4. mailaren bila!

“Antzuolakoa naiz eta
daukat kontratu prekario
horregatik euskaltegira
noa birritan astero”.

Jarrai nezakeen bertsio librean, baina poesia edo bertsolaritza baino zati bat hobeto ateratzen zait “testo korrido”. Berbazaleon madarikazioa izango da, akaso. Laburrean ezin kabitu eta, orria bete arte, jario.

Kontua da, euskaltegian hasi naizela ikasturte honetan. Diotenez, gainera, goren maila (hori entzundakoan, berorren santutasun datorkit gogora). Ez dakit nik, hainbesterako gai izango naizen. Izan ere, maila izango da horretarako, goreneko mailara iristeko; ni, 4. hizkuntza-eskakizuna eskuratzearekin konformatuko nintzateke. Ikusteko dago!

Oharra: Barka egidazue Oskorriren “Euskaldun berriaren balada” abestiaren sasi bertsioa.

Kategoriak Ispiluari begira | Etiketak , | Utzi iruzkina

Azpitituluak euskaldunentzat bakarrik?

Horrela tokatu zen. Egun berean bat egin zuten Kataluniako hauteskunde plebiszitarioek eta Txiki eta Otaegiren fusilaketen 40. urteurrenak. Irailaren 27an izan zen, igandez. ETB1ek, egun bitan jarraian, erreportaje tematiko bereziak erakutsi zituen. Domekan, Maddalen Iriartek gidatutako “Catalunya, agur?” eta astelehenean Xabier Madariagak gidatutako “40/24 Txiki eta Otaegiren ondarea” (biak ala biak, Karmelo Vivancok ekoitziak –Baleuko).

Bietan gainera, euskaraz eta gaztelaniaz berba egiten zuten elkarrizketatuek. Hau da, jatorrizko bertsioan eman zituen erreportajeok ETB1ek eta ahotsa ez zenean euskaraz, azpitituluak erabili zituen.

Atentzioa deitu zidan, zer nolako normaltasunez jaso nuen euskarazko katean euskarazko azpidazketa, euskaraz jarduten ez zirenen berbak euskaraz jasotzeko teknika legez. Eta, nire artean pentsatu nuen ea saio horixe bera gaztelaniazko ETBren katean erakutsiko ote zuten, bere horretan, hau da, euskaraz. Hartara, aurkezlea eta elkarrizketatu euskaldunak euskaraz entzungo genituzke gaztelerazko katean eta gazteleraz zein bestelako hizkuntzan aritzen direnak euren hizkuntzetan, baina guzti-guztiak euskaraz azpidatzita. Hori ere normal antzean hartuko ote litzateke ETB2n?

Kategoriak Hizkuntza-irisgarritasuna | Etiketak , | Utzi iruzkina

Crowdsourcing azpidazketa, Europako ikus-entzunezkoak ikusgarriago egiteko

Europako hizkuntza aniztasunaren erakusle izateko eta hizkuntza txikiak ere ikusgarriago egiteko, azpidazketa sustatzeko milioi bat euro jarriko du Europak. Azpidazketaren bidez, Europako zineak Europako herrialdeetan zehar zabalkunde gehiago izatea bilatzen da, hizkuntza ez dadin filmaren zabalkudearentzako traba. Irailaren 25ean amaituko da azpidazketa modu errazagoan egiteko proiektuak aurkezteko epea.

Hain justu, asteon, Donostiako zinemaldian elkartu dira, Jaurlaritzaren HPSk eta Kultura sailak antolatuta, Norvegia, Estonia, Letonia, Finlandia, Danimarka, Polonia, Suitza, Gales, Eslovenia, Irlanda, Islandia eta Friuli Venezia Giulia ordezkatzen hainbat agintari. Denen artean adostu dute “Glocal cinema: big stories, small countries” manifestua. Zine Euskadik eman du ekimenaren berri, sustatu.eus webgunean ikusi dudanez.

Iturria: Zine Euskadi, in sustatu.eus

Hizkuntza gutxituetan edo txikietan aritzen diren zinegileek, eta orokorrean, ikus-entzunezko ekoizleek, merkatu txikiaren traba bizi dute. Euren lanak ezagutzera emateko marketing edo distribuzio kanpaina zailagoak garatu behar izaten dituzte, hizkuntza “oztopo” bilakatzen baita produktua ezagutzera emateko. Europaren aberastasunetako bat da eleaniztasuna, baina oztopo da, aldi berean, ikus-entzunezko ekoizpenen zabalkunderako. Jada 1991ean European Institute for the Mediaren zuzendari Georger Wedellek zioen ezinbestekoa zela “ingelesetik aparteko gainerako hizkuntzen aitortza Europako ikus-entzunezko lanen jatorrizko hizkuntza gisa, bereziki harreta jarriz Europan zabalkunde txikiena duten hizkuntza txikietan”.

Ildo berean, sasoi hartan Georg-Michael Luyken eurodiputatuak zuzendutako ikerketa lan baten esaten zen, “hizkuntza transferentziak funtzio bikoitza duela: ulergarri egitea atzerriko hizkuntzan sortutako telebista saioak eta komunitate lingustiko txikietan sortutako ekoizpenak sustatzea eta zabaltzea”.

Hizkuntzaren mugak gainditzen

Urte dezente igaro dira “Overcoming language barriers in television. Dubbing and subtitling for the European audience” lana argitaratu zenetik. Komunikabideen Europako Institutuak atera zuen, Luykenek zuzendutako lantaldeak eginda. Zer diren kontuak, bi hamarkada beranduago, oraindik ere, hizkuntz aniztasuna zela baliatu asmatu ezinda dabiltzala. Joxean Muñoz Eusko Jaurlaritzako Kultura, Gazteria eta Kirola sailburuordeak Zinemaldian egindako agerraldian azaltzen zuenez, hizkuntza txikietan zinemagintzan ari direnek ez daukate zertan euren lana hizkuntza horretan bizi diren herrira mugatu behar; horregatik elkarlanean eta sarean lan egiteko egitasmoa abiatu dute, mapa berri bat sortzeko, “Europaren erdia baino gehiago hartzen dutelako hainbat eta hainbat hizkuntzek, hizkuntza hegemonikoetatik harago”. Oraindik asmoa bada ere Zinemaldian aurkeztu zutena, ez baita egitasmoa erakundetu, taldea gisa lanean jarraitzeko konpromisoa adierazi zuten Donostian bildutakoek.

Crowdsourcing azpidazketa

Inguru horretan mugitzen da baita ere “European film in the digital era” txostena, Europar Batasuneko kultura batzordeak onartu berri duena. Hizkuntza gutxituetan ekoitzitako ikus-entzunezkoen zabalkudea sustatzea adostu dute txostenean, besteak beste, eta horretarako, azpitituluen itzulpena egiteko online plataforma bat sortzeko asmoaren alde egin dute. Crowdsourcing bidezko azpidaketa deitu dute; Opendatan irakur daitekeenez, “Crowdsourcing azpidatzita Europako lanen zirkulazioa handitzeko”.

Diotenez, eta kopia digitalek analogikoak ordezkatu dituztenez, itzulpen eta azpidazketa kostuak dezente merkatu dira. Edozein film egon daiteke hainbat hizkuntzatan, hartara, ikus-entzunezko horren zabalkundea erraztuz. Argumentu hori oinarri hartuta, eta kostuak mugatzeko eta europar zinearen ezagutza sustatzeko, azpidazketa kolektiboaren proiektua aipatzen da onartutako dokumentuan.

Europar Batasunaren Communications Networks, Content and Technology batzordeak milio bat euroko aurrekontua onartu du Europako lanen zirkulazioa handitzeko crowdsourcing azpidazketa sustatzeko;  proposamenak aurkezteko epea irailaren 25ean amaituko da.

‘Europako zinea aro digitalean’ txostenak aitortzen duenez, 2014an 1.500 film estreinatu ziren kontinente zaharrean, baina filmak zabaltzeko orduan zenbakiak dezente jaisten dira. Aitortzen denez, ezinbestean azpidatzitako filmak eskurago jartzeko lan egin beharra dago, herrialde gehiagotara helaraziz, kultura eta hizkuntza aniztasuna zabaltzeko. Ildo horretan, MEDIA programaren bidez urteetan egiten den lana azpimarratzen dute txostengileek: azpidatzitako jatorrizko bertsioen zabalkundea sustatzeko laguntzak jasotzen dira programa horretan “Europako kultura eta hizkuntzen ezagutza ulertarazten” laguntzeko. Teknologiak ere laguntzen du, jakina, bide horretan.

Kategoriak Hizkuntza-irisgarritasuna | Etiketak , , | Utzi iruzkina

Soinugilearen etxean, dantzaria erren

Zinemaldiaren sail ofizialean, bigarrenez, erakutsiko dute euskaraz egindako pelikula bat. Egoera normalago baten ez litzateke albiste izango, baina badakigu “soinugilearen etxean, dantzaria erren” (Atsotitzak, Gotzon Garate).

Eneko Olasagastik, Argia astekarian idatzi duenez, lege bat behar da ikus-entzunezkoak arautuko dituena, besteak beste, “erabakitzeko Zinemaldian aurkezten diren filmek Euskal abizena eraman dezaketen edo ez”.

Abizenetik harago, erakunde horrek arautu ahalko lituzke euskarazko zinea sustatzeko diru-laguntzak eta, bide batez, kontabilizatu, filmak zein hizkuntzatan erakusten diren eta zenbateko ikusle kopurua daukaten euskarazko bertsioan ala bikoiztuan zein azpidatzita. Izan ere, Kultura sailak, orain arte, ez du era horretako jarraipenik egin, ezta ere diruz lagundu dituen filmeen kasuan ere.

Zine ekoizpenak diruz laguntzearen haritik, Argiaren zenbaki berean irakurri diot Asier Altunari, Jaurlaritzaren kultura sailak jarrera aldatu beharko lukeela, Frantzian ematen dituzten erraztasunen antzera emateraino. ETB aliatu handia dela, baina “administrazioak ere esku hartzea falta dela, ez gaitezen beti Espainiari begira egon”.

Bide horretan lagunduko luke seguruenik, Olasagastik aipatzen duen erakundearen sorrerak, euskal zinemagintzari behar duen babesa eta laguntza emateko. Horrek, lagunduko luke, era berean, euskaraz erakusten diren film kopurua gehitzen (baikor nago gaur).

Irisgarritasuna

Katalunian 2010ean onartu zuten zinearen legea eta araututa geratu zen katalanez zenbat film erakutsi beharko liratekeen zine aretoetan, katalanez bikoiztuta zein azpidatzita. Eta, 5 urte lehenago, 2005ean, onartu zuten Ikus-entzunezkoen legea, non konpromisoa hartzen zen “ikus-entzunezko komunikazioaren irisgarritasun unibertsala bermatzeko”.

Hasiera baten, mugikortasun arazoak dituzten pertsonei, entzumen arazoak dituztenei eta ikusmen urritasuna dutenei begira hartutako neurria da. Baina, hortik harago, hizkuntza urritasuna gainditzeko oinarriak ere jartzen direla esan dezakegu. Batez ere, entzumen arazoak dituzten pertsonentzako garatu diren azpidazketa sistemak, edo ikusmen arazoak dituztenentzako audiodeskripzioa hobetzeko teknologiak, erabil daitezkeelako hizkuntza urritasuna gainditzeko.

Zine jaialdietan jatorrizko bertsioan erakusten dira filmak eta azpidatzi egiten dira, hizkuntzaren muga hori gainditu ahal izateko. Europako hainbat herrialdetan ere horixe da zine aretoetan darabilten politika eta ohikoa da azpidazketa. Beste kontu bat da, ohiturarik ez dagoen herrietan, gurea kasu, azpidatziek traba egiten dutela uste izatea, distrakzioa direlako edo besterik gabe, pantaila “zikintzen” dutelako. Teknologiari esker, aurriritzi horiek guztiak modu erraz baten gainditu daitezke gaur egun eta, era horretan, euskarazko filmak jatorrizko bertsioan bakarrik erakustea ez litzateke arazo izango, ahalik eta ikustaldi gehien izateko bikoizketara jo barik.

Kategoriak Hizkuntza-irisgarritasuna, Sailkatugabeak | Utzi iruzkina

4 minutuko online bideoen kontsumitzaileak gara

383 ordu/hilero kontsumitzen ei da espainiar estatuan online bideoa. Bataz beste 4 minutuko bideoak ikusten ei ditu erabiltzaile bakoitzak; Japoniarekin alderatuta dezente azpitik, bataz beste 10 minutu bideoko ei da kontsumoa, comscore etxeak egindako azkeneko estatistiken arabera.

Iturria: comScore Video Metrix, Mayo 2015

Iturria: comScore Video Metrix, Mayo 2015

Hala ere, bideorik gehien ikusten duten herrialdeak Turkia eta AEB dira, bideo laburragoak baldin badira ere, bataz beste, han ikusten direnak. Dirudienez, sare sozialen kontsumoak eragiten du horretan, Turkian.

Iturria: comScore Video Metrix, Mayo 2015, Personas 15+

Iturria: comScore Video Metrix, Mayo 2015, Personas 15+

Bestalde, eta interneten kontsumoari dagokionez, mahai gaineko ordenagailutik egiten dute 20,5 milioi lagunek espainiar estatuan eta 17,8 milioik bideoak ikusteko egiten du. Smartphone eta tablet bidezko kontsumoaren alde egiten dute 21,7 milioi lagunek.

Iturria: Fuente: comScore, Inc., MMX Multiplataforma, MMX, Video Metrix, Mobile Metrix, España, Personas 18+, Mayo 2015

Iturria: Fuente: comScore, Inc., MMX Multiplataforma, MMX, Video Metrix, Mobile Metrix, España, Personas 18+, Mayo 2015

 

Kategoriak Web Telebisten inguruko inkerketa | Etiketak , , | Utzi iruzkina

Hizkuntza gutxituek badute lekua ikus-entzunezkoetan, legez

Urriaren 28an estreinatuko da Warner etxearen “Pan sekulako bidaian” filma. Nobedadea, euskaraz ere estreinatuko dela. Aldi berean estreinatuko da EAEko hizkuntza ofizial bietan bikoiztuta.

Iturria: moviemaniacsDE

Katalunian 2010etik (20/2010 legea, uztailaren 7koa) derrigorrezkoa da bikoiztutako edo azpititulatutako filmeen erdiak katalanez ere itzultzea. Gurean ez dago era horretako araudirik. Are, filmak euskaratzeko azken albistea Jaurlaritzak Canal+ telebista pribatuarekin sinatu zuen akordioa izan zen. @sustatu-n irakurri genuen, joan zen azaroan, “Eusko Jaurlaritzak Canal+-ekin sinatutako akordioari esker, urtero 100 filmi euskarazko azpitituluak” jarriko dizkiotela. Jaurlaritzak 191.250 euroko inbertsioa egin zuen akordio horrekin. Canal + ordainpeko telebista denez, “kate pribatuak azpititulu hauek sortzeko beharrezkoak diren medioak jartzen ditu eta hauek ustiatzeko urtebeteko eskubidea dauka. Urtebete hau pasata, Eusko Jaurlaritzarenak izango dira azpititulu hauek”.

Filmak euskaraz bikoiztuta ala azpitituluekin eman beharko liratekeen eztabaida ez da berria. Eta, nire asmoa ez da horretara mugatzea. Hala ere, badira Europa aldean, hizkuntza ofizialaz gainera hizkuntza gutxituren bat ere badaukaten herrialdeetan, ikus-entzunezkoak zein hizkuntzatara itzuli behar diren arautzen duten legeak (Kataluniako Plataforma per la Llenguak 2010ean egin zuen ikerketa lan batetik ateratako informazioa da jarraian datorrena).

  • Eslobakian, 1995eko legea onartu zenetik, 12 urtetik beherako umeendako diren atzerriko filmak eslobakierara bikoizten dira; gainerakoan, filmak ez dira bikoizten, azpititulatu egiten dira. Gainera, txekieraren kasuan ere aintzat hartzen da badagoela herritarren zati bat txekieraz aritzen dena eta, salbuespen modura, hura ere kontuan izango dela.
  • Lituaniako hizkuntza legea ere 1995ekoa da. Han ere ikus-entzunezko lanak azpititulatu egiten dira lituanieraz.
  • Urte berekoa da ere Estoniako ikus-entzunezkoen hizkuntza erabilera arautzen duen legea. Ikus-entzunezko oro estonierara egoki itzulitako testuekin eskaini behar direla dio legeak; hau da, azpitituluekin.
  • Letonian 1999an onartu zuten hizkuntza legea. Kasu honetan, filmak bikoiztuta, of ahotsa gehituta edo jatorrizko hizkuntzan direnean letonierako azpitituluekin eskaini behar direla arautu zen.
  • Eslobenian, 2004tik indarrean dagoen legearen arabera, atzerriko filmak azpititulatuta eskaini behar dira eslobenieraz.
  • Suitzan lau hizkuntza ofizial daudenez, italiera, frantsesa, alemaniera eta romania, 2001ean onartutako kultura eta zine ekoizpenen legeak arautzen du hizkuntza aniztasuna. Filmak nazio hizkuntza baten baino gehiagotan eskaini behar direla dio. Eta hori bermatze aldera, film bat erakutsi aurretik, erakutsiko den hizkuntza guztietan emateko eskubideak izan behar direla adierazten da. Hartara, aldiberean, hainbat hizkuntza bertsio izatea bermatzen da.
  • Finaldian, finlandiera eta suediera dira hizkuntza ofizialak. Zinearen Finlandiako Federakundeari dagokio bermatzea atzerriko hizkuntzetan erakusten diren filmak herrialdeko hizkuntza ofizialetan azpititulatua emango direla. Are, kopia bat baino gehiago erakusten den kasuetan bi hizkuntza ofizialetan azpititulatzen direla bermatzea dagokio.

Quebecen frantsesa bada ere hizkuntza ofizial bakarra, ingelesa ere oso zabalduta egonik, aintzat hartzen da pelikulak atzerriko hizkuntzetan ere erakustea zine aretoetan; baldin eta, bermatzen bada frantsesez ere eskainiko direla.

Kataluniako Hizkuntzaren Plataformak egindako ikerketa lanean azaltzen denez, arrazoi historikoak tarteko, espainiar estatuan, eta ondorioz baita Katalunian ere, “bikoizketa elebakar-gaztelaniazkoren aldeko errotze sendoa mantetzen da”, hein hain baten, Frankismoan indarrean jarri zen legearen erruz: “Queda prohibida la proyección cinematográfica en otro idioma que no sea el español (…) El doblaje deberá realizarse en estudios españoles que radiquen en territorio nacional y por personal español” (1941eko apirilaren 23ko arauaren 8. artikulua).

Italian eta Alemanian ere, diktadura garaian, nazio hizkuntzaren aldeko politika sutsuak egin ziren. Kasu horietan ere bikoizketa da atzerriko hizkuntzen filmeak emateko erabiltzen den politika. Baina, badira demokraziarako trantsizio horretan, erregimen totalitarioen menpe egon ziren hainbat herrialde, euren nazio hizkuntza berrezartzeko neurriak hartu zituztenak, hala nola, aipatutakoa Estonia, Letonia eta Lituania (gorago aipatu bezala).

Hori bakarrik ez, Finlandia, esaterako, finlandieraz azpititulatzen bada ere, umeentzako filmak bikoiztu egiten dira eta suedieraz ere hitz egiten den guneetan, hizkuntza bietan ematen dira pelikulak: finlandieraz eta suedieraz.

Netflix konpainiak ere iragarri zuen bere egunean politika hori, Suedia, Danimarka, Noruega eta Finlandian lanean hasiko zela esan zuenean, 2012an (@urtziurruti-ren bidez).

Ikus-entzunezkoen sektorean, zine eta telebista aintzat hartuz, egiten den hizkuntza politikaren inguruan bada 2009an kaleratutako beste lan interesgarri bat, Media Consulting Group-ek egindakoa, Europar Batasunak hala eskatuta. Azpitituluen erabileraren inguruko inkerketa da (hurrengo taulan laburpena).

blogerako-taula

Iturria: https://www.plataforma-llengua.cat/media/upload/pdf/assets/1587/Resum_estudi_cinema-en.pdf#page=1&zoom=auto,-202,169

Belgikan, frantses komunitatearentzako filmak frantsesera bikoizten dira, Frantzian dagoen ohiturari jarraituz. Aldiz, alemanieraz berba egiten den errejioetan azpitituluak erabiltzen dira alemanieraz eta elebiduna den Bruselako errejioan bi hizkuntzatan dira azpitituluak. Azkenik, Suitzan, italiera eta frantsesera egiten den kantoietan, bikoizketa egiten da hizkuntza horietara; alemaniera, italiera eta romanieraz egiten den kantoian, aldiz, alemanieraz azpititulatzen da eta italieraz bikoiztu.

Digitalizazioa

Aipatutako txostena telebistaren digitalizazioaren aurretik egindakoa da. Kontuan izanik, indarrean dauden legeek ez dutela azpitituluak erabiltzeko inolako trabarik jartzen, pentsatzekoa da, herrialde bakoitzak berezko duen nazio-hizkuntzaren alde hartzen dituen neurriez harago, gainerako hizkuntzen erabilerak geroz eta bide luzeagoa izan dezaketela. Eta, neurri berean, euskaraz ekoitzitako ikus-entzunezkoek ere merkatua eta audientzia hazteko aukerak ere nabarmen zabal daitezkeela.

Kategoriak Hizkuntza-irisgarritasuna | Iruzkin 1

Denbora joan badoa

Karmele Jaiori entzun nion, ‘Orain hilak ditugu’ bere azkeneko liburuaren harira, inguruan jendea hiltzen hasten denean norbera ere ohartzen dela heldua dela, zahartzen hasi garela, alegia. Tira ez zuen horrela adierazi, hitzez hitz, baina gure ziklo bitalaren beste fase batean sartzea legez irudikatu nuen. Eta, bat-batean, ideia horri bueltaka, ohartu naiz gizonezkoak direla hiltzen lehenengoak. Gutxienez, ingurukoen kasuan: Itziarren aita, Monikaren aita, Felixen aita, Silbiaren aita, Enekoren aita, Rakelen aita. Nire adin ingurukoen aitak, den-denak. Bizitza legea da heriotza. Azkenean hiltzeko jaio baikara. Baina, joe! Errealitate horrekin tupust egitea ez da inon planetan aurreikusten. Are, esango nuke, ihes egiten diogula ideia horri.

Argi gera dadila, hala ere, ez dudala beste aita baten heriotzarik desira. Anekdota bat baino ez da hau, burura etorri zaidan gogoetatxoa. Baina, arren, aprobetxa dezagun daukagun denbora, joan badoa-eta!

Kategoriak Ispiluari begira | Utzi iruzkina

Wall Street Journal jada ez da live

Dirudienez, streaming bidezko zuzeneko telebista ez da bideragarria.

Wall Street Journal egunkariak indar handia jarri zuen zuzeneko emanaldiak eskainiz sarean, baina dirudienez, estrategia aldatzea erabaki du; zuzenekoak gutxitu eta aurrez grabatutako bideo emankizunez osotu du bere web telebista.

orain

Teknologiak telebista ekoiztea erraztu zuenetik eta interneteko banda zabalak bideo emanaldiak erraztu zituenetik, idatzizko egunkariek ere ekin zioten informazioaren ikus-entzunezkotzeari. Telebista egitera heldu barik, hau da, ohiko programa parrilla izatera iritsi gabe, idatzizko ohiko egunkariek telebista saioak eta bideo-albisteak sortzen hasi ziren, internetez eskaintzeko. Bide horretan saiatuena Wall Street Journal izan da, zeinak hainbeste orduko zuzeneko emankizuna eskaintzen zuen sarean eta aurrez grabatutako erreportaje eta bestelako saioekin osotzen zuen telebista parrilla; 2011n aitzindaria izan zen. Orain, aldiz, bideogintzara bideratzen ditu bere indarrak, zuzenekoaren ikonoa ere ezabatu egin du bere logotipotik.

 

Telebista nahieran ikusteko joera asko zabaldu da ikus-entzuleen artean. Youtube da ikus-entzunezkoen biltegirik handiena, askogatik, eta audientziarik handiena duen erakusleihoa da. Erabiltzaileak pantailari begira minutuak eta minutuak ematen ditu, izan telebista ala telefono, tablet edo mahai gaineko ordenagailuak. Baina, berak aukeratzen du noiz ikusi. Roger Cassanyk, VilawebTVko arduradunak, elkarrizketa baten esan zidanez, “programazioak parrilla baten pentsatzera garamatza eta horrek interneten ez du inongo, zentzurik horixe baita ez dagoena, parrillarik; hau da, ez dago ordutegirik, ez emisio ordurik. Dena geratzen da bertan. Zuzenean eskaini behar diren salbuespenak izan ezik, gainerakoa kartara da, view on demand”.

WSJekoek ere gauza bera pentsatu dute eta video on demand edo telebista nahieran ekoiztea erabaki dute, euren lehengaiari, informazioari, lehentasuna emanez.

Ikusteko dago HuffPost Live-k hartuko duen bidea, izan ere, 12 orduko zuzeneneko emanaldiak zituen jada 2012an eta 24 orduko zuzenekora jauzia egin nahi duela iragarri baitzuen ekainean.

Zuzenekoan ala nahieran, informazioaren ikus-entzunezkotzea errealitatea da jada komunikabide guztietan. Ez, bideo emanaldi amaigabeak eskaintzeko, baizik eta storytelling edo informazioa azaltzeko lan horretan, kontakizunaren parte izateko. Bide horretan ere, infografiak ere geroz eta leku gehiago hartzen ari dira.

Iturria: http://www.niemanlab.org/2015/07/from-wsj-live-to-wsj-video-publishers-step-away-from-dreams-of-live-tv-style-broadcasting-online/
Kategoriak Kazetaritza, Web Telebisten inguruko inkerketa | Etiketak , | Utzi iruzkina

Eta gorago zerua

Horixe pentsatu nuen irailaren 27rako Kataluniako zerrenda bateratuaren aurkezpen ekitaldia ikusi nuenean. Eszenaratze bikainetara ohitu gaituzte dagoeneko kataluniarrek, eta ekitaldi bakoitzean hobetu egiten dira.

Irudia: ara.cat

Kataluniako historia museoaren terraza, itsaso ondoan, Bartzelona azpian eta goian zerua baino ez.

Ara egunkarian ikusi dudan argazkiak gogorarazi dit horixe, gorago zerua.

Adierazpenek are indar gehiago hartzen duten lekua da museoko terraza. Ikusi bestela:

 

Kategoriak Ispiluari begira, Politika | Etiketak , | Utzi iruzkina

Gustuko lekuan berorik ez, antza

Atso zaharren antzera, leihotik begira deskubritu dut nire burua. Auzokide gazteetako batek neskalaguna aitaren zaldiak erakustera nola zeraman begira geratu naiz, sukaldeko iluntasunean.

“Neska, ni bezala seguruasko, kaleumea”, pentsatu dut nire artean, mutilari besoa nola luzatu dion ikusita, zaldia gerturatu zaienean. Holako keinu dudazkoa egin du neskatoak; mutilak, aldiz, baserriko semea eta aitaren lurretan zela jakinda, lasaitzeko adierazi dio, zaldia laztan zezan lagunduz.

Ez dio aparteko zerarik eragin neskari. Nahiago izan du arbola gaztez osotutako basoan barrena joan, mutila atzetik segika zuela.

Desagertu dira nire begien aurretik.

13:24 dira eta 35 gradu daudela dio termometroak.

Zuhaitzen gerizpean freskoago egongo ote dira?

Kategoriak Ispiluari begira | Etiketak , | Utzi iruzkina