Hizkuntza gutxituek badute lekua ikus-entzunezkoetan, legez

Urriaren 28an estreinatuko da Warner etxearen “Pan sekulako bidaian” filma. Nobedadea, euskaraz ere estreinatuko dela. Aldi berean estreinatuko da EAEko hizkuntza ofizial bietan bikoiztuta.

Iturria: moviemaniacsDE

Katalunian 2010etik (20/2010 legea, uztailaren 7koa) derrigorrezkoa da bikoiztutako edo azpititulatutako filmeen erdiak katalanez ere itzultzea. Gurean ez dago era horretako araudirik. Are, filmak euskaratzeko azken albistea Jaurlaritzak Canal+ telebista pribatuarekin sinatu zuen akordioa izan zen. @sustatu-n irakurri genuen, joan zen azaroan, “Eusko Jaurlaritzak Canal+-ekin sinatutako akordioari esker, urtero 100 filmi euskarazko azpitituluak” jarriko dizkiotela. Jaurlaritzak 191.250 euroko inbertsioa egin zuen akordio horrekin. Canal + ordainpeko telebista denez, “kate pribatuak azpititulu hauek sortzeko beharrezkoak diren medioak jartzen ditu eta hauek ustiatzeko urtebeteko eskubidea dauka. Urtebete hau pasata, Eusko Jaurlaritzarenak izango dira azpititulu hauek”.

Filmak euskaraz bikoiztuta ala azpitituluekin eman beharko liratekeen eztabaida ez da berria. Eta, nire asmoa ez da horretara mugatzea. Hala ere, badira Europa aldean, hizkuntza ofizialaz gainera hizkuntza gutxituren bat ere badaukaten herrialdeetan, ikus-entzunezkoak zein hizkuntzatara itzuli behar diren arautzen duten legeak (Kataluniako Plataforma per la Llenguak 2010ean egin zuen ikerketa lan batetik ateratako informazioa da jarraian datorrena).

  • Eslobakian, 1995eko legea onartu zenetik, 12 urtetik beherako umeendako diren atzerriko filmak eslobakierara bikoizten dira; gainerakoan, filmak ez dira bikoizten, azpititulatu egiten dira. Gainera, txekieraren kasuan ere aintzat hartzen da badagoela herritarren zati bat txekieraz aritzen dena eta, salbuespen modura, hura ere kontuan izango dela.
  • Lituaniako hizkuntza legea ere 1995ekoa da. Han ere ikus-entzunezko lanak azpititulatu egiten dira lituanieraz.
  • Urte berekoa da ere Estoniako ikus-entzunezkoen hizkuntza erabilera arautzen duen legea. Ikus-entzunezko oro estonierara egoki itzulitako testuekin eskaini behar direla dio legeak; hau da, azpitituluekin.
  • Letonian 1999an onartu zuten hizkuntza legea. Kasu honetan, filmak bikoiztuta, of ahotsa gehituta edo jatorrizko hizkuntzan direnean letonierako azpitituluekin eskaini behar direla arautu zen.
  • Eslobenian, 2004tik indarrean dagoen legearen arabera, atzerriko filmak azpititulatuta eskaini behar dira eslobenieraz.
  • Suitzan lau hizkuntza ofizial daudenez, italiera, frantsesa, alemaniera eta romania, 2001ean onartutako kultura eta zine ekoizpenen legeak arautzen du hizkuntza aniztasuna. Filmak nazio hizkuntza baten baino gehiagotan eskaini behar direla dio. Eta hori bermatze aldera, film bat erakutsi aurretik, erakutsiko den hizkuntza guztietan emateko eskubideak izan behar direla adierazten da. Hartara, aldiberean, hainbat hizkuntza bertsio izatea bermatzen da.
  • Finaldian, finlandiera eta suediera dira hizkuntza ofizialak. Zinearen Finlandiako Federakundeari dagokio bermatzea atzerriko hizkuntzetan erakusten diren filmak herrialdeko hizkuntza ofizialetan azpititulatua emango direla. Are, kopia bat baino gehiago erakusten den kasuetan bi hizkuntza ofizialetan azpititulatzen direla bermatzea dagokio.

Quebecen frantsesa bada ere hizkuntza ofizial bakarra, ingelesa ere oso zabalduta egonik, aintzat hartzen da pelikulak atzerriko hizkuntzetan ere erakustea zine aretoetan; baldin eta, bermatzen bada frantsesez ere eskainiko direla.

Kataluniako Hizkuntzaren Plataformak egindako ikerketa lanean azaltzen denez, arrazoi historikoak tarteko, espainiar estatuan, eta ondorioz baita Katalunian ere, “bikoizketa elebakar-gaztelaniazkoren aldeko errotze sendoa mantetzen da”, hein hain baten, Frankismoan indarrean jarri zen legearen erruz: “Queda prohibida la proyección cinematográfica en otro idioma que no sea el español (…) El doblaje deberá realizarse en estudios españoles que radiquen en territorio nacional y por personal español” (1941eko apirilaren 23ko arauaren 8. artikulua).

Italian eta Alemanian ere, diktadura garaian, nazio hizkuntzaren aldeko politika sutsuak egin ziren. Kasu horietan ere bikoizketa da atzerriko hizkuntzen filmeak emateko erabiltzen den politika. Baina, badira demokraziarako trantsizio horretan, erregimen totalitarioen menpe egon ziren hainbat herrialde, euren nazio hizkuntza berrezartzeko neurriak hartu zituztenak, hala nola, aipatutakoa Estonia, Letonia eta Lituania (gorago aipatu bezala).

Hori bakarrik ez, Finlandia, esaterako, finlandieraz azpititulatzen bada ere, umeentzako filmak bikoiztu egiten dira eta suedieraz ere hitz egiten den guneetan, hizkuntza bietan ematen dira pelikulak: finlandieraz eta suedieraz.

Netflix konpainiak ere iragarri zuen bere egunean politika hori, Suedia, Danimarka, Noruega eta Finlandian lanean hasiko zela esan zuenean, 2012an (@urtziurruti-ren bidez).

Ikus-entzunezkoen sektorean, zine eta telebista aintzat hartuz, egiten den hizkuntza politikaren inguruan bada 2009an kaleratutako beste lan interesgarri bat, Media Consulting Group-ek egindakoa, Europar Batasunak hala eskatuta. Azpitituluen erabileraren inguruko inkerketa da (hurrengo taulan laburpena).

blogerako-taula

Iturria: https://www.plataforma-llengua.cat/media/upload/pdf/assets/1587/Resum_estudi_cinema-en.pdf#page=1&zoom=auto,-202,169

Belgikan, frantses komunitatearentzako filmak frantsesera bikoizten dira, Frantzian dagoen ohiturari jarraituz. Aldiz, alemanieraz berba egiten den errejioetan azpitituluak erabiltzen dira alemanieraz eta elebiduna den Bruselako errejioan bi hizkuntzatan dira azpitituluak. Azkenik, Suitzan, italiera eta frantsesera egiten den kantoietan, bikoizketa egiten da hizkuntza horietara; alemaniera, italiera eta romanieraz egiten den kantoian, aldiz, alemanieraz azpititulatzen da eta italieraz bikoiztu.

Digitalizazioa

Aipatutako txostena telebistaren digitalizazioaren aurretik egindakoa da. Kontuan izanik, indarrean dauden legeek ez dutela azpitituluak erabiltzeko inolako trabarik jartzen, pentsatzekoa da, herrialde bakoitzak berezko duen nazio-hizkuntzaren alde hartzen dituen neurriez harago, gainerako hizkuntzen erabilerak geroz eta bide luzeagoa izan dezaketela. Eta, neurri berean, euskaraz ekoitzitako ikus-entzunezkoek ere merkatua eta audientzia hazteko aukerak ere nabarmen zabal daitezkeela.

Kategoria: Hizkuntza-irisgarritasuna. Gorde lotura.

Erantzun bat Hizkuntza gutxituek badute lekua ikus-entzunezkoetan, legez bidalketan

  1. Pingback: Hizkuntza gutxituek legez badute lekua ikus-entzunezkoetan - zuzeu.eus

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude