Marutegiko zubipetik: Asteleheneko Goienkaria, 2006-10-02

Amaitu dira urtero gure artean ikusmina
sortzen duten bi ikuskizun; bata atzo bukatu zen; Jeanne Moreau
Donostiako Zinemaldiko epaileen zuzendariak aurtengo film sarituak iragarri
zituenean, “Mon fils a moi” eta “Half moon“.
Bestea, berriz, egubakoitzean: Espainiako armadak maniobrak amaitu zituenean.
Horren bueltan aritu dira asteon egunkarietako albiste eta irratietako
esatarien komentarioak, besteak beste. Neuk, ordea, amari bisita egin diot eta
bestelako kontuak entzun ditut herrian: lehenengo zapatuko ordubietako
autobusaren kontura, Lurraldebusek autobus zerbitzua gehitu duela herrian;
bazen ordua! Eta gero, Moxeko kanpoaldean nintzela, koadrilako lagunekin,
oinezkoendako zubitik Marijo Garciak agurtu gintuen. Marutegiko zubia
izena dauka eta orduan galdera: zergatik Marutegi? Rakel Parraren
teoriaren arabera, “marujen topaleku” izan delako ingurua. Barregura eragin
zigun komentarioak; ona litzateke lantzean behin, kaleko berriemaileei
horrelako omenalditxoak aitortzea. Baina ez; Cristina Pavok herriko
toponimia moda-modan jarri zuenez, Marutegi lekuari berari omenalditxoa da
zubia. Hala ere, aitortu behar dut Rakelena hobea zela. Txutxumutxu zale asko
dago gurean; guztiok ere badugu gure kotillatxoa barruan. Niri esaterako, orain
dela pare bat aste kontatu zidaten Athleticeko lehendakari ohi Fernando Lamikiz
Klubeko jantzi denda bateko saltzaile batekin ateratzen dela. Egunero gertatzen
diren kontuak dira, baina ez didazue ukatuko baduela kontu honek morbo apur
bat, batez ere Sarriugartek zuzentzen hamaikakoaren klubak izan duen
azkeneko astebetea ikusita. Ba hori, neu ere Marutegiko zubiko klubera gehitu
behar naizela!

Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak , , | Utzi iruzkina

EHUko Leioako campusa / 2006ko irailaren 14ko goiza

Euria / egun tristea / Desolatio

*Ondoetorria, oraindik ere, kaleratutako irakasleek Resistiré hasta el fín!*

Parkina / iluntasuna / Beldurgarria

Haizea / hutsuneak / Leioako betiko hotza zutabe artetik

Gizarte Zientzien fakultatea / ikastetxe ohia Horixe idatzi dut gaur goizean, arrapalada baten, eskuan neraman koadernoan, Leioako campusean nire hitzorduaren zain nintzela. Urteak dira hara igo barik eta iritsi hala, ezer ez dela aldatu ikusi dut; dena berdin dago, oraindik. Leioako unibertsitateak beti eragin izan didan tristura berriz ere sumatu du gaur goizean. Zelako zatarra, desatsegina eta tristea den.

Baina, hara! Arratsaldean, Euskadi Irratiko Mezularia saioan Maite Artolak elkarrizketa egin dio Iñaki Goirizelaia errektoreordeari; uztaila ezkero, 2010ean amaituko dituzten lanak hasita dituztela eta campusaren sarrera bietan parking alternatiboak egin dituztela, campusa zeharkatzen duen errepide nagusia itxita dagoelako eta ‘plataforma’ apurtu dutelako han plaza bat egiteko asmoz.

Lanekin lortu nahi dutena ei da unibertsitatean bizitza egotea. Artolak esan duen moduan, filmetan ikusten ditugun EEBBko eta Ingalaterrako campusetako mugimendua igarriko ote dugu gero Leioan ere? Tira… filmetan ikusten den erdiarekin ere konformatuko nintzateke ni.

Eta, bestela, begiratu gaur goizean atera dudan beste argazkietako bat. Desolatio zioen Itoitzek sasoi baten eta lankide ohi Leire Kortabarriak (sasoi baten larrosak latan) horrela definitu zuen behin Arrasate Pressen Seber Altubeko plaza (Arrasate).

Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak | 2 iruzkin

Berriz ere bueltan

Udako oporrak amaituta depresio sasoia hasi dugu, baina ez etsi; gutxiago geratzen zaigu neguak zurituko digun azala eguzkitan erretzeko berriz ere eta urte osoan zain izango dugun paradisu partikularrera joateko. Nirea aurten Menorka izan da, astebetez. Gutxitxo nire gusturako, baina ni hara heldu nintzen egunean **Iñaki Gabilondo ikusi nuen bueltako hegazkina hartzeko zain. Barre txiki batek egin zidan ihes (intentzio txarrik ez zegoen, baina batzuetan gure iratxo gaiztoak gurekin dela gogorarazten digu).
Berriz bueltan gara eta badirudi gure politikariek gogoz hasiko dutela ikasturtea. EAJren zatiketaren urteurrena bete da eta EAko hainbatek orduan gertatutakoa eszenifikatu dute asteon. Esan didatenez
Iñaki Galdosek** ez du adierazpenik egin nahi izan Goienkarian; ez zait harritzen, datorkiona ez da-eta panorama erraza txantxikuarrarentzako.

Gaur baina Madrilera begira egon behar berriz ere; 18/98an auziperatuek euren kalbario partikularrari ekin diote. Maite Aristegik iragarri du mozioak aurkeztuko dituztela udaletxeetan. Argi dago: abuztuko oporrak ez dira panazea inorendako; uztaileko arazoak zain ditugu irailean eta gustatu ala ez, ekin egin behar lanari berriz ere. Tira, Aranbururi esker, Realak ez du galdu Athleticen kontra (gaitz erdi) eta saskibaloi zaleek mundial bikaina ikusteko aukera izan dute. Paul Gasol eta bere taldekideek futbolak espainiarrei inoiz eman ez dien oparia egin diete. Norbait poztuko zen!

Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak , | Utzi iruzkina

Putaseme mordoa San Mamesen

Domekan San Mamesen egon nitzan. Txuri-ordinez goitik behera joan nitzan Reala animatzeko asmoz. Athleticeko bazkide txartelarekin sartu nitzan gisa horretan eta atekoak irribarre egin zidan! Hortik aurrera irribarreak amaitxu ziran. Hura zen hura “putaseme” mordoa!

Udako oporraldiekin amaitzeko joan nitzan San Mamesera. Bixamonia Aste Nagusikua barik, han entzundako diarrena euki neban. Sekula pentsau be eneban egingo hainbeste “puta” dauanik gure artian bizitzen. Bazan abesti bat, eztaukat gogoan zeñena, esaten zebana “tanta puta y yo tan viejo”.
Haura zen diar mordua; eta jokalari guztien amak gogoan zale guztien ahotan! Lotsagarria!!!
Berriz ez nintzela bueltauko agindu notsan lagunari; bera, jakina, zuri-gorriz jantzita zihoan!

Azkenean, baina berdiketa etorri zan, joko aldetik eskasa izan zan partiduan (eztot nik esaten, futbol jokoaz gauza gutxi ulertzen dot eta). Giroagatik, morboagatik, joan nitzan ni Aste Nagusiko azkeneko egunean jokatu zen denboraldiko lehenengo derbira. Pozas kalean itzelezko giroa zeuan. Ailegau orduko Rafa Mungia be agurtu neban. Han zebilen mondragoetarra ETBrako elkarrizketak egiten, kokoteraino.
Tragoska pare bat hartu, Piratas Athleticeko peñarekin elkartu (Sestaoko Andoniren anaiak be ezagutu nitxuan) eta han joan giñan zelaira.

Guerrerori omenaldia egin zioten zuri-gorriek eta txuri-urdin taldetxo bat txistuka aritxu zan, inolako errespetu barik, jokalari mitikoari ohorezko aurreskua dantzatzen zioten bitxartian. Penia be emon zostan, hainbeste negar egin zeban jokalarixari agurra zela egin zotsen “betikoek”.

Gero penalti fantasmia etorri zan eta girua dezente ozpindu zan zalien artian. Tarte horretan guztian zihar 22 “putakume” (barkatu 23 gehi 2, arbitroa eta marrazainak ezingo ditxugu ahaztu) ari zien zelaixan gora eta behera, baloian atzetik. Nik behintzat besterik eneban entzuten!

Ba hori, azkenian partidua berdindu giñuala. Korrika alde egin giñuan trena hartzera eta etxera. Kamiseta txuri-urdina gorde egin dot. Iaz eta orain bi urte be jantzi neban San Mamesen, baina hurrengo urtian joango naizen dudan nago. Hainbeste amaren semeren artean enitzan batere eroso egon.

Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak | 6 iruzkin

Harribolak eta beste harrikada batzuk

Txingorradia

Txingorradia

Etzien izan oin dala egun batzuk ETBn esan zitxuen golf peloten tamainako harrixak, baina kolperen bat edo beste emoteko bai. Barikuan gure etxeko balkoian hartu giñuan txingor ekaitza bota zebanian. Jeraneoak be kendu egin bihar izan giñutzen, badaezpada! Han egon giñan auzoko dana balkoitik begira! Holakuetan bakarrik ikusten ditxut bizilagunak gaiñera. Gure kalia ezta balkoitik begira egoten dan auzotarren kalia. Kaliak berak kotilleatzeko parada emoten dau, tabernaz jositxa daolako, baina bizilagunok ez gara gure artian ezagutzen eta gutxi die (gara) balkoitik begira egoten animatzen garenak. Hori azalteko beste teoria bat be badaukat: kaleko etxien fatxaden egoera eskasa eta penagarrixa ez ikustia nahi izatia. Nahikua arrazoi da hori be. Ze, egixa esateko, Gernikaren erdi-erdixan gaen arren, dezente lastimosua da gure kaleko etxien itxuria!

Horrek pe, seguruenik, balkoitik begira egotera ez dau animatzen. Ondo egon litzake udal ordezkarixak, lantzian behin, herriko kalietan zihar pasatzia eta begiratzia zer hobetu leikien euren herrixan. Gernika, hain ezaguna eta esanguratsua, eta alperrik galduta!

Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak | Utzi iruzkina

Amuriza erretirau egin da

2001eko azaroan atera genduan Durangaldeko Anboto astekariaren lehenengo zenbakia. Aurretik taldetxo bat lanean aritu ginan, tartean Xabier Amuriza. Hari agindu geuntsan Durangaldeko euskara hutsezko astekari bakarrak erabili behar eban bizkaiera lantzea. Argi geunkan bizkaieraz jardun behar genduala –artean Euskaldunon Egunkariaren Bizkaia gehigarria bizkaieraz zan–. Hortaz, erabagi beharrekoa zana zan ia aldizkaria dana idatziko genduan bizkaieaz ala ez eta bestetik, Durangaldeko zortzi herrietan egiten dan bizkaiera bardin-bardina ez izakeran, ia nola egingo genduan euskaldun bizkaitar horiendako gertuko euskara topetako.
Holan ba, Amuriza izan genduan proiektua horretan euskara arduradun eta testuen zuzentzaile eta geu guzion euskara irakasle. Hori be aitortu beharra dago. Nik neuk, esaterako, bizkaiera egiten dan Gipuzkoako eskualdekoa izan arren, ikasi egin behar izan neban bizkaiera. Eta, oraindik gogoan daukat zebani “z” kendu notsanekoa lehenengoz. Zelako mina! Baina eban idazten erakutsi eustan Xabierrek eta baita gure testuen kalidadea hobetzen. Maixu parebakoa izan dot Xabier eta eskertu egin gura deutsot ardura hori bai eta Anboto aldizkariari egindako ekarpena. Bere egitekoaz gainera, berak “etxekoandre” deitzen eustanean, gaien tratamenduaz be arduratzen zan eta berriemaile be egiten euskun Andikona inguruko gaiekaz, bertso txapelketa jokatu zanean eta beste hainbat eta hainbat aldiz. Behargin aparta izan da Xabier eta lankide bikaina neretzat –eta Anboto lan talde osoarendako esatea be eztot uste gehiegi esatea danik–.

Orain erretiroa hartzea erabaki dau. Asko egiteko daukala dio eta “denbora gitxiago”. Adinez toketan jako erretiroa hartzea eta atzo Durangoko kafe antzokian egin genduan bazkari agurrean aitortu euskunez, “poz-pozik nago. Hau holan zanik ez neban esan be egingo!”. Merezitakoa dozu, esan neutsan eta berak “merezitaka ez dakit, baina aprobetxauko dotela seguru”.

Zorionak ba Xabier eta eskerrik beroenak gurekin izan dozun pazientzia guztiagatik. Maixu haundia izan zara niretzat. Zorte on izan dagizula zure etapa barri horretan!

Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak | Utzi iruzkina

Xabierren haserrea

Xabier Lapitz kazetaria entzun dut gidatzen lanera nentorrela. Radio Euskadiko irratsaioan SER kateak atzo bere Hora 14 albistegian esan zutenaren 32 segunduko ahots-kortea jarri du Lapitzek. Ostean, berriz ere esan du erabat hasarre dagoela Pablo Muñoz atxilotu izanagatik batetik, eta SER irrati katea izaten ari den jarrerarekin bestetik. Korte horretan entzun ahal izan dut nola PP alderdiak esan zuen atxiloketarik ez egitea hitzartu duela Zapateroren gobernuak ETArekin eta atzoko atxiloketak hori horrela ez dela erakustera datozela.

Lapitz SER irrati katean albistegien Euskadiko zuzendari izan zen, lanez aldatu aurretik. Nik kargu hori hartu zuenean ezagutu nuen; izan ere, Daniel Anido ordezkatu zuen berak kargu horretan, Anidok Madrilera joatea erabaki zuenean. Ni, berriz, Radio San Sebastianen praktikak egiten hasi nintzen.

Lapitzek esan du haserre dagoela SER irrati kateak duen jarrerarekin. Eta azaldu egin du gainera.
Azaldu du Marlaskak atxilotu zuenetako bat, Bidasoa eskubaloi taldeko kronikak egiten dituena, SER irrati kateak gestionatzen duen Irungo irratiaren lizentzia arduraduna dela. SER irrati kateak ez omen du hori azaldu eta ez zaio logikoa iruditzen kazetariari besteengandik esaten ari direnak esaten aritzea eta etxekoengatik txintik ere ez eta Lapitzek esan duen moduan “badirudi enbarazu egiten diela”.

SER irratia entzuteko ohitura izan nuen praktikak han egin nituenean. Nire izebak, Arrasatekoak, esaten zuen gehien-gehien gustatzen zitzaion irratia zela; eta ez, ni entzuteagatik, jakina. Gerora laga egin nion entzuteari, hein handi baten nire herrian oso gaizki entzuten zelako.
Geroago, eta ohe-lagunari kirol saioak asko gustatzen zaizkionez, domeketan askotan entzun izan ditut futbol emanaldiak eta bestelakoak, baina kito! Gabilondoren “extraordinario”, “magnífico”, “impresionante”, “de máxima importancia”, eta bestelakoko kalifikatzaileekin gogaitu egin nintzen eta desengantxatu egin nintzen.

Kontua da Lapitz entzun dudanean, gogoratu egin dudala sasoi hartan irrati horretan bizi zen giroarekin eta albisteak emateko orduan zaintzen zituzten arloekin. Neu ere haserretu egin naiz, berandu bada ere.

Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak | Utzi iruzkina

Gora San Fermin jaixak!!!!

Azkenian jakin dogu zer esan bihar zeban aurtengo San Ferminetako txupinazo jaurtitzaileak: Gora San Ferminak!
Ba, orduan Barcina alkatea konforme ez eta atzetik berak: “Gora San Fermin!”.

Baina Barcina alderea: ez al da gauza bera?

Polemikak sortzen ohituta dago Iruñeko alkate Yolanda Barcina eta gaur ere, uztailak 6, 2006ko San Ferminetako lehenengo eguna izan arren, bost ajola horri! Gaur be, bere udaletxeko (ze horixe usteko dau gainera) balkoia zela, txupinazoa jaurtitzeko ardura izan daben zinegotziak berba egin ostean, mikrofonua hartu dau eta iñok dudarik izan ez deixen, aurrekoak esandakoa argitxu nahi izan dau.

Ba nere uste apalian, hantxe plazan zien milaka eta milaka lagunek San Fermin jaixak ospatzeko asmoz egin dabe Iruñera erromesaldia, ze, santuak eztakix, baina jaixek deboto mordo mordua dauke!

Portzierto, ikusi dozue eitb24k preparau daben entzierruen gaineko infografia?

Eta, bestela, jarraitxu jaixak hemen

Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak | 2 iruzkin

Puntuak galtzeko arriskuaz

Nire kalterako izan daitekeen arren, aitortu behar dut, gaur ausartu naizela, lehenengoz, bide seinale guztiak betetzen. Ondorioz, hiru auto gidarik txakur aurpegiarekin begiratu naute nire autoa aurreratzeko aukera izan dutenean. Asteburuan ez naiz autoan ibili, beraz, ez dakit kontrol gehiago egon den ala ez. Gaur, ez dut bat bera ere ikusi eta gaur ere kilometro dezente egin ditut. Zapatu gauean Mundakako jaietara joateko taxia hartu genuen, baita bueltarako ere. Dani da gure taxi gidaria eta puntukako karnetaz jardun genuen Mundakara bidean. Berari ez zaio sistema gustatzen. Horixe esan zigun, behintzat. Baita gidari profesionalentzako beste sistemaren bat jarri beharko zuketela.

Baliteke, hein batenk,arrazoia izatea. Esan nahi dut, errepidean joan-etorriak egitetik bizi denarentzako, nahikoa estresantea izan daitekeela, arau guztiek betetzen gidatzea. Baliteke horrela izatea, baina Daniri esan nionez, ni dezente estresatzen naiz aspaldi honetan, errepidera ateratzen naizen bakoitzean. Aurrera eta izpiluetan begiratzeaz gainera, norberak egiten ditzakeen hanka sartzeak zaintzeaz gainera, atzetik datorkizunari adi egon behar duzu, aurretik doanari bistarik kendu barik, alboko bidetik sartuko denaz arduratu behar duzu eta hori gutxi balitz, bidegurutze guztietan, batez ere bidea emateko horietan, atzetik inork aurreratu ez zaitzan zaindu behar duzu (zelako amorrua ematen didan horrek!!!).

Beraz, espero dut, puntuak ez galtzeko beldurrak eraginda-edo, aurrerantzean errepidean aritzea errazagoa izatea eta estresa aldi baterako izatea; hau da, bide seinale guztiak errespetatzen ikasteko behar dugun denbora bakarrik izatea, ze, hori ere “asignatura pendiente” dela uste dut gidatzen dugun guztiontzako.

Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak | Utzi iruzkina

Zapatero ausartu da, behingoz

Azkenean egin du berba Zapaterok

  • Batasuneko Pernando Barrenak Arnaldo Otegin agerraldian egin bitartean Batasunaren bozeramaile legez adierazi zuen: “positiboa eta sakonera handikoa da (…) euskal herritarren erabaki librea errespetatzeko konpromisoa hartu duelako Zapatero presidenteak”.
    Zapaterok zera esan zuen: Berriak jasotzen duen moduan: “esan nahi dizuet gobernuak errespetatu egingo dituela euskal herritarrek askatasunez, legezko arau eta prozedurak, metodo demokratikoak eta herritarren eskubide eta askatasunak errespetatuta, eta inolako indarkeria eta mehatxurik gabe hartutako erabakia”.
  • EA-ko diputatu Begoña Lasagabasterrek ere hitz egin zuen eta Zapateroren mezuan “EA-k betidanik adierazi duen konflikto politikoa badagoela aitortu du gai politikoetaz negoziazio edo akordioa egon behar dela esan baitu”.

Esan du behingoz, hainbeste denbora zain egon garen zera hori: ETArekin hizketan egiten hasiko dela.
Horrelakoetan oso egokia den esaera bat erabiliko dut Garcia Marquezen liburuaren titulua parafraseatuz Iragarritako heriotza baten kronika ren ohiz kanpoko lekuko izaten ari garela sinestuta nago.
Eta, iragarritakoa den ezkero, ondo baino hobeto harildutako gidoiarekin betetzen ari dira alderdi guztiak. Zapatitosek egin du berea eta argi adierazi du gainera, ETArekin egingo duela. Eta, zertaz arituko den ere adierazi du argi eta garbi (hori ere bagenekien, zertan hitz egingo dute bestela). Eta lehenengo mailako aktoreak bailiran, ordezkari politikoak ere hasi dira taula gainera agertzen, bakoitzak, jakina, bere irakurketarik egokiena eginez. Hala ere ez dezagun ahaztu, aldez aurretik idatzitako gidoiaren kapituluak dira guztiak eta, ez gehiago esango nuke, elkarrekin adostutako gidoiaren eszenifikatzea izaten ari da:

Bai, baina Zapaterok esan zuen “gobernua ETArekin hizketa hasiko dela (…) arazo politikoak herritarren legezko ordezkariekin bakarrik konpondu behar direla dioen printzipio ukaezinari helduta”.

Eta, horrela beste hainbat eta hainbat adierazpen egon dira ordezkari politikoen aldetik. Eta gaur goizean ere hainbatek iragarri dituzte agerraldiak hedabideen aurrean. Hortaz, biharko egunkari guztiak ere adierazpenen bapo beteta kaleratuko dira.

Zapaterok egin du azkenean bere iragarpena eta orain udaldia datorrela aprobetxatuko du eta ez dio inori beste ezer esango; ez dio Espainiako gobernuburuak bestelako azalpenik emango inori, ETArekin egingo dituen edo jada hasi dituen elkarrizketa horien gainean. Eta, ni neu ere ados nago horrekin. Aurrerantzeko pelikula honetako gidoia ezkutukoa izan beharko litzateke, behintzat elkarrizketari dagokionez. Hala ere, Zapaterok ekintzak ere gauzatu beharko ditu eta hortxe presoen auzia sartuko litzateke taula gainera. Diskretuki, inor mindu barik, eta sortu daitezkeen (PP horren zain dagoelako) zalaparta guztiak saihestuz, udaldia sasoi ona da presoekiko erabaki batzuk hartzeko eta behingoz indarrean dagoen, baina betetzen ez den legea, betetzen hasteko.

Bueno, eta bide batez, Marlaskak gaur omen du Entzutegi Nagusiko 5. aretoko karguan azkeneko eguna. Eta, Zapatero auzitara eramateko astirik izango ote du super-star-epaileak?

Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak | Utzi iruzkina