURUARI BEGIRA; MARTXOA ETA APIRILA ELKARREKIN
     
            Ganbaran pasa dut denboratxo bat. Eta hautsez josita izaten den oroimenen atabal horretan izan naiz erlojuaren horratzei so; aintzinako erretratu, haurtzaroko jostailu edota modaz pasatako koadrodun alkandorei so. Doinu gozoen ganbara bisitatu dut oraingoan; irudikatutako traste zaharrek, musika nota armoniosoen eraldaketa bizi izango zuten esperoan iritsi nintzen antzokira. Etxekoak bederen, eta denboraren makinak eskainitako bideari esker, gustora ikusi dugu alaben ahalegina, bata kantuan eta igerian bestea.
            Etxearen azken pisu horretan izaten da ganbara. Eta garaiera ederrean ibili da herriko saskibaloi taldea. Meritu handiko denboraldien ostean omenaldien unea iritsi da, agurren unea. Beste hainbat ganbara madarikatutan gazta izaten dute lehortzen; eta Arrasatera, etxera, 24 urte espetxean egin eta gero, Gazta preso politikoa iritsi da; eta honek ere, merezitako omenaldia jaso du.
            Euskaraz bai sano! Kanpaina jarri da martxan. Osakidetzak izan duen kexa multzoa ezingo genuke ganbararik haundienean gorde. Euskaraz zuzundu eta artatu berriz, gazteleraz. Bengoak ganbara garbitzeko borondatea baleuka, ez luke horren ahobero euskara segurtasun klinikoaren mehartxua dela esango. Gainera, kanpaina nobedoso honetan, elebiduna den medikuak euskaraz  hitza eramango du bata txurian; nik, badaezpada, gazteleraz ere badakit esaldia itsatsiko nuke, eta zuk?
            Azkoitia Azpeitia maratoi erdia izan genuen zapatu arratsaldean. Kolore beltza, sargoria eta aize zipristinak nagusi. Ez ziren marka espektakularrik egin baina giroa itzela izan zen. Irabazlea eguardiko lokuluxkatik iratzarri behar izan zuten irteerara abiatzeko; nonbait, etiopiarrak arazoak ganbaran ditu ahaztuta, no problem.
 Munillaren batutapean abiatu ziren Arantzazuko ganbara zelestialera erromesak. Bakearen bidea bilatu nahian, bakera ailegatu guran. Baina Munilla eta Bengoa ganbara herdoilduenean utziko nituzke mutu, euren borondate barregarrienen zaindari.
Berdel eguna ospatu zuten Mutrikun. Txakolinarekin mundiala. Eta txakolinaren bitzaren lez dabil Clemente eta Sporting aldiz, epel samar. Gerrarako gudarosteak lau berdel sartu dizkio Vallecaseko tximistari; Mountanier gudalburua izan dute gogoan gudari txuri- urdinek. Eta Madrilek 100 berdel eraman ditu dagoeneko ganbarara. Baina nik bisigua nahiko nuke; beharbada, datozen egun hauetan txakolinarekin? Mutrikun?
           

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude