Soinugilearen etxean, dantzaria erren

Zinemaldiaren sail ofizialean, bigarrenez, erakutsiko dute euskaraz egindako pelikula bat. Egoera normalago baten ez litzateke albiste izango, baina badakigu “soinugilearen etxean, dantzaria erren” (Atsotitzak, Gotzon Garate).

Eneko Olasagastik, Argia astekarian idatzi duenez, lege bat behar da ikus-entzunezkoak arautuko dituena, besteak beste, “erabakitzeko Zinemaldian aurkezten diren filmek Euskal abizena eraman dezaketen edo ez”.

Abizenetik harago, erakunde horrek arautu ahalko lituzke euskarazko zinea sustatzeko diru-laguntzak eta, bide batez, kontabilizatu, filmak zein hizkuntzatan erakusten diren eta zenbateko ikusle kopurua daukaten euskarazko bertsioan ala bikoiztuan zein azpidatzita. Izan ere, Kultura sailak, orain arte, ez du era horretako jarraipenik egin, ezta ere diruz lagundu dituen filmeen kasuan ere.

Zine ekoizpenak diruz laguntzearen haritik, Argiaren zenbaki berean irakurri diot Asier Altunari, Jaurlaritzaren kultura sailak jarrera aldatu beharko lukeela, Frantzian ematen dituzten erraztasunen antzera emateraino. ETB aliatu handia dela, baina “administrazioak ere esku hartzea falta dela, ez gaitezen beti Espainiari begira egon”.

Bide horretan lagunduko luke seguruenik, Olasagastik aipatzen duen erakundearen sorrerak, euskal zinemagintzari behar duen babesa eta laguntza emateko. Horrek, lagunduko luke, era berean, euskaraz erakusten diren film kopurua gehitzen (baikor nago gaur).

Irisgarritasuna

Katalunian 2010ean onartu zuten zinearen legea eta araututa geratu zen katalanez zenbat film erakutsi beharko liratekeen zine aretoetan, katalanez bikoiztuta zein azpidatzita. Eta, 5 urte lehenago, 2005ean, onartu zuten Ikus-entzunezkoen legea, non konpromisoa hartzen zen “ikus-entzunezko komunikazioaren irisgarritasun unibertsala bermatzeko”.

Hasiera baten, mugikortasun arazoak dituzten pertsonei, entzumen arazoak dituztenei eta ikusmen urritasuna dutenei begira hartutako neurria da. Baina, hortik harago, hizkuntza urritasuna gainditzeko oinarriak ere jartzen direla esan dezakegu. Batez ere, entzumen arazoak dituzten pertsonentzako garatu diren azpidazketa sistemak, edo ikusmen arazoak dituztenentzako audiodeskripzioa hobetzeko teknologiak, erabil daitezkeelako hizkuntza urritasuna gainditzeko.

Zine jaialdietan jatorrizko bertsioan erakusten dira filmak eta azpidatzi egiten dira, hizkuntzaren muga hori gainditu ahal izateko. Europako hainbat herrialdetan ere horixe da zine aretoetan darabilten politika eta ohikoa da azpidazketa. Beste kontu bat da, ohiturarik ez dagoen herrietan, gurea kasu, azpidatziek traba egiten dutela uste izatea, distrakzioa direlako edo besterik gabe, pantaila “zikintzen” dutelako. Teknologiari esker, aurriritzi horiek guztiak modu erraz baten gainditu daitezke gaur egun eta, era horretan, euskarazko filmak jatorrizko bertsioan bakarrik erakustea ez litzateke arazo izango, ahalik eta ikustaldi gehien izateko bikoizketara jo barik.

Kategoria: Hizkuntza-irisgarritasuna, Sailkatugabeak. Gorde lotura.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude