Ni, ni eta ni

Puntua, Goiena, 2021ko urtarrilaren 15ean

Berriro ere hunkitu gaituzte Ane Irazabal kazetari mondragoetarrak erakutsi dizkigun irudiek; Bosnia eta Kroazia arteko mugan, ehunka migratzaile egoera gizagabeetan: aterperik, jatekorik eta negurako jantzi egoki barik.

Iturria: Goiena, Puntua

Siriako migratzaileen kanpamenduetan 5.500 ume baino gehiago eskolara joan ezinda daude. Eta Ugandan, 13 milioi ikasletik gora dira martxoa ezkero eskola barik; tartean 600.000 ume errefuxiatu. Save the Childrenek emandako zenbakia dira. Izugarriak. Baina konpongarriak. Egin dituzten kalkuluen arabera, 50.000 milioi dolarrekin posible litzateke 59 herrialdetako 136 milioi haur atzera ere eskolatzea.

Baina zer dira, bada, pertsona horien arazoak, gureekin alderatuta, ezta? Derrigortu egin gaituzte bi metroko tartea gordetzera, egun guztia maskararekin ibiltzera, Gabonetan gehienez ere sei lagun baino gehiago ez elkartzera, tabernak iluntzeko 8etan ixtera, gaueko 10etarako denok etxera batzea, kontzertuetan denak eserita egotera, garraio publikoan isilik bidaiatzera, elkarri ez besarkatzera, ez ukitzera! Gure askatasunaren kontra jo dute!

Barkatuko didazue fribolitatea. Baina aspaldi honetan jarrera berekoiak areagotzen dabiltzala eta iparra galdu dugula dirudi. Gauza garrantzitsuen zerrendara gehitu ditugula gure zilborrari begira ardura digutenak eta ahaztu ditugula gurea baino egoera askoz ere latzagoa bizitzen ari diren milaka eta milaka pertsona.

Izan ere, ni ere kexa ninteke zela gurasoak ez ditudan aurrez aurre ikusterik izan abuztua amaitu zenetik.

Gurean Gabonak suspenditu genituen arren, lurralde arteko mugikortasuna atzera debekatu dute, aukera eman barik amaren etxera hurbiltzeko. Berriz ere bukle batean bezala gabiltzala dirudi, soka askatzen diguten bakoitzean beste inorengatik arduratu barik gabiltza eta, ondorioz, atzera ixten gaituztenean, dena dela kexa eta zalaparta. Eta, ez dugula pentsatzen zein insolidarioak garen eta ardura zaiguna, batez ere, dela gu ondo egotea, nahi duguna egin ahal izatea.

Argi geratu bada zerbait pandemia honetan da ez gaudela prest, oro har, gure bizimodua aldatzeko, ezta gu baino okerrago daudenen mesederako bada ere.

Kategoria: Sailkatugabeak. Gorde lotura.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude